Latinezko esapideak deklina al daitezke euskaraz? Eta deklinatzekotan, zein da idazkera zuzena: komatxoak, marratxoa...? Adibidez:
Lantegi gehienetan "curriculum vitae" eskatzen dute.
Almeriaraino joan ondoren, senideei "vis a vis"-a galarazi diete.
"Modus vivendi" eskasa dago hor.
Egiteko modu "sui generis" bat erabiltzen du Mikelek.
Gutunaren azken aldean "nota bene" bat ezarri zidan.
Latinezko esapideak deklina daitezke euskaraz, jakina; baina Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki horrelakoen ortotipografiari buruz. Beraz, aukeran dago marratxoa erabiltzea edo komatxoak, nahiz eta egokiagoa izan, agian, letra etzana erabiltzea. Honela, adibidez:
Lantegi gehienetan, curriculum vitaea eskatzen dute.
Almeriaraino joan ondoren, senideei vis a visa galarazi diete.
Modus vivendi eskasa daukate hor.
Egiteko modu sui generis bat erabiltzen du Mikelek.
Gutunaren azken aldean nota bene bat ezarri zidan.
Besterik da latinezko esapideak erabiltzea beharrezkoa den ala ez, testuaren arabera: hori estilo-arazoa da, norberak (edo enpresako estilo-liburuak) erabaki beharreko auzia. Goiko horiek honela ere eman litezke:
Lantegi gehienetan, curriculuma eskatzen dute.
Almeriaraino joan ondoren, senideei elkar ikustea (edo aurrez aurre egotea) galarazi diete.
Bizimodu eskasa daukate hor.
Gauzak egiteko modu berezia dauka Mikelek.
Gutunaren azken aldean ohar bat ezarri zidan.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > erdal izenak, ortografia > marka tipografikoak
Unitate-mota: karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.