Zein da forma egokia: sentiarazten gaitu ala sentiarazten digu?
Egituran dago gakoa; alegia sentiarazi-k erantzuten dion galdera zein den: NOLA sentiarazi gaituen ala ZER sentiarazi digun.
Horrek isla du aditzaren argumentu-kopuruan. [EH:sentitu] aditza da (NOR) sailekoa izan daiteke: Indarberritua sentitzen naiz; eta du (NOR-NORK) sailekoa ere izan daiteke: Udazkeneko hotzikara sentitzen dugu gorputzean.
Da sailekoak du bihurtzen dira -arazi hartzean, eta du erakoak dio. (43. araua)
Galderako esaldia lehen adieran ulertzen bada (da saileko, alegia), -arazi eranstean, du bihurtzen da: sentiarazten gaitu (norbaitek sentiarazten gaitu gu (gu objektu zuzena da). Era horretara moldatua da, esaterako, honako hau: Ondo sentiarazten gaitu (‘hark gu’). Gisa horretakoak dira hauek ere: Gustura sentiarazten nau beti. Penaturik sentiarazi gaitu. Sentiarazi aditzarekin sortutako esaldiek NOLA galderari erantzuten diote.
Bigarren adieran ulertzen bada (du saileko adieran, alegia [guk sentitzen hotzikara]), -arazi eranstean, dio bihurtzen da: sentiarazten digu (norbaitek sentiarazi guri (zehar-objektua) hotzikara (objektu zuzena)). Era horretara moldatua da, esaterako, honako hau: Hark amorrua sentiarazten digu. Gisa horretakoak dira hauek ere: Ondoeza sentarazi digu albisteak. Usainak sentiarazten dit bazterren ederra. Pena sentiarazi digu. Molde horretakoetan, sentiarazi aditzarekin eratutako esaldiek ZER galderari erantzuten diote.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > komunztadura
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.