Nola idatzi behar da azpi + izenburu elkarketa? Izan ere, Euskaltzaindiaren Hitz elkartuen osaera eta idazkera arauak zera dio: "lehen osagaia aurre-, azpi- eta gain- duten izen-elkarteak loturik idatzi behar dira".
Euskaltzaindiaren 25. arauak loturik idatzi behar direla dio, eta azpiegitura, azpimarra eta azpimultzo aipatzen ditu adibide gisa. Molde horretara eratuak dira hauek ere: azpiadar, azpibatzorde, azpienplegu, azpieuskalki, azpigarapen, azpijan…
Euskaltzaindiaren Hiztegian [EH:azpi-indize] arautu da, eta hortik ondoriozta liteke, beharbada, azpi-izenburu idatzi beharra. Hala ere, hortik ezin da ondorioztatu <i+i> gertatzen direnean beti marratxoz idaztekoak direnik. Adibidez, [EH:antiinperialista] ere ageri da (-ii-) Euskaltzaindiaren Hiztegian. Beste hiztegi batzuetan ere ageri dira beste hitz batzuk (antiinflamatorio, antiizoztaile, erdiireki, toxiinfekzio, sasiinstrukzio…), baina Euskaltzaindiak ez du gai hori erabaki.
Azpi- osagaiari gagozkiola, Euskaltzaindiaren Hiztegian bi kasu ageri dira, eta irtenbide ezberdina dute biek: [EH:azpidatzi], batetik (-i- batera ekarria elkarketa); eta azpi-indize, bestetik (marratxoaren bidezko elkarketa). Euskaltzaindiak oraindik arautu gabeko gorabehera da azpiizenburu/azpizenburu auziarena.
Bestalde, Terminologia Batzordeak azpiizenburu onartu zuen 2016an bibliotekonomiako terminologia landu zuenean. Horregatik, hala agertzen da Euskalterm terminologia-banku publikoan, baita azpiispilatze eta azpiizar ere meteorologiako eta astronomiako terminoetan.
Horrenbestez, Euskaltzaindiak besterik erabakitzen ez duen bitartean, Terminologia Batzordeak onartutako terminoa erabil daiteke: azpiizenburu.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > aurrizkiak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.