Zein da forma zuzena: gozoa ala goxoa? Alegia, nola behar luke esaldi honek?: Sagu batek gazta eder bat aurkitu zuen. Gozoa/goxoa zegoen alajaina!
Biak dira zuzenak, Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daitekeen bezala [EH:gozo], [EH:goxo]. Aldea honetan dago: gozo balio neutroko forma da, eta goxok balio adierazkorra du; alegia, goxok hiztunaren egoeraren, sentimenduaren, ñabarduraren, balioespenaren ukitua darama. Hiztunak erabakitzen du ―testuinguruaren arabera― hitzari balio adierazkorra eman nahi dion ala ez. Ez da zuzentasun-kontua, egokitasun-kontua baizik:
Eztia bezain gozoa / Eztia bezain goxoa.
Pastela gozoegia zegoen / Pastela oso goxoa zegoen.
Judasen musua / Semetxoaren muxua.
Nora hoa zentimo batekin / Nora hoa xentimo batekin
Gizon bat agertu zen / Gixon bat agertu zen.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra, ortografia > grafiak
Unitate-mota: hitzak > adjektiboak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.