Zuzenak al dira ikusia dut, ikusiak ditut bezalakoak?
Zuzenak dira, bai. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak, besteak beste, adibide hauek dakartza:
Muthilaren arabera, ikusiak omen ditugu etxeko ikusgarri guziak (J. Etchepare, Beribilez, 64. or.).
Parisen izana naiz Txillardegirekin eta berak bidalirik ikusiak ditut prestatu dituenak (K. Mitxelena, Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak, 175. or.).
Euskaltzaindiaren Hiztegikoak dira beste bi hauek: Ikusiak omen ditugu jauregiko ikusgarri guztiak. Telebistan ikusiak ditut surflariak olatu ganga baten azpian segundo amaiezinak pasatzen.
Ez da ahaztu behar, ordea, hor ditugula ikusia naiz, ikusiak gara eta gisako egiturak ere. Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiak dakartzan erakusgarri batzuk:
Ikusia naiz zer bizimodu zailla dan nekazalgoa (Orixe, Euskaldunak, 202. or.).
Horrelakorik ikusiak ginen lehenago ere, (K. Mitxelena, Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak, 195. or.).
Asko ikusia naiz, geroztik, nere bizitza luzean (Tx. Agirre, Garoa, 209. or.).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak-aditzak > partizipioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.