Josu eta bere lagunak ez ziren horretaz konturatu esaldia gaizki al dago?
Teoria gramatikalaren arabera, Josu eta haren lagunak jarri beharko genuke, baina horrek ez ote garamatza anbiguotasun posible batera? Alegia, ulertzera Josu eta beste pertsona baten lagunak esan nahi dugula...
Esaldiaren erreferentzia EIMAren estilo-liburuko Patxi Petrirenaren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburutik hartua dago Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (EIMA), 100. or..
Josu eta bere lagunak ez ziren horretaz konturatu esaldia egokia da. Hegoaldeko tradizioan hori horrela esan izan da eta esaten da; Iparraldekoan ohikoagoa da haren lagunak agertzea.
Euskaltzaindiak ez du araurik eman auzi honetan. Hizkuntza idatzi bateratuari begira estilo-liburu eta gramatika batzuen hautua baino ez da haren genitibo arruntaren aldeko proposamena.
Galderan aipatzen den anbiguotasun-arriskua bistakoa da, baina Petrirenak berak eskaintzen du alternatiba era horretako bikoiztasun-zalantza sortzen denerako: bera berretua erabiltzea. Josu eta beraren lagunak ez ziren horretaz konturatu.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak
Unitate-mota: hitzak > izenordainak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.