Erdal hitzek (smartphone, WhatsApp… eta gisakoek) kasu-markak nola hartu behar dituzte?
Galderan ageri diren hitzak honela ematekoak dira idatziz:
- Izen berezi modura hartzen bada (hala da aplikazio modura hartzen denean): WhatsAppek ~ WhatsApp-ek; WhatsAppen ~ WhatsApp-en; WhatsAppeko ~ WhatsApp-eko…
WhatsAppek/WhatsApp-ek pribatutasun baldintzak eta politikak eguneratu ditu.
WhatsAppen/WhatsApp-en begiratuko dut hori.
- Izen arrunt modura hartzen bada (hala da aplikazio horrekin sortutako mezua denean), oraindik euskal lexiko arruntekoa ez denez hitza, aukerakoa da marratxoa jarri ala ez:
whatsappa ~ whatsapp-a; whatsappak ~ whatsapp-ak; whatsappean ~ whatsapp-ean; whatsappeko ~ whatsapp-eko; whatsappetan ~ whatsapp-etan…
Nire whatsappei eta nire deiei ez die erantzuten.
Blogetan eta whatsappetan darabilten hizkera aztertu behar da.
Atzoko whatsappak gaur iritsi zaizkit, WhatsApp atzo ez zebilelako.
184. arauan adierazten da erdal hitzen kasuistika.
- Hitz batzuek ez dute zalantzarik sortzen: Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri direnez, beste edozein euskal hitz bezalakoak dira eta haiek bezala moldatzen dira (bai bokalez amaituak: judoan, whiskiarekin… [euskarazko mendi bezala, alegia]; bai kontsonantez amaituak: balletean, curriculumarekin… [hots, euskarazko haran bezala]).
- Beste batzuek, ordea, zalantza sortzen dute. Nahiz euskal hitzak izan (Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri dira eta), erdal jatorriko hitz askotan hitzaren azken fonema edo hotsa eta hitzaren azken letra ez datoz bat gure belarri-begietara. Horrek sortzen du zalantza. Euskaraz jatorrizkoan bezala idazten diren kanpoko hitz horiekin, beraz, bi jokamolde ezberdin dauzkagu ahoz ala idatziz ari garen:
Berdin jokatzen dute izen bereziek ere: Google [gúgelen, gúgelek…], De Gaulle [dególen, dególek…], Calais [kalék, kalén, kaléko…], Twitter [tuíterrek, tuíterren, tuíterreko…].
Berdin jokatzen dute izen bereziek ere: Google (Googleren ~ Google-ren, Googlek ~ Google-ren…), De Gaulle (De Gaulleren ~ De Gaulle-ren…), Calais [Calaisen ~ Calais-en…), Twitter (Twitterrek ~ Twitter-ek, Twitterren ~ Twitter-en, Twitterreko ~ Twitter-eko…]. Horren ondorioz: WhatsAppek ~ WhatsApp-ek; WhatsAppen ~ WhatsApp-en; WhatsAppeko ~ WhatsApp-eko…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > erdal izenak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.