Entitate batetik informazioa heldu zait, eta bertan, "zertan dautza" esapidea dator idatzita, nik “zertan datza” idatziko nukeen tokian. Ondo al dago hura? Erabil daiteke?
Datza eta dautza, forma biak, zuzenak dira. Etzan aditzaren forma trinkoak dira. Diferentzia da 3. pertsona singularraz ala 3. pertsona pluralaz ari garen. Ikusi hemen: Euskal Aditz Batua 111. or.
Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideak dira hauek: Zertan datza bat-bateko bertsogintzaren erakargarritasuna? Bekatari guztiak, graziaren bizirik gabe, hilik dautza (*datzate). Lurpean lo dautza (*datzate) gure arbasoak. *datzate forma ez da arauzkoa.
Auzia erdarazko '¿En qué consiste(n) la(s) pregunta(s)?' (es) / 'En quoi consiste(nt) la/les question(s) ?' (fr.) formek eragindakoa baldin bada, irudizko erabilera horretan bi moldeak ondo daude: Zertan datza aldaketa? / Zertan dautza aldaketak?; Zertan datza euskara-plan hau? / Zertan dautza euskara-plan hauek?
Data: 2024-07-15
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, morfologia > mugatzaileak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > trinkoak, hitzak > determinatzaileak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.