Argibideak nahi nituzke damu izan aditzaren erabileraz.
Euskaltzaindiaren Hiztegian [EH:damu izan] —baita Orotariko Euskal Hiztegian ere [OEH:damu izan]—, hiru aukera ageri dira: damu dut, damu naiz eta damu zait. Adibide-kopuruak eta esparru geografikoak ez dira, ordea, berdinak hiruretan.
DAMU DUT da erabiliena eta hedatuena, hiztegian ikus daitekeenez. Era askotara eman daiteke damu dut horren osagarria: izenarekin (damu izan bekatuez; damu izan hartutako nekea), partizipioarekin (damu izan ikasia / ikasi izana (Iparraldean -z instrumentala duelarik: damu izan ikasiaz, ikasi izanaz); aditz-izena (damu izan ikastea), gutxiagotan ageri bada ere. Badira beste forma batzuk ere: bait- (Damu baitut biotzetik [Orixe]), zeren bait- (Hotz-kolpe xoil bat galtzeaz zeren bailuke damu [S. Pouvreau])…
DAMU NAIZ aurrekoa baino gutxiago erabilia da; batez ere Iparraldean, eta XX. mendera arte, ez da ageri Hegoaldean. Beste erabileretan ikusten ez dugun ‘apenarse’ esanahia ere ematen zaio. Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetako konplementua izen-sintagma bat izaten da, -z instrumentalean emana (ezertaz, bizimodu lizunaz); baina Iparraldeko kasuetan -tzeko ere erabiltzen da. Bestela, inongo osagarririk gabe ageri da: damu naiz, damu zaitezte...
DAMU ZAIT ere jasota dago Orotariko Euskal Hiztegian (adibide gutxi, ordea). Horrekin batera damutu zait ere bai (Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio damutu zait aditzak sartua eta sartzea, biak onartzen dituela).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.