Zuzena al da Patxi etor dadinean jai handia egingo dugu erabiltzea etorkizunari begirako denborazkoa egiteko?
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II, 376. or., Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II, 423. or. eta Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 80. or., Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 127. or. liburukietan jasoak daude era horretako adizkiak.
Orotariko Euskal Hiztegiko corpusean ere oso ugariak dira etor dadinean/nadinean, egin dezanean gisako adizkiak; ez bakarrik literatura zaharrean (Leizarraga, Axular...), baita autore berriagoetan ere (Orixe, Mitxelena, Etxaide...), baina gaur egungo euskaldunek, maila jasoan (eta batez ere literaturan) ez bada, nahiago dituzte *edin eta *ezan gabeko formulazioak.
Galderan aipatzen den adibidea egokia da bere horretan etorkizunari begira, perpaus nagusiak ematen baitio geroko balioa horrelako esaldiari. Horren baliokideak dira gaur egungo euskaldunek sarri erabiltzen dituzten esaldi hauek: Patxi etortzen denean jai handia egingo dugu / Patxi datorrenean jai handia egingo dugu.
Ikus hauek ere: "Baldintza adieraztea: gertagarria (erosten badu / eros badeza, joaten banaiz / joan banadi)" (JAGONET), "Denbora adieraztea: -nean (etorriko denean, egingo duenean)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > denbora
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.