Badakit bost mila lagun inguru bildu ziren zuzena dela; baina, NORK kasuaren marka jarri behar izanez gero, zein hitz deklinatu behar da?
Tradizioan ez da ageri egitura hori NORK kasuan erabilita. Esapide adberbiala da, oinarrian; horregatik ez da erabiltzen ergatiboan (NORK kasuan) eta datiboan (NORI kasuan). Beste hainbeste gertatzen da -tik gora esapidearekin. Ergatiboa (NORK) behar izanez gero, beste esapide batzuk erabili ohi dira: bost bat mila lagunek ikusi dute / gutxi gorabehera bost mila lagunek ikusi dute / bost mila lagunek edo ikusi dute.
Hala ere, azken urteetan zabaldu da inguru ergatiboan ere erabiltzeko joera. Erabilera horretan, inguru hitzak hartzen du ergatiboaren marka: Iaz mila lagun inguruk jo zuten udal bulegoetara, Bost mila lagun inguruk ikusi dute.
Ikus hauek ere: "Kuantifikazioa adieraztea: -tik gora (80 lagunetik gora / 80tik gora lagun)" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: inguru (hamar urte inguru)" (JAGONET), "Denbora adieraztea: orain… inguru (orain hogei bat urte inguru)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.