Zein da esaldi honen esanahia?: Egingo dut, egingo dudanez!
Egingo dut, egingo dudanez esaldian, -(e)nez menderagailuarekin osatutako egitura enfatikoa dugu. Hau da, Egingo dut, egin(go) ere! egituraren parekoa da -(e)nez menderagailuarekin osatutakoa. Beraz, bigarren perpausarekin, nolabait berretsita geratzen da perpaus nagusiko ekintza (“egingo dut”).
Molde horretakoak dira esaldi hauek ere: Ederki ordainduko duzue, ordainduko duzuenez! (= Ederki ordainduko duzue, ordaindu(ko) ere); Bolada txarra etorri zaigu, etorri zaigunez! (= Bolada txarra etorri zaigu, etorri ere); Ikasiko duk, ikasiko duanez! (Ikasiko duk, ikasi(ko) ere!). Gorriak ikusi zituzten, ikusi zituztenez! (…, ikusi ere!).
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.