a) Zelan eskatu zurito bat: Mesedez, eman zurito bat Olañeta / Mesedez, eman Olañeta zurito bat / Mesedez, eman Olañeta zuritoa.
b) Zelan eskatu txupitoak: Jarri txupito bat kafe-likore eta txupito bi patxaran / Jarri kafe-likore txupito bat eta patxaran txupito bi / bi patxaran txupito.
c) Zelan eskatu tabakoa: Mesedez, eman Lucky pakete bat / Eman pakete bat Lucky.
a) Mesedez, eman Olañeta zurito bat esatea da egokia (Olañeta (markako) zuritoa, alegia). <Izen berezia + izen arrunta> egitura dago hor: Olañeta + zurito (Ebro ibaia, Berria egunkaria… elkarketetan bezala).
Bestalde, zuritoa ala zurito bat aukeratzeko orduan, biak dira zuzenak. Aldea enfasian dago: zer? > zuritoa; zenbat? > zurito bat. Testuinguruak aginduko du gehienetan.
b) Kasu honetan bi izen arrunt ditugu, neurri-izena eta gaia, eta bi hurrenkeretan erabiltzen dira. Nolanahi ere, estilo-liburu gehienak <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> hurrenkeraren alde daude: Jarri txupito bat kafe-likore eta txupito bi patxaran (= bi txupito patxaran) moldeak hobesten dituzte.
c) Lehenengoaren moldeko aposizioa denez, honela: Mesedez, eman Lucky pakete bat (= Lucky (markako) (tabako-)pakete bat)
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, lexikoa > hitz elkartuak
Unitate-mota: hitzak > izenak, joskera > hitz-ordena, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.