Egokiak al dira era honetako egiturak?:
Sentimenduei baino emozioei egin behar zaie jaramon
Erlijioa norbanakoaren barruko joera da, gizartearena baino.
Ez dira egokiak era horretako esaldiak; izan ere, baino konparazio-elementua sartzen bada, ezinbestekoa da -ago ere ematea. Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 409. or. liburukiak, era horretako esaldiei buruz, honela dio: “Dena dela, esamolde hauek osorik ematea askoz egokiago eta gomendagarriago dela esan behar“.
?? Telebistak urdailera zuzendu behar du burura baino.
Telebistak urdailera zuzendu behar du burura baino areago/gehiago.
Bi maila, bi gradu konparatzen dira hor, eta esaten da telebistak ‘maila batera’ (urdailera) gehiago zuzendu behar duela ‘bestera’ (burura) baino.
Ondorioz, galderako adibideek ere ukitu beharrekoak dira; bestela, perpausa herren gelditzen da, ez baita adierazten zertaz egiten den konparazioa. Honela behar lukete: Sentimenduei baino areago/gehiago emozioei egin behar zaie jaramon. Erlijioa norbanakoaren barruko joera da, gizartearena baino areago/gehiago.
Jakina, maila alderatu ordez, egin liteke perpaus bata baieztatu eta bestea ukatu (eta orduan ondo daude): Telebistak urdailera zuzendu behar du, eta ez burura. Sentimenduei ez, emozioei egin behar zaie jaramon. Erlijioa norbanakoaren barruko joera da, eta ez gizartearena.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > perpausak
Unitate-mota: joskera > hitz-ordena, perpausa > konparazioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.