Aldaketa egon da duela gutxi hiztegian: diru(-)laguntza > dirulaguntza. Horrek zer esan nahi du, diru-sarrera eta gisakoak ere molde berriaren arabera idatzi behar direla (alegia, dirusarrera)?
Ez. Salbuespentzat hartu behar da dirulaguntza.
Euskaltzaindiaren Hiztegian azpisarrera dira, besteak beste, honako molde hauek: diru(-)egarri, diru(-)etxe, diru(-)iturri, diru(-)sari, diru(-)zorro…; adibideetan ere era horretako moldeak ageri dira: diru(-)nahi, diru(-)iturburu, diru(-)kutxa, diru(-)truke… Bide horretatik, hortaz, diru(-)sarrera da galderan ageri den adibidearen moldea ere; eta, gainera, [EH:diru] sarreran, diru-sarrera, diru sarrera azpisarrera dago.
Data: 2023-01-30
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, ortografia > marratxoa, ortografia > zuriuneak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.