Zein da egitura zuzena?
Liburuak besterik ez dut erosi / liburuak besterik ez ditut erosi.
Liburuak baino ez dut erosi / liburuak baino ez ditut erosi.
Liburuak baizik ez dut erosi / liburuak baizik ez ditut erosi.
Euskaltzaindiak ez du ezer arautu horretaz, baina badirudi besterik alde batetik eta baino eta baizik beste batetik aztertzekoak direla; ez baitute berdin jokatzen. Izan ere, besterikek joera handia du (baina joera, nolanahi ere) singularreko komunztadura egiteko eta, pertsonari dagokionez, hirugarren pertsona erabiltzeko. Beste biek, ordea, singularreko nahiz pluraleko komunztadura onartzen dute. Pertsonari dagokionez, hirugarren pertsona dute ohikoena objektuan (Zu baizik ez dut maite).
Edozein moduz, gogoan hartzekoa da badela beste egitura bat aukeran, inongo zalantzarik gabekoa:
Ez dut INOR maite zu baizik.
Ez dut BESTE INOR maite zu baizik.
Ez dut BESTE EZER erosi liburuak baizik.
Argibide gehiagotarako, ikus Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV, 217. or.. Horrez gainera, ikus hauek ere: "Salbuespena adieraztea: baino ez, baizik eta, besterik ez" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: besterik ez (komunztadura: ariketak besterik ez dut egin / besterik ez ditut egin)" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: besterik ez / baino ez (irakurri/irakurtzea besterik ez duzu)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.