Zuzenak al dira bi formak: bizikletentzako bidea eta bizikletetarako bidea? Hala bada, zein da hobestekoa?
Bi horien artean, bizikletentzako bidea da egokia.
<ZERENTZAT + -ko> egitura dago hor sakonean, hauetan bezala: motorrentzako zirkuitua, betaurrekoentzako zorroa…
Bitxia egiten da bizikletetarako bidea moldea. NORAKO galdera legoke hor, eta hori ez zaio ondo egokitzen galderan aipatutako egiturari. Beste hauetan eta gisakoetan ondo dator NORAKO: kalerako arropa (kaleRA eramateko arropa), etxerako moduko laguna (etxeRA ekartzeko moduko laguna)…, baina ez galderan aipatzen den bizikletetarako bidea egituran.
NORAKO erabili beharrean ZERTARAKO (ZER EGITEKO) galdera erabiliko bagenu (betiere ekintza bat —aditz bat, alegia— dugularik), honela adieraziko genuke: bizikletaz IBILTZEKO bidea (ZERTARAKO BIDEA).
Horrez gain, ikus hau ere: "Helburua adieraztea: -rako, -rentzat /-tzeko (etxerako / etxearentzat / etxea erosteko)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak
Unitate-mota: hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.