Egia al da behi-esnea eta haren moduko hitz elkartuetan marra erabiltzera jo behar dela, behi esnea eta halakoak erabili beharrean?
Euskaltzaindiak ez du halakorik esan. Aukeran daude biak eta maila berean. Izan ere, "Hitz elkartuen osaera eta idazkera" izeneko 25. araua da (II.4. puntua) indarrean dagoen araua. Eta, gainera, Euskaltzaindiaren Hiztegian, galderan aipatzen den [EH:behi] sarreran ez bada ere, kasuistika ortografiko bera duen [EH:esne] sarrerako azpisarreretan argi ikus daiteke bi moldeak ―marratxoarekin ala gabe― zilegi direla: esne behia eta esne-behia.
Beste kontu bat da gizartean zer ohitura ari d(ir)en errotzen. Esparru batzuetan, marratxorik gabekoak hartu du aurrea (hedabideetan, literatura-munduan…); beste batzuetan, marratxoa jartzearenak (zientzia-munduan, ikasliburuetan…).
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, ortografia > marratxoa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.