Zein da perpaus zuzena?:
Irakasleak lana heldu den asteko nahi du / Irakasleak lana heldu den asterako nahi du.
Asteazkeneko, erabakia izan behar dugu nola nahi dugun mozorrotu / Asteazkenerako, erabakia izan behar dugu nola nahi dugun mozorrotu.
Irakasleak lana heldu den (datorren) asterako nahi du eta Asteazkenerako, erabakia izan behar dugu dira aukera egokiak.
20. arauak dioena <adberbioa + -ko> egiturakoei bakarrik dagokie (betiko, atzoko, etziko…); hortik kanpo geratzen dira datorren urteko moduko esapideak.
Hartara, argia da bereizkuntza: <datorren urte + ko> ≠ <datorren urte + ra + ko>. Erreparatu, esaterako, adibide hauen arteko aldeari: Bost urteko ardoa erosi dugu / Bost urterako ardoa erosi dugu. Gisa berean, erreparatu hauen aldeari ere: Asteazkeneko erabakia [asteazkenean hartutako erabakia] ez dugu bete / Ea [datorren] asteazkenerako betetzen dugun erabakia.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.