Zelan esan behar dugu: Andres Urrutia Euskaltzaindiaren lehendakaria ala Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria?
Bestelako adibide bakanen bat aurkitzen da, baina lehendakari, lehendakariorde, presidente eta presidenteorde hitzekin -ko nagusitzen da, ia erabat; beraz, Euskaltzaindiko lehendakaria da forma arrunta (*Euskaltzaindiako: "*Euskaltzaindiako > Euskaltzaindiko" (EBE)). Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideetan ditugu honako hauek guztiak: Errepublikako lehendakari, Gobernuko lehendakariari, Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak, Espainiako Gobernuko lehendakari, Euskaltzaindiko lehendakari (euskaltzainburu), Arabako Aldundiko lehendakari, medikuen elkargoko lehendakari, Espainiako autonomia erkidegoetako presidente, Auzitegi Goreneko presidente, Senatuko presidente, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkargoko presidente, Kongresuko presidente, Europako Batzordeko presidente, Bermeoko kofradiako presidente, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde, Estatu Batuetako lehendakariorde, elkargoko bi lehendakariorde…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > bestelakoak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.