euskaltzaindiaren mendeurrena logoa

JAGONET galde-erantzunak

Izen-sintagmen arteko juntadura

Galdera:

Sintagmen arteko juntadura dela eta, nahikoa arautua gelditu da nola jokatu behar den izenordeekin, nola sintagma singularrekin eta nola sintagma pluralekin. Baina izen bereziak direnean juntatu nahi ditugunak nola jokatu behar dugu? Zuzenak al dira hauek guztiak?
- Leirek eta Enekok garbitu dute autoa.
- Leire eta Enekok garbitu dute autoa.
- Leire eta Enekoren artean garbitu dute autoa.
- Leireren eta Enekoren artean garbitu dute autoa.

Erantzuna:

Bai, zuzenak dira horiek guztiak. Egia aitortzeko, 111. arauaren lehendabiziko bertsioan (arau gisa argitaratu ez zen bertsioa, baina bai arauaren lehen aurkezpen gisa 1998ko Gramatika jardunaldietan, Areatzan egin zirenetan, jende aurrean aurkeztu zena) ematen ziren izen berezien juntaduraren adibide batzuk; hala ere, ondorengo bertsioetan eta azkenengoan (araua denean), ez naiz oroitzen zergatik, ez dira ageri (ez behintzat bietako bat txartzat ematen genuelako edota zalantzak genituelako). Aurreneko bertsio hartan bi adibide ematen ziren izen berezien juntaketetan aukera biak onak zirela agertarazteko:

- Pelloz eta Maddiz mintzatu zara.

- Pantxika eta Urkori kantatu diet.

Bi egiturak zuzenak dira, beraz.

Horrez gainera, ikus 111. araua.

Data: 2001/12/17 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper