◦ NANa dokumentu espezifikoa da (nortasun-agiri nazionala), bat eta jakina. Espainolezko DNIaren (documento nacional de identidad) ordaina; eta frantsesezko CNIarena (carte nationale d’identité). Hala ageri da Euskaltzaindiaren 196. arauan.
◦ NA (nortasun-agiria), aldiz, molde generikoa da; pertsonaren nortasuna egiazta dezakeen dokumentu ofizial bat edo beste izan liteke (pasaportea, gidabaimena…). [EH:nortasun-agiri]
◦ Sigla batzuk izen berezien ordezkoak izaten dira (EUTG, EUDEL, AEB…), eta ez dute artikulurik hartu behar: Hori EUTGren erabakia da. EUDELek erabaki du. AEBk presidente berria du.
◦ Beste batzuk, berriz, izen arrunten ordezkoak dira (BEZ, CD, PC, NAN…). Beste edozein izen arruntek bezala hartzen dute artikulua, eta, ondorioz, absolutiboan (NOR kasuan, alegia) artikulua dagokie (baita inprimaki, zerrenda eta antzekoetan ere):
DNI/CNI/NANa; NANa berriztatzera joan behar dut; NANarekin etorri behar da.
IVA/BEZa; BEZa barne; BEZa gehitu behar zaio.
Non grabatua da CDa?
Bi PCak hondatu zaizkit.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, ortografia > siglak/akronimoak
Unitate-mota: hitzak > siglak, karaktereak > laburtzapenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.