JAGONET galde-erantzunak

Elkarrekikotasuna adieraztea: elkar / bata bestea

Zein da zuzena elkar maite dute’ esateko: batak bestea maite du / batak bestea maite dute / bata bestea maite dute…?

Batak bestea maite du esaldian, egile bat daukagu (Batak) eta jasaile bat (bestea); alegia, subjektu bat (batak) eta objektu bat (bestea), eta ondorioz aditza singularrean ematen da (ez dago elkarrekikotasunik); baina bada elkar izenordainaren balioko bata beste- egitura finkoa ere, eta orobat batak beste- egitura ere. Hartara, maiztasunak gorabehera, egokiak dira beste bi esaldiak ere, biak ’elkar maite dute’ baliokoak: Bata bestea maite dute, Batak bestea maite dute (aditza pluralean).

Hona adibide batzuk OEHtik:

bata beste-

- Agurtu zuten elkar, hitz onak emanaz bata besteari.

- Auzoek bata besteari txandan lagundu beharra izaten zen.

batak beste-

- Batak besteari bizkarra eman zioten.

- Batak besteari egiten dizkieten txakurkeriak.

OEHren arabera, bigarren moldea (batak besteari) ez da oso erabilia, baina hori ere ageri da testuetan Etxeparez geroztik.

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, morfologia > zenbatzaileak

Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenordainak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper