Zein da ondorengo hauen artean formarik egokiena: ezin dut hori egin / ezin dezaket hori egin / ez dezaket hori egin; ezin diot ulertu / ezin diezaioket ulertu / ez diezaioket ulertu?
Ezintasuna adierazteko forma horiek guztiak dira zuzenak eta egokiak.
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II, 461. or. liburukian, honela ageri da kontua: "... perifrasi egitura oinarriz hartu eta ezin eransten zaio (ezin naiz etorri, ezin dut egin, adibidez). Ahalezko adizkiekin eta ahal daramatenekin ez soila ere erabiltzen ahal da (ez dezaket egin, adibidez), ezin eta guztiko erabilera (ezin dezaket egin) lehenagokotzat jotzen bada ere”.
Ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: ahal izan (ez ahal da etorriko! / ez da etortzen ahalko) " (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan, ezin izan (joan ahal nintzen / joan nintekeen, ezin joan naiz / ezin naiteke joan)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan (ahal izan/izaten/izango, ahalko)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal (ahal naiz, ahalko naiz, ahal izan nintzen)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan (joan daiteke / joan ahal da / ahal da joan)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.