Zein da beste determinatzailearen forma mugagabean? Besteetaz?
Beste determinatzailea izenordain gisa erabiltzean, zertaz?/nortaz? galderari erantzuteko forma bestez da: Bestez ari zara gehienbat, ez zeure buruaz eta zuretar hurkoez (EH, zuretar sarrera). Ez iritziak ez usadioak —euskalkiz eta bestez— ez baitatoz bat zenbaitetan ("bat zenbatzailea" (EBE)). Literaturaz eta bestez berak idatziak direla (Juan Garzia). Moraurekin batera, literaturaz eta bestez (Berria). Toponimia eta dialektologiaren arteko harremanen inguruan Artaxoako jabego genitiboaz eta bestez (Fontes Linguae Vasconum, P. Salaberria).
Instrumentalean, beste-ren hiru formak, beraz, hauek dira euskara baturako: besteaz (sing.), besteez (pl.), bestez (mugag.) (ikus goragoko adibideak); eta ez *besteetaz (ez pluralean, ez mugagabean): Hartu nuen koilara esku batez eta furtxeta besteaz ([EH:furtxeta]). Hirugarren pertsonaz ari gara, ez besteez (Euskararen Gramatika).
Beste-k mugagabean hartzen ditu kasu-markak determinatzaile ez baizik eta izenordain-edo denean, bai eta galdetzaileen ondoan edota eta beste esapidean erabiltzen denean ere (Azken kasu horretan, pluralean ere erabil daiteke, baina esanahia aldatzen da: Ander eta besteak ≠ Ander eta beste). Mugagabeko formak hauek dira: bestek, besteri, besteren, bestez, bestetan, bestetara…: Nork bestek egingo du? San, santu, done eta besteren erabilera.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.