JAGONET galde-erantzunak

Emendioa adieraztea: komunztadura juntaduran

Komunztadura emendiozko perpaus juntatuetan; hauxe dator Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV, 49. or. liburukian: "Emendiozko juntadurak aditza plural-komunztadura hartzera behartzen duela esan daiteke oro har".

Hala ere, salbuespen batzuk egiten dira, horien artean izen-sintagma abstraktuak juntatzen dituzten perpausak Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV, 53. or..

Abstraktuak soilik? Bazkaria geuk egingo dugu, zuek ogia eta ardoa ekarri behar duzue esaldia zuzena al da? Deskribapenetan, adibidez: Serafin hartza... ugaztuna, 16 cm inguru luzeko gorputza eta 20 cm-ko isats orakorra duena. Horrelakoetan, singularra nahiz plurala erabil al daiteke?

Bai, biak erabil daitezke.

Aipatutako lehen adibidean, juntagaiak multzo modura ere har daitezke, eta orduan singularra ere zilegi da: (…) zuek [ogia eta ardoa] ekarri behar duzue.

Bigarren adibidean, komunztadura singularrean eginez gero, ahoz intonazioa desberdina izango litzateke, etena eginaz: 16 cm inguru luzeko gorputza / eta 20 cm-ko isats orakorra duena. Bestela esanda, ulertuko genuke juntagaiak erlatiboko perpausak direla baina lehenengoan aditza isilpean utzi dela: 16 cm inguru luzeko gorputza (duena) eta 20 cm-ko isats orakorra duena.

Horrez gain, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: komunztadura (ospe eta entzutea ez da behar adinakoa)" (JAGONET).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura

Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak > determinatzaileak, hitzak > juntagailuak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper