Zilegi al dira <izenordain posesiboa + –koi, –keria> moldean eraturiko hitzak?
Euskaltzaindiak ez du arautu kontua, baina sistemaren ikuspuntutik ez dago eragozpenik bide hori erabiltzeko.
Molde horretako batzuk jasota daude Euskaltzaindiaren Hiztegian (egoista eta egoismo mailegu sinonimoekin batera), bai adjektiboak (nirekoi, berekoi, zeurekoi, geurekoi), bai haietatik eratorritako izenak ere (nirekoikeria, berekoikeria, zeurekoikeria, geurekoikeria). Beste batzuk ez dira ageri, gutxi erabiliak ez baitira jasotzen.
Hiztegian ez dira denak sistematikoki jaso —arautu gabeko auzia izaki—: batzuk forma arrunten gainean osatutakoak dira (nirekoi), eta beste batzuk bihurkarien gainean (berekoi, zeurekoi…).
Horrez gain, ikus hau ere: "Lexikoa: berezko, geurezko, neurezko " (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.