Non eta nola erabiltzen da -(e)na? Adibidez: Badakit etorri dena.
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 67. or. liburukiak dakarrenez, -(e)na batik bat Bizkaian erabiltzen da -(e)la menderagailuaren ordez horrelako moldeetan. Bestalde, ez da edozein testuingurutan agertzen. Horregatik, zein motatako aditzekin erabiltzen den aipatzen du liburukiak (aditu, aitortu, erakutsi, ezagutu, gogoratu, gomutatu, igarri, ikusi, jakin, sinetsi, susmatu...), zaila baita hortik aurrera joatea. Beste predikatu hauekin ere erabili izan da -(e)na menderagailua: egia izan, ezagun izan, gezurra izan, itxura ukan, jakina izan, seguru egon/izan, zer esanik ez, zalantzarik gabe, bistan egon…
Adibideak:
Ikusi dugu kristaua zarena.
Erakuts dezagun geure berba guztietan egiaren seme-alabak garena.
Ezagun da gaztea zarena.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.