Artisau eta artisautza hitzak erabil al daitezke euskaran? Ala, eskulangile eta eskulan/eskulangintza erabili behar dira nahitaez?
Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri dira [EH:artisau] eta [EH:artisautza] hitzak; beraz, guztiz erabilgarriak dira. Zalantza edo nahasmendua, agian, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren aurrekari izan zen Hiztegi Batuan ageri zen esaldi batek eragina da, zera esaten baitzen han hitzez hitz: ”artisau hitza berriki asmatua da”. Horrelako oharrik ez da ageri, ordea, egungo Euskaltzaindiaren Hiztegian.
Egia da, hala ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiak eskulangile eta eskulan/eskulangintza hitzei ematen diela lehentasuna, artisau eta artisautza formen aurretik. Izan ere, adibiderik gabe ageri dira hiztegian, eta eskulangile eta eskulangintza hitzek, berriz, badituzte adibideak.
Baina hautu hori ez da oztopo gaur egun nahiko arrunki eta modu nagusian erabiltzen diren artisau-gazta, artisau-ogi, artisau-tarta… (*gazta artisaua, *ogi artisaua…) eta gisakoei ateak ixteko. Formulazio egokiak eta onartuak dira horiek.
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.