Nor-Nori-Nork kasuetan, Nor hirugarren pertsona ez bada, nola osatzen da aditz laguntzailea? Adibidez: Nik zu poliziari…
Egia esan, oso bitxiak dira egitura horiek euskaraz. Hain bitxiak, non literatura-tradizio osoan ia erabili ere ez baitira egin (eta ageri diren bakanak literatura zaharrean ageri dira).
Arazoa aipatua dago 78. arauan (683. or.); adibide batzuk ere jasotzen dira: zuk ni hari eraman naiozu eta abar. Ez gehiago. Patxi Altunaren Euskal Aditza. Batua? Baturakoa liburuan (Etor, 1971) ere aipatzen da auzi hori (66. or. eta hurr.).
Objektua 3. pertsona ez den kasu horietarako ez dago paradigmarik: Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II (EGLU II) liburukian ez dira jaso. Baina, dirudienez, erabili behar handirik ere ez dago.
Objektua 1. edo 2. pertsona bada, bestelako egitura batzuetara jotzea da ohiko baliabidea. Datiboko sintagma kentzea, adibidez: Txominek alkatearen aurrera (alkatearengana) ekarri nau, Poliziaren eskuetan utziko zaitut, Polizia-etxera eramango zaitut edo horrelako zerbait.
Komeni da jakitea, bestalde, gaur egun aditz-mota adierazteko, da/zaio/du/dio moldeak erabiltzen direla garai bateko Nor, Nor-Nori, Nor-Nork eta Nor-Nori-Nork ohikoen ordez.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.