forma=behar 8 sarreratan aurkitu da.

behar1

1 iz. Nahitaezko den gauza; beharrezko gertatzea. Ik. premia. Zerbait lortzeko beharra. Ukitu batzuen beharra du oraindik. Bazen beharra euskaraz honelako zerbait egin zedin. Beharrez egin du. Gure beharrak betetzeko. Ez dut horren beharrik ikusten. Ez dago horretaz luzaz aritzeko beharrik. || Esr. zah.: Beharra, beharrak eragin. Beharrak, zaharra merkatura. Beharra, gauza meharra. Beharra, eragile handi. Jainkoari otoi eginez, eta beharrari ekinez.

2 iz. (Osagarritzat aditz bat, partizipio burutuan, hartzen duela). Betikotasun betean murgildu beharrak artegatzen zuen Unamuno. Hazi beharrak ekarri dizkion hazi-minak. Harlauza zabal ederrak, landu behar handirik ez dutenak. Erne ibili beharra dago han.

3 iz. (Hitz elkartuetan, bigarren osagai gisa). Lagunarte-beharrak eta aldakuntza-beharrak piztu du zugan kanpora irteteko beharra.

4 iz. Bizk. Lana, egitekoa. Behar eguna. Behar gabe gelditu. Premia handi gabe beharrik zuk egin edo besteri eragin badiozu. || Esr. zah.: Gaueko beharra, eguneko lotsari. Etorkizuneko olak, beharrik ez.

behar egin Lan egin. Sei egunetan behar egingo duzu, eta bukatuko dituzu zeure lan guztiak.

behar eragin Lan eginarazi. Zerk egin zintuen behargin?, beharrak behar eragin. Emakumea da otseinari behar eragiten diona.

behar ordu, behar-ordu iz. Estualdia, larrialdia. Ik. behar orduan. Behar orduetan begira gaitzan. Behar ordurik minenak.

beharretan adb. Ipar. eta Naf. Beharrean, premian. Zure laguntzaren beharretan gara.

behar sari, behar-sari iz. Lansaria.

behar2

1 adj. Beharrezkoa. Gauza beharra da loa. Ona da, eta ona ez ezik beharra, bekatuak adieraztea; baina askoz beharragoa da egiazko damua izatea. Bere bizitzari buruz, argitasunik beharrenak emango ditugu huts-hutsik. Bihotza eta zentzua guduan dira beharrago iskiluak baino (esr. zah.).

2 adj. Pobrea, behartsua. Nagia beti behar, eskas eta erromes. Jende beharrari lagundu behar zaio.

3 (Izen batekin hitz elkartua osatuz). Izango dena. Bai alabaren kontra, bai suhi-beharraren kontra. Hau da ene andre beharra.

4 (Partizipio burutuan dagoen aditz baten eskuinean). Guztiok agertu beharrak gara Jesu Kristoren tribunalaren aurrean. Mundu guztia gosete izugarri batek hartu beharra zela.

beharren izan Langileak beharren duena. || Euskara idatziaren barrutian, irakaste lanean dugu beharrenik batasun hori.

behar izan, behar izaten, beharko

1 du ad. Norbaiten edo zerbaiten beharra izan. Ez zaitut behar. Ez dut besterik behar. Festarik behar bada, bego Donostia. Behar den arretarekin. Behar ez den orduetan agertzeko. Erantzun ezak behar den bezala. Ekarri zenuen behar zen erremedioa. Zure laguntza behar zuela. Etxeak behar, eta bideak ekarri (esr. zah.).

2 da/du ad. (Osagarritzat partizipio burutua hartzen duela, behartzea edo premia dakarren gertakizuna edo etorkizun dena adierazteko; aditz osagarria edozein motatakoa delarik, aditz laguntzaile iragankorra hartzen du gehienetan (joan behar du), baina zenbait euskalkitan, batez ere Iparraldekoetan, laguntzaile iragangaitza har dezake aditz iragangaitzekin (joan behar naiz, ez zara ikaratu behar)). Bihar ekarri behar du. Bihar etorri behar du. Inoren hitzaz baliatu behar badut. Argi dago hil behar dugula. Harrian jo behar da gogotik galburua. Ekarri behar zituenak ez ditu ekarri. Nagusiak izan beharko ditugu erakusle. Gaurko edertasunez jantzi nahi badu, gaurko lokatzetan beharko du zikindu. Gurekin etorri beharko duzu. Baimena eskatu behar izan dio. Bertan utzi behar izan omen zuen. Egun asko igaro behar izaten dituzte itsasoan. Zuk ni bataiatu behar, eta zu bataio eske niri. || (izan ezabaturik). Hala behar luke. Aukera berdina behar lukete denek. Hala beharko du.

3 (Aditz laguntzailerik gabe, izen batekin). Ipar. Oi, izarra, behar lekura gidatu Euskal Herria! Jakin behar gauzak.

4 da ad. (-en atzizkia hartzen duen izen sintagmarekin). Badaki zuen Aita Zerukoak gauza horien behar zaretela. Inoren behar ez zirela.

behar adina Behar den (diren, zen...) adina. Guztion premiak ez ditudalako, agian, behar adina kontuan eduki.

behar adinako adj. Behar den (diren, zen...) adinakoa. Nork ematen dio behar adinako garrantzia?

behar baino ...-ago Behar den (diren, zen...) baino ...-ago. Ez dezaten behar baino gehiago ordaindu. Behar baino maizago. Behar baino garrantzi txikiagoa eman diola.

behar beste Bizk. Behar adina.

behar besteko adj. Bizk. Behar adinakoa.

behar bezain Behar den (diren, zen...) bezain. Guk ere ez genituen behar bezain ondo ulertu agian. Behar bezain sakonki aztertu ez den puntua. Jartzen zaizkien mugak ez direla behar bezain zorrotzak.

behar bezainbat Behar adina.

behar bezainbateko adj. Behar adinakoa.

behar bezala Behar den (diren, zen...) bezala. Lana behar bezala aztertzeko. Gauzak behar bezala balira, euskaraz egingo zukeen agian bere lantxoa.

behar bezalako adj. Behar den (diren, zen...) bezalakoa. Behar bezalako etekin eta irabazia emateko. Badirudi, ur garbiaren pare behar duela izan, behar bezalako prosak.

behar bidean adb. Lap. eta BNaf. Beharrean, ordez. Mintzatu behar bidean, isilik egon zen.

behar ez bezala Behar ez den (diren, zen...) bezala. Axular luzaro baztertua, behar ez bezala goratu nahi du orain zenbaitek, beste guztiak azpiratuz.

behar ez bezalako adj. Behar ez den (diren, zen...) bezalakoa. Behar ez bezalako hitzak.

behar hainbat Behar adina.

behar hainbateko adj. Behar adinakoa.

beharko Beste erremediorik ez dagoela edo beste aukerarik ez dagoela adierazteko hitza. Lanera joan zara? Bai, beharko! (edo Bai, beharko joan!). —Umilduko dira, bai. —Beharko! Orain Oiartzunen, gero Hernion, dagoeneko Oñatin, dantzatzen zen apaiza; beharko, karlistei bihotz pixka bat emango bazien.

behar orduan adb. Behar den unean; beharra denean. Ik. behar ordu. Aitzinean aska bat urez betea, behar orduan burdina goritua iraungitzeko. Nornahik bataia dezake behar orduan.

behar orduko Behar den ordurako. Ik. behar orduan. Fabrikak izan ditzan, gaiez betetzeko nola etekinetatik husteko, bi erraztasun: bat burdinbidez, bestea urez ur; errepidea, behar orduko, hirugarren.

beharrago izan Ordu honetan inoiz ere baino zure beharrago naiz. Ororen irrigarri bilakatzen ari zara, ez baikenuen deusen beharragorik!

beharrezko

1 adj. Aipatzen dena izan edo gertatu gabe, beste zerbait ezin izan edo ezin gerta daitekeena; nahitaezkoa. Ik. nahitaezko. Baldintza beharrezkoa. Borondatezkoa da, ez da beharrezkoa. Zerbaitetarako, zerbait egiteko, beharrezko diren gauzak. Hain beharrezko zaigun zure laguntza. Beharrezkoa baino on gehiago egitera eragiten diguna. Euskarak beharrezkoa du batasuna, iraungo badu. Hamaika lan beharrezkoagoak baditugu.

2 adj. (Osagarritzat aditz bat partizipio burutuan duela). Ik. beharreko 1. Bete beharrezko aginduak.

behar-beharrezko adj. Guztiz beharrezkoa. Neurri hauek behar-beharrezkoak ditugu, gure gorputza indartu eta osasuntsu egingo bada. Behar-beharrezkoa da paper hori aurkeztea.

haur

1 iz. Giza umea. Urtebeteko haurra. Hamaika urteko haur eme bat. Bataiatu gabeko haurrak. Haur eta gazteei. Izan ere, zer gara gizonak, haur handi batzuk baizik? Haur bat besoetan, beste bi ondotik. Jainkoak bere haurrez duen artaz. Izango da, beraz, lurrean zure odoletiko haurretarik, zeruan izar bezainbat. Ez ahal da hilko euskara, biziko ahal da luzaroan, etsaiak etsai, behinola ugaria zen familia zahar batetik gelditzen zaigun haur bakar hori! Jesus haurra. Bularreko haurra. Haur zenetik. Haurrak hazi, nekeak hasi (esr. zah.).

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Haur talde bat. Haur hizkuntza. Haur kanten bilduma bat. Haur jolasak atsegin zituen. Lehen baino hobeto ezagutzen ditut orain haur liburuak. Haur ametsetan bezala. Haur pornografia.

haur-behar 1 adj. Ipar. eta Naf. Haurduna. Emazte haur-beharren laguntzailea.

2 (Adizlagun gisa). Ik. haur-beharretan. Ohartu nintzen haur-behar nintzela. Haur-behar gertatu nintzen arrunt gazte nintzelarik.

haur-beharretan adb. Ipar. eta Naf. Haurdun. Haur-beharretan zara, eta seme bat sortuko duzu. Toberen aitzakia hauxe zen: emaztegaiaren ahizpa haur-beharretan ezarri zuela.

haur besoetako iz. Besoetakoa.

haurdanik adb. Batez ere Ipar. Umetatik. Haurdanik urrundua sorterritik.

haur denbora, haur-denbora iz. Haurtzaroa. Haur denboran ikasitako kristau ikasbidea.

haur egin Erditu. Gazteak ezkon daitezen eta haur dagiten. Haur egiteko egunetara heldu zenean. Emakume haur egin berriak ezin sar zitezkeen elizan.

haur egite, haur-egite iz. Erditzea.

haur egozte, haur-egozte iz. Haur galtzea.

haur eskola, haur-eskola iz. Hezkuntza sisteman, haur txikienentzako ikastetxea. Ik. haurtzaindegi. Auzoko haur eskola berria.

haur galtze, haur-galtze iz. Haurra, jaio baino lehen, hiltzea. Ik. abortu; hilaurtze. Haur galtzearen aldeko legea dela eta.

haur hezkuntza, haur-hezkuntza iz. Nahitaezko eskolaldiaren aurreko hezkuntza, haurraren garapen fisikoa, afektiboa, soziala eta intelektuala lantzea helburu duena. Ik. eskolaurre. Ez nago etxeko lan neurtuen aurka, baina haur hezkuntzan sekula ez luke egon beharko etxeko lanik. Herrian badira 52 haur gutxienez, haur-hezkuntzan euskaraz ikasi nahi dutenak.

haur hotz iz. Ipar. Haur txikia. Haur hotza, mukizua baizik ez zen oraino. Haur hotza zelarik, sei urtetan itsutua.

haur min, haur-min iz. pl. Erdiminak, haurgintzako oinazeak. Haur-min handiak. Efratara baino lehen haur-minek hartu, eta munduratu zuen seme bat, Benjamin zeritzana. || Mendi bat haur-minetan orroaz ari zen.

haur oihal, haur-oihal iz. Pixoihala. Aurkituko duzue haur bat, haur oihaletan bildurik eta aska batean eratzanik.

haurra galdu Umea galdu. Ik. abortatu. Ez dut nire haurdunaldia lehenago iragarri, haurdun egon nintzen lehen aldian haurra galdu nuelako.

haurra(k) izan 1 du ad. Erditu. Amarengana etorri haiz haurra izan bitartean. Haurra izateko kinkan.

2 du ad. Seme-alabak izan, familia izan. Geroztik hiru haur izan ditu, Parisen dabil inude. Ez dute haurrik.

haurrean adb. Ipar. Haur denboran, umetan. Hire koplak ikasi dizkiat haurrean.

haurreko adj. Ipar. Umetakoa. Haurreko urteak dira urterik hoberenak. Haurreko lagunak. Nire haurreko leku maitatua.

haurretan adb. Haur denboran, umetan. Ik. haurrean; txikitan. Esatekoak esaten asmatzen duena, haurretan itzain ibilitako idazlea.

haurretik adb. Ipar. Haurdanik, umetatik. Semeak dituzunean, eskola itzazu haurretik. Haurretik zahartzera. || Haur-haurretik omen zuen amets hori.

haur txiki iz. Haurra, bereziki urte gutxiko haurra. Ik. haurtxo; ume txiki. Bi haur txiki zituen. Eta zenbat haur txiki, karrikan eta karrikatik kanpo, katixima frantsesez ikasten hasiak!

haur ukaite, haur-ukaite iz. Ipar. Erditzea. Hamabortz egunez, beraz, aita amaren ondoan egoten ahalko da, elkarrekin gozatzeko haur-ukaite egun berezi horiek ekartzen duten zoriona.

hil1, hil, hiltzen

1 da ad. Bizia galdu, bizitzeari utzi. Atzo hil zen. Hil bedi! Ezbeharrez hil da. Hirurogeita hamalau urterekin hil zen. Zu ere atzerrian hilko zara. Haren emaztea hil zen arte. Senarra hil zaio. Ongi hiltzen laguntzeko. Zugatik hiltzen banaiz. Hiltzeko orduan. Bere burua hiltzeko arriskuan ipintzen duena. Hiltzera kondenatu. Hiltzerakoan agindu ziguna. Nahiago dut hil. Ama, ez zaitez hil! Hil arte maiteko zaitut. Laster hil beharra zen. Bere izena, hil orduko desegiten hasia da. Ongi hil nahi baduzu. Gosez hil. Urkaturik hil. Gazterik hil. Gerran hilak. Euskaldun bizi eta euskaldun hil. Hila da. Hilda dago. Hilda aurkitu dute (Ik. hilik). Hiltzeko zorian (Ik. hilzori). Hil berria da. Txomin hil berri da (Ik. hilberri). Nola bizi, hala hil (esr. zah.). || (Hedaduraz). Hil da euskara! Urte zaharra hil orduko, berria jaio.

2 du ad. Bizia kendu. Ik. garbitu 10; akabatu 1; erail. Harrika hil zuten. Ez ezazu inor hil. Abel Kainek hila. Anaia hiltzeko asmoa hartu zuen. Harrapatzen bazaitu, jo eta bertan hilko zaitu. Biztanle guztiak hil, herria erre eta gatza erein zuen. Ehiztariak hil duen txori bat bezala. Tiro batez hil du bere burua. Hila eta hobiratua izan zena.

3 da/du ad. Suaz, argiaz eta kidekoez mintzatuz, itzali. Zuzia erretzeaz bizitzen da eta erretzeaz hiltzen da. Behin ere hiltzen ez den suan. Kanta hori akabatu baino lehen hil baitzitzaion pipa. Argi bat hil da munduan. Putzak pizten du kandela, eta bai hiltzen ere.

4 da/du ad. Desirez, sentimenduez eta kidekoez mintzatuz, indarra, bizitasuna edo karra galdu edo galarazi. Hil zitzaizkion betiko itxaropen guztiak. Fedea hiltzen ez bada. Zeure kontzientziak gogoa hozten eta hiltzen baitizu.

5 du ad. Goseaz edo egarriaz mintzatuz, ase, kendu. Beren eguneroko gose-egarriak hiltzeko. Gosea hil nahi dute askok inoren bizkarretik.

6 (Partizipio burutua izenondo gisa). Hilik dagoena. Zure semearen gorputz hila. Haur hilaren ama. Txakur hil bati. || Hizkuntza hilak.

7 (Partizipio burutua izenondo gisa). Motela, bizitasunik edo indarrik ez duena. Fede bizia eta fede hila. Gauza onak egiteko gogo hila izatea. Argi hila. Piperrak biziagotzen du salda hila. Zer prestueza, zer hotz eta hila naizen, zuri esker onak emateko!

hil ala bizi Hil edo bizi.

hil ala biziko adj. Garrantzi handikoa dena; bizitza jokoan jartzen duena. Ik. hil edo biziko. Euskarak bizi duen hil ala biziko egoera ez da zalantzan jartzen. Eibarrek hil ala biziko partida jokatu zuen. Jende askorentzat dirua izatea hil ala biziko kontua zen garai hartan.

hil-behar 1 iz. Hiltzearen halabeharra. Zahartu eta hil-behar hori.

2 adj./iz. Hilkorra; hil behar duena. Badakigu hil-beharrak garela.

hilean adb. (Batez ere erdi hilean, ia hilean eta kideko esapideetan). Hil beharrean, hiltzeko zorian. Saul erdi hilean luze-luze etzan zen. Estu eta larri ia hilean, arnasaz bete ezinik. || Ikusi nauzu ia hotzak hilean.

hil edo bizi adb. Eta zer basakeria itsusiagorik, gizona eta zezena, hil edo bizi, han jardunaraztea baino? Eta prestatu ziren, erromatarrei, hil edo bizi, aurpegi emateko.

hil edo biziko adj. Garrantzi handikoa dena; bizitza jokoan jartzen duena. Ik. hil ala biziko. Hil edo biziko estualdi honetan. Ezinbestekoa, hil edo bizikoa da euskara batasun bidean jartzea. Hil edo biziko borroka.

hil hurren 1 Hiltzeko zorian. Ik. hilzorian. Gaixo nagoela esan, minez, hil hurren. Soldadu asko hilik edo hil hurren iristen ziren Iruñera, eta hobi komunean ehorzten zituzten.

2 (Izen edo izenondo gisa). Hilzorian dagoena. Hil hurrenak bizitzari azken gainbegiratua eman dio. Urrunetik entzuten zituen haren hitzak, hil hurren batek apaizaren adore hitzak bezala. Sozialdemokrazia hil hurren baten azken hondarrak.

hiltzeko 1 adj. Hilgarria. Hiltzeko gaitza. Sukar bortitz bat lotzen zaio, hiltzeko sukarra.

2 adj. Hiltzeko dena, hila izateko dena. Hiltzeko zezenak. Ez behi, ez hiltzeko aziendentzat.

jakin, jakin, jakiten

1 du ad. Zerbaiten berri eskuratu edo izan. Badakizu zergatik ez den etorri? Nondik dakizu hori? Ez daki zer dioen. Ez daki gaurko ikasgaia zein den. Ongi daki gauza horiek nola diren. Zer genioen jakin gabe. Nahi nuke ere jakin ea zergatik agertzen den hitz hori frantsesez. Nork lapurtu zuen ez baleki bezala. Bere etxean gertatu zena jakin zuenean. Laster jakin zen nongoa zen. Badakit maite nauela. Dakienak daki eta ez dakienak ez daki. Buruz dakit hori. Oraindik jakiteko nago zer nahi duzuen. Jakinik ez zitzaiola horrelakorik gertatuko. Mundu guztiak dakien gauza. Nork ez daki hori? Jakina da leku izenak leku kasuetan agertu ohi direla. Berak ezertxo jakiteke egin ziotena.

2 (ez dakit zer, ez dakit zenbat eta kideko esapideetan, ziurra ez den zerbait edo ongi gogoratzen ez den zerbait adierazteko, indargarri gisa). Horregatik ezagutu ninduen Andonik gaur dela ez dakit zenbat urte. Kalte berriak ekarri dizkiotela euskarari, ez dakit zer kasketaldi egoskor dela medio.

3 du ad. Gai bati buruz aski ezaguera izan, zerbait erabiltzeko trebetasuna izan. Ez daki gaurko ikasgaia. Hizkuntza ongi dakiten guztiak. Ongi daki ingelesez. Ez zekien bere Oiartzungo hizkera besterik. Euskaraz ikasten edo dakitena hobetzen ari direnentzat. Badaki irakurtzen, idazten, josten. Pilotan jakin. Ez daki dantzan. Dakienak daki haizea burruntzian sartzen (esr. zah.).

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Gauza jakina da erlijio liburuak ditugula batez ere ugari. Jakina denez, bi aldiz agertu da liburu hori.

5 (Partizipio burutua izenondo gisa). Mugatua, zehaztua izan dena. Indar jakin bat behar da pisu jakin bat jasotzeko. Azentu hori silaba jakin batean zegoela. Toki eta une jakin batean kokatua.

batek (ba)daki Auskalo. Ik. batek jakin. Batek badaki etorkizunak zer dakarkigun! Etena egin zuen orduan, batek daki zergatik. Mutil txikitxoak zirela erne zen euren artean gorrotoa; zertatik?, batek badaki!

batek jakin Auskalo. Ik. batek (ba)daki. Lehenbailehen aurkitzea hobe; batek jakin noraino irits zitekeen!

berri jakin Zerbaitez jabetu, zerbaiti buruzko informazioa izan. (Dagokion osagarriak -en edo -ko atzizkia hartzen du). Badaki gertatu denaren berri. On da atzerriko zenbait gauzaren berri jakitea. Berak ezagutu zuenaren berri jakiteko. Munduko berri badakitenak. Horrek ez daki hemengo berri. Inork ez daki egun haren berririk. Ez daki otordu on baten berririk. Elkarren berri jakin gabe. Lanbidearen berri ongi ez dakien langilearen ohiturarik eza.

dakidala (dakiela...) 1 adb. Ohartuki, jakinaren gainean, nahita. Nik zugana, dakidala, faltatu ez dut bizian. || Nik, dakidalarik behintzat, ez dut horrelakorik egin.

2 adb. Dakidanez (dakienez...). Eliza eta komentua dagoen tokiari, nik dakidala, ez zaio esaten Azkartza, Arantzazu baizik.

dakidanez (dakizunez, dakigunez...) adb. Dakidanaren (dakizunaren...) arabera, ezagutzen dudanaren (duzunaren...) arabera. Ik. dakidala 2. Dakidanez, Madrilen bizi zen. Ez diot, dakidanez, ukorik egin neure herriari.

ez jakin (Jokatu gabe, osagarritzat zehar-galdera bat hartzen duela). Ik. jakin ez. Bi maite ukan eta ez jakin zein hauta. Aldaketa egin zenean, ez jakin zer pinu mota izango zen onena. Lehen hala, orain hola; gero ez jakin nola.

ez jakinarena egin Zerbait ez dakielako itxura egin. "Zer gertatu da?" ekin zion Mattinek, ez jakinarena eginez. Jakinda, ez jakinarena egitea.

Jainkoak daki Hitz egiten duenak zerbait inondik ere ez dakiela adierazteko erabiltzen duen esapidea. (Bera bakarrik, erantzunetan erabil daiteke; ondoan galdetzaile bat edo galdetzaile batez hasten den mendeko perpausa har dezake). Ik. auskalo. Errudun edo errugabe, Jainkoak daki. Noiz arte? Jainkoak daki. Idatzi baino 80 urtez geroago argitaratua, eskuizkribu batetik eta Jainkoak daki nola. Zorion betean bizi izan ziren, Jainkoak daki zenbat urtez. Jainkoak daki non ibilia den!

jakina adb. Esaten dena ezaguna dela edo begien bistakotzat hartzen dela adierazten duen hitza. Ik. noski. Beste asko ere, jakina, mintzatuak dira auzi horrezaz. Lerro hauek, jakina, aski da urteari begiratzea, Londrestik datoz. Gobernariek, jakina, goramenez bete dute. Eraginok, jakina, ez zuten beti nondik norako berdina izango.

jakinaren gainean adb. Zer gertatzen, egiten edo esaten den jakinik, ohartuki, ezagueraz. Jakinaren gainean esaten ditu honek horrelakoak. Ongi jakinaren gainean egin du. Jakinaren gainean nahiz ezjakinean.

jakinaren gainean egon (izan) Dagokionak zerbaiten berri izan. Hara! jakinaren gainean al zeunden? Zuen arteko ibileraz jakinaren gainean dago.

jakinaren gainean ipini (jarri) Dagokionari zerbaiten berri eman. Badaezpada ere, jakinaren gainean jartzen zaitut. Jakinaren gainean ipini gabe bidali ditugu.

jakinaren gaineko adj. Ohartuki eta ezagueraz egiten edo esaten dena.

jakin-behar 1 iz. Jakin behar den gauza. Gure hizkuntzarekiko oinarrizko jakin-beharrak.

2 iz. Jakiteko gogo bizia; bereziki, besteren gauzak jakiteko irrika. Ik. jakin-min; jakin-nahi 2. Haren jakin-behar mugagabea ez zen letra larriz idazten diren jakintzetara mugatzen.

3 adj. Jakin behar dena. Erakutsi zizkien gauza jakin-behar asko.

4 adj. Jakiteko gogo bizia duena. Ik. jakin-nahi. Iraulka zebiltzan bazter orotara begi jakin-beharrak.

jakinean adb. Jakinaren gainean. Jakinean egiten dute gaizki. || Anaiaren jakinean lapurtu zion dirua amari.

jakinean egon (izan) Jakinaren gainean egon, izan.

jakinean ipini (jarri) Jakinaren gainean jarri, ipini.

jakin-egarri 1 iz. Jakiteko nahi bizia. Ik. jakin-gose. Bere jakin-egarria asetzeko elementuak.

2 adj. Jakiteko nahi bizia duena. Jakin-egarriago dira burudun baino.

jakin ez (Jokatu gabe, osagarritzat zehar-galdera bat hartzen duela). Ik. ez jakin. Egia den ala ez den, seguru jakin ez. Neskatila, zer esan jakin ez, eta txintik ere atera gabe zegoen.

jakin-gose 1 iz. Jakiteko nahi bizia. Ik. jakin-egarri. Jakin-gose ergel batek bultzaturik.

2 adj. Jakiteko nahi bizia duena.

jakitera adb. Jakinez gero, jakin izan balu (banu...). Ondorioak jakitera ez zen lan horretan hasiko.

jakitera eman du ad. Aditzera eman.

nik al dakit 1 Gip. Auskalo. (Galdetzaile bat har dezake). Ik. batek jakin; nik dakita. Auskalo zer-nolako laguntza espero ote zuen handik, belar-enplastu edo sorginkeriaren bat seguruena, nik al dakit. Begira egon nintzaion nik al dakit zenbat denboran. Halaxe zeramatzan nik al dakit zenbat urte.

2 (Zerrendatze modukoetan, aipatzen ez diren beste elementu asko ere badirela edo izan litezkeela adieraziz). Gip. Etortzen da gitarra pare bat, txistua eta nik al dakit zenbat tramankulu gehiagorekin eta berak bakar-bakarrik egiten dizu kontzertu bat. Haren musika taldean abestuko duela, supermerkatuko biltegian entseatzen dutela, nik al dakit zer esan didan.

nik dakita 1 Ipar. Auskalo. Ik. batek jakin; nik al dakit. Orain dela zenbait urte gertatu zitzaidan; hamar, hamabost agian; nik dakita?

2 (Zerrendatze modukoetan, galdetzaile bat hartzen duela, aipatzen ez diren beste elementu asko ere badirela edo izan litezkeela adieraziz). Ipar. Ez ziren adituak, zientzialariak edota nik dakita nor; herritar xumeak ziren mintzo. Presozain, zigorkari, eskale eta nik dakita bertze nor!

nork daki Auskalo. Ik. nork jakin. Nork daki, ama, ez ote zaigun oraindik gaur etorriko! Nork daki nondik eta nola eskuratua. Nork daki zer pasatzen den horren baitan! Menturaz bai; nork daki?

nork jakin Auskalo. Ik. nork daki. Nork jakin egunen batean Popeieren indarra izango ez ote dugun. Eta egokiera etorrita, nork jakin!

noizbait

1 adb. Egunen batean, aldiren batean, uneren batean. (Ezezkoak ez diren esaldietan erabiltzen da). Ik. inoiz; noiz edo noiz. Etorriko zaizu noizbait pozaldia ere. Ea inor noizbait saiatzen den horrelakoak itzultzen. Noizbait etxean norbaitek egin badit beltzuri.

2 adb. Lehenago, aspaldi. Saulek, noizbait bere morroi izan bazuen ere, ez zuen ezagutu. Esaera hori ederki hedatua zegoen noizbait, eta, agian, ez da oraindik arras galdua.

3 adb. Azkenean. Noizbait bete zen nire guraria.

noizbait behar eta Uste izateko zena edo espero zena azkenean gertatu dela adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. azkenean 3. Noizbait behar eta, ezagueran sartu ziren, gaizki egina aitortu zuten. Noizbait behar eta, heldu ziren Erromara.

noizbaiteko adj. Antzinakoa, aspaldikoa. Noizbaiteko errege batzuen irudiak.

noizbaiteko batean adb. Adkor. Azkenean. Ik. halako batean. Iritsi zen noizbaiteko batean!

noizbait ere adb. Noizbait, azkenean. Ik. halako batean. Eramankizun guztiak arintzen zizkien noizbait ere atseginetako lur gozo hartan sartuko zirelako pozak. Noizbait ere etorriko da azkeneko ordua.

Oharra: azken eguneraketa 2022-07-08

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper