Zergatik aldatzen dira hainbeste arauak? Zergatik aldatu dira lehendik finkatuak zeuden egitura edo idazkera batzuk? Esaterako: eritzi/iritzi, bait naiz / bainaiz, bapatean/bat-batean, batez beste / batezbeste…
Ez du oinarririk Euskaltzaindiak arauak etengabe aldatzen dituelako usteak. Euskaltzaindian oso gauza gutxi aldatu dira; salbuespenak dira halakoak.
Garai batean, era askotako hiztegietan aurkitutakoa Euskaltzaindiaren erabakia zela pentsatzeko joera zegoen. Adibidez, eritzi irakurri hiztegi batean eta uste izatea hori Euskaltzaindiak erabakia zela. Baina Orotariko Euskal Hiztegia etorri, eta tradizioan iritzi esan dela ikusi zen; hortik abiatuta arautu zuen Euskaltzaindiak iritzi, baina ez zuen lehenagoko erabakirik aldatu, lehenagotik ez baitzegoen erabakita. Orobat, garaitsu horretan, idazle batzuek hatxerekin erabiltzen zituzten arautu gabe zeuden auzo edo ibai hitzak —eta ohitura hori nahiko hedatu zen—, harik eta behin betiko arautu ziren arte; baina orduan ere ez zen ezer aldatu: finkatu gabe zegoena arautu zen. Gertatu izan da eta gertatzen da irakurle batek liburu batean bolondres edo erabakior hitzak ikustea, esaterako, eta pentsatzea horiek direla erabili beharrekoak; baina Euskaltzaindiak esana du boluntario eta erabakigarri direla forma batu egokiak…
Eguneroko lana da estandarizazioa, hizkuntza guztiek egin behar izaten dutena. Areago gertatzen da hori euskararen kasuan, batasunerako eredua ez baitu guztiz eta erabat amaitua. Horrek denbora eskatzen du, eta corpus arautua zehaztea. Euskaltzaindiak, hizkuntza-erabakiak hartzeko, bi bide hartzen ditu kontuan: zein erabilera den nagusi erabakia hartu behar duenean eta zein izan den literatura-tradizioko erabilera.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: ahoskera, morfologia, lexikoa, ortografia, sintaxia
Unitate-mota: hitzak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.