JAGONET galde-erantzunak

Aditzaren jokabidea: -arazi (lo eginarazi / lo eragin)

Nahasgarri gertatzen zait -arazi aditz elkartuetan. Zuzenak al dira hitz egin, lo egin, negar egin aditzen hitzarazi, lotarazi, negarrarazi, hitz eragin, lo eragin, negar eragin eta horrelakoak?

Jakina denez (23. araua), egin aditzetik eginarazi dator: alegia, ‘egitera behartu’. Bestalde, esanahi horrekin, elkarren sinonimoak dira eginarazi eta eragin.

Horiek horrela, egin daukaten aditz elkartuak eta -arazi batzen direnean, aukeran dauzkagu bata nahiz bestea erabiltzea, eginarazi eta eragin.

Galderako adibideetan, beraz, zuzenak dira hitz eragin, lo eragin, negar eragin eta gisakoak, eta zuzenak dira hitz eginarazi, lo eginarazi, negar eginarazi eta gisakoak; baina okerrak dira *hitzarazi, *lotarazi, *negarrarazi eta gisakoak. Izan ere, aditzoinari eransten zaio -arazi, ez lokuzioetako izenari (negar egin: negar eginarazi / *negarrarazi; hitz egin: hitz eginarazi / *hitzarazi).

Oharra: lotarazi hori zuzena da, baina beste esanahi batekin: lotu aditza denean; orduan, ‘lotzera behartu’ esan nahi du.

Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: eragin/-arazi <izena + egin> egituretan (negar eginarazi / negar eragin…)" (JAGONET), "Lexikoa: lo eginarazi, lokarrarazi, loarazi; lotarazi" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: eragin, -arazi " (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: -arazi (sorrarazi/*sortarazi; agerrarazi /*agertarazi)" (JAGONET).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza

Unitate-mota: hitzak-aditzak, lokuzioak/kolokazioak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper