Nola erantsi behar zaizkie kasu-markak bodyboard eta surf skate hitzei?
Surf skate izenari dagokionez, bi hitzak ([EH:surf] eta [EH:skate]) arautuak ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak; beraz, hala izanik, kasu-marka eranstean ez dago marratxoa sartzeko arrazoirik, euskal hiztzat hartu behar baita: ‘surf skatea’ da idazkera zuzena.
Bodyboard hitzari dagokionez, Euskaltermen badago jasoa, baina ez Euskaltzaindiaren Hiztegian. Hala denez gero, marratxoa aukerakoa da kasu-markak jartzeko orduan, Euskaltzaindiaren 184. arauak dioenez. Erabileran ikus dezakegu batzuetan marratxoarekin eta bestetan gabe agertzen dela bodyboard hitza kasu-markekin lotua. Esaterako, Euskaltermen, marratxoarekin lotuta ageri da atzizkia bodyboard-eko hegalak terminoan. Eta komunikabideek (Berria, EITB...) orokorrean marratxorik gabe eransten dizkiote atzizkiak (bodyboarda: Aletak, bodyboarda eta uretako jantzia; Bodyboardlari zumaiarrak ez dauka argi munduko zirkuituko zein txapelketa egingo dituen.
Beraz, surf skatea, surf skateak, surf skatean…, eta bodyboard-a/bodyboarda, bodyboard-ak/bodyboardak...
Data: 2025-01-22
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: ortografia > marratxoa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.
