Zein da forma zuzena, etortzean esango dizut ala etortzerakoan esango dizut?
Euskaltzaindiak ez du auzi horretaz ez araurik ez gomendiorik eman. Baina aztertuta dago Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 36. or. liburukian, eta han ageri dira irizpen nagusiak. Haien harira, galderako adibide biak dira ontzat ematekoak.
Denboraren aldiberekotasuna adierazten dute bai -t(z)eanek, bai -t(z)erakoanek. Hauxe da aldea:
a) -t(z)ean moldea, ez-markatua edo orokorra denez, aldiberekotasunaren une guztietan da zilegi.
b) -t(z)erakoan gertakariaren hasierako uneko aldiberekotasuna adierazteko erabiltzen da; murriztaileagoa da, beraz (nahiz gaur egun forma honen aldeko gehiegizko lerratzea sumatzen den).
Horrez gain, ikus hau ere: "Denbora adieraztea: -tzean/-tzerakoan (egitean/egiterakoan, jaikitzean/jaikitzerakoan)" (JAGONET).
Argibide gehiago behar izanez gero, jo hona: "-t(z)ean, -t(z)erakoan (-takoan)" (EBE).
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > denbora
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.