Arrunta al da (onargarria?) -(r)ik partitiboaren erabilera ezezko esaldietan, zenbatzaile zehaztugabe batek laguntzen duen sintagman? Esaterako, Ez dugu hainbeste arazorik izan / Ez dugu hainbeste arazo izan.
Ez, ez da arrunta partitiboaren erabilera gisa horretako ezezko esaldietan; askoz ere erabiliagoa da Ez dugu hainbeste arazo izan egitura.
Onargarria ala baztertzekoa den? Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiko datuen argitan, hobestekoa da partitiborik gabea: Ez dugu hainbeste arazo izan egitura da nabarmen nagusi bai Hegoaldean eta bai Iparraldean. Baina badira bestearen adibide bakan batzuk, Ez dugu hainbeste arazorik izan guztiz txartzat jotzen uzten ez dutenak: Bat txikia eta bestea handia izanik, ez da izango hainbeste kalterik (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak, I, 96. or.).
Horrez gainera, ikus hau ere: "Araugintza: partitiboaren erabilera" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.