Aspektu burutugabea erabiltzea zilegi ote da honelakoetan?
a) Realak hogeigarren minutuan sartzen zuen lehenengo gola.
Realak hogeigarren minutuan sartu zuen lehenengo gola.
b) Gauean zinemara joaten gara?
Gauean zinemara joango gara?
Aspektu puntukaria gaitzetsi, eta burutugabea erabili behar al da honelakoetan?
c) Zergatik ez zoaz salto batean dendara ogi berria ekartzera? Zergatik ez zara joaten salto batean dendara?
a) Euskaltzaindiak ez du ezer arautu ez gomendatu kontu horren gainean. Hala ere, badirudi perpaus biak direla zuzenak, zer esan nahi den. Lehenak adieraziko luke iraganean Realak hogeigarren minutuan gola sartzea behin baino gehiagotan gertatu zela (sartzen zuen), behin eta berriro errepikatzen zen gertaera zela. Bigarren perpausak, ostera, hogeigarren minutuan gola sartzea iraganean behin gertatu zela ematen du aditzera (sartu zuen). Futbolean horrelako gertaerak errepikatzea zein zaila den kontuan izanik, normalena, jakina, bigarren perpausa izango litzateke.
b) Etorkizuneko kontuez ari garela, sarri entzuten ditugu, azken urteotan honelakoak: *Gauean, zinemara joaten gara? Baztertzeko moldea da; hau da zuzena: Gauean, zinemara joango gara?
c) Zergatik ez zoaz salto batean dendara…? moduko erabilerek badute presentzia literatura-tradizioan.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > kalko baztergarriak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > kalko baztergarriak, joskera > kalko baztergarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.