Ahalerako aditzei –(e)la subordinazio-atzizkia nola gehitzen zaien jakin nahi dugu: Badakizue deabruak mila forma har ditzakeLA/ditzakeELA.
Ditzakeela da forma zuzena. 78. arauan dago horren erantzuna (sarrera-oharretan, 4.ean): -ke + -(e)la > -keela. (Ahaleran forma guztiek dute -ke bukaera). Beraz, ditzakeela (ditzake + -(e)la), dezakeela (dezake + -(e)la)…
Era horretako hots-uztartzeak, nolanahi ere, ez dira ahalerako adizkiekin bakarrik gertatzen, baizik eta adizkiak bukaeran -ke duen guztietan (baldintza-ondorioetan ere gertatzen dira: litzatekeela, genukeela…) eta edozein dela -ke-dun adizkiari eransten zaion menderagailua: -(e)n, -(e)nez, -(e)la(ko)…: dezakeen, dezakeenez, ditzakeen, ditzakeenez, dezakeelako, ditzakeelako…; litzatekeen, litzatekeenez, litzatekeelako…, genukeen, genukeenez, genukeelako…
Adizki-molde horietako hots-uztartzeak, hala ere, ez dira nahastu behar alokutibokoekin, haietan bikoizterik ez baita egiten: (naiteke >) naitekek/naiteken (*naitekeen), (nakioke >) nakiokek/nakioken (*nakiokeen), (luke >) likek/liken (*likeen)…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.