JAGONET galde-erantzunak

Bilbo/Bilbao, Areatza/*Arenala

Galdera:

Zein da euskal hiri nagusiaren izena euskaraz: Bilbo ala Bilbao? Bestetik, jakin nahi nuke Bilboko San Nikolas elizaren ondoan dagoen pasealekuari zelan deitu behar zaion, "Arenala" ala "Areatza".

Erantzuna:

Biak euskarazko izenak dira: "Bilbo" eta "Bilbao". Hala ere, "Bilbao" ere euskal izena izan arren, Euskaltzaindiak erabaki zuen "Bilbo" dela gure hiri nagusiaren arauzko euskal izena, eta horrelaxe eman zuen argitara bere Euskal Herriko udalen izendegia delakoan, 1979an. Euskaltzaindiak "Bilbo" erabaki izana zertan oinarritu zen jakiteko, ikus Euskera aldizkaria (1983-1 alea, 125.-129. or.).

Horiek horrela izanik ere, Bilboko udalak, dirudienez, "Bilbao" erabiltzea erabaki zuen hiri horren izena euskaraz aditzera emateko ere (baina deklinatzerakoan "Bilbo" erabiltzekotan). Hauxe da, beraz, Bilboko udalak bere eskubidez erabaki omen duena: "Bilbao, Bilboko, Bilbotik, Bilbora, Bilbon" eta abar erabiltzea euskaraz.

Bestetik, "Areatza" izena bildu zuten bai Azkuek eta bai Uribarrik, eta horixe da Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak hobetsi eta Bilboko udalak ofizialki erabiltzen duen izena: "Areatza". Izen hori deklinatzean, “Izurtza” edo “Gaintza” bezala deklinatu behar da (azken ikerketek erakutsi dutenez, amaierako “a” hori ez baita artikulua). Hortaz, "Areatzako, Areatzatik, Areatzan..." formak sortzen dira, eta horixe da erabilera zuzena.

Data: 2012/09/05 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper