Bizkaiko herritarren izenak direla eta, besteak beste, sopelar, sopeloztar (Sopelakoa) eta getxotar, getxoztar (Getxokoa) entzutea egokitu zait (eta 145. arauak ere hala dauzka jasota). Herritar-izenak osatzean, zer irizpide dira zuzenak -ar, -tar, -dar edo -oztar erabiltzeko?
Oso erantzun zaila du galdera horrek; izan ere, joera batzuk nagusi izan arren, ez dago lege zehatzik. Esaterako, Bizkaiko Uriberen mendebaldean -oztar erabiltzen da: berangoztar, dimoztar, sopeloztar eta abar. Orokorrean -ar amaiera dela nagusi esan genezake, nahiz eta XX. mendean asko zabaldu zen -tar atzizkiaren erabilera.
Inguruko hizkuntzetan ere berdintsu gertatzen da; esaterako, gaztelaniaz Valencia eta Palencia oso antzekoak izan arren, hango herritarrek gentilizio desberdinak dituzte: valenCIANO/palenTINO.
Herrialde bakoitzeko herritarren herritar-izenak arau batean baino gehiagotan daude: esaterako, Zuberoakoenak 92. eta 99. arauetan, Lapurdikoenak 108. arauan, Bizkaikoenak 145. arauan, etab. Denak kontsultatu daitezke Euskal Onomastikaren Datutegian ([EODA]). Irizpide nagusiak ere emanak daude 178. arauan.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Jatorria adieraztea: -ar/-tar/-dar, -ztar; -ko (espainiar filologia/literatura)" (JAGONET), "Jatorria adieraztea: -ar/-tar/-dar (Etxeberria anai-arrebak, etxeberriatarrak; Ganboa sendia, ganboarrak)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > adjektiboak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.