Iragarkietan honelakoak entzuten ditut: (...) kendu bainuontzia eta dutxa jar ezazu 8 orduan.
Zergatik singularra, eta ez mugagabea: ordutan?
Euskaltzaindiak araua emana du iraupena tartean dagoenerako (110. araua). Honela dio zehazki arauak: “(...) mugagabea erabiltzea zilegi izanagatik, mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, inesiboaren (non kasuaren) bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean. Adibidez:
Hiru astean asko hazi da haurra.
Hiru urtean ikasi du euskara.
Lau urtean lan egin du Afrikan.
Eta halaxe da bai zenbatzaile zehaztuekin: hiru astean egon zen han, hiru urtean ikasi du euskara, bost egunean falta izan da, lau hilabetean egin zuen lan...; bai zenbatzaile zehaztugabeekin ere: denbora gutxian egon da baloia jokoan, hainbat urtean, hainbeste hilabetean, zenbait egunean, urte askoan!...
Nolanahi ere, hala baitio arauak berak, zilegi da sintagma mugagabea ere, molde arrunta baita ekialdean: hainbeste hilabetetan eta zenbait hilabetetan.
Zernahi dela ere, izan kontuan, bestalde, iraupena inesiboan ez ezik (hiru ordu(t)an hitz egin), absolutiboan (nor kasuan) eta instrumental mugagabean (-z) ere eman daitekeela:
hiru ordu(t)an egon hitz egiten
hiru ordu egon hitz egiten
hiru orduz egon hitz egiten
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbakiak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.