Siglak deklinatzean, irizpide kontrajarriak ikusi izan ditut. Esaterako, LAB sindikatuaz ari garenean, LABek idatzi ohi da; Gure Esku Dagoren siglak deklinatzean, berriz, GEDk. Ez al luke behar GEDek?
Bestalde, Gure Esku Dago izen berezian hitz bakoitzaren lehen letrak larriz behar al du?
Bai, GEDek behar du. Euskaltzaindiaren 196. arauan jasoa dago (15. puntuan) siglak hitz gisa hartzen dituela kasu-markak. Gure Esku Dago izendapenari dagokion GED sigla nola deklinatu zehazteko, lehen-lehenik kontuan hartu behar da izendapen berezi bat ordezkatzen duela eta, hala denez gero, izendapen osoa ordezkatzen duela, perpaus oso bat izanda ere. Ondoren, ‘kontsonante + bokal + kontsonante’ hurrenkeraz osatuta dagoenez −eta silabaka irakurtzen denez, beraz−, “Fagor”, “Interpol” edo “Nafarroa Oinez” izendapenek bezala hartzen ditu kasu-markak GED siglak. Beraz, GED, GEDek, GEDi… (ikus 15.4 puntua).
Erakundeen izendapena osatzen duten hitz nagusi guztiak letra larriz hasita idazten dira. Kasu honetan, beraz, Gure Esku Dago. 183. arauan dago arautua kontu hori.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > bestelakoak, ortografia > maiuskulak/minuskulak, ortografia > siglak/akronimoak
Unitate-mota: hitzak > siglak, karaktereak > laburtzapenak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.