Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

urrearrain

iz. Ur gezetako arraina, karparen familiakoa, hura baino txikiagoa (Carassius auratus).

urrebotoi

iz. Belardietako landarea, zurtoinaren muturrean lore hori ikusgarria duena (Ranunculus sp.). Ik. urde mutur. Urrebotoi artean etzaten ginen ibai aldean.

urregile

iz. Urrea lantzen duen eskulangilea. Urregileak zilar gainera urrea isurtzen duenean bezala.

urregin

iz. Bizk. Urregilea.

urregintza

iz. Urregilearen lanbidea; urrea lantzeko antzea. Bitxigintzaren eta urregintzaren esparruetan egindako lanaren lekuko, 1920-1940 bitarteko hainbat pieza bildu dituzte Iruñeko aretoan: lepokoak, eraztunak, mahai-tresnak eta beste.

urregorri

iz. Batez ere Bizk. Urrea. Urregorri bihurtuko baita oin azpian darabilgun hautsa ere. Etxe honetako nagusi jaunak urregorriz du bizarra. Ez ditugu urregorrizko irakurgaiak egunero sortzen.

urrekara

adj. Urrearen itxura duena; urre kolorekoa. Ik. urrezko. Irakaslearen betaurrekoek armazoi urrekara zuten. Udaletxeko erloju urrekara. Adats urrekara luzea, begi urdin distiratsuak eta ezpain gorri mardulak.

urrelili

1 iz. Konposatuen familiako landare apaingarria (Chrysanthemum sp.). Ik. krisantemo.

2 iz. Landare horren lorea, handia eta kolore askotakoa.

urrendu, urrent, urrentzen

da/du ad. Zub. Bukatu, amaitu. Dena urrendu artean. Meza urrendu bezain sarri. Eroa da hasten duena lan urrent ez dezakeena (esr. zah.).

urrentze

iz. Zub. Amaiera, bukaera. Gauza guztiek urrentze bat dute.

urreria

iz. Urrezko bitxi edo gauzen multzoa. Erregeen eta handikien etxeetako eta soineko urreria. || Irud. Gauaren ilunpe eztia, izarren urreria.

urretsu

adj. g.er. Jas. Urrezkoa. Aintzirak baziren, arrain urretsu, urdin eta berdeekin.

urretxindor

iz. Txori intsektujalea, moko-zuzena, bizkarraldea eta buztana arreak dituena, bere kantu ederragatik nabarmentzen dena (Luscinia megarhynchos). Urretxindor maitea, txioka negarrez. || Mattin, Ahetzeko urretxindorra.

urretxori

iz. Txori kantari luma-horia, hegoak eta buztana beltzak dituena (Oriolus oriolus). Urretxori arra luma-horia da, hego eta buztan beltzak izan ezik, eta emea berdexka, hegoak salbu.

urretxuar

1 adj. Urretxukoa, Urretxuri dagokiona.

2 iz. Urretxuko herritarra.

urrezko

1 adj. Urrez egina; urre kolorekoa. Urrezko eraztuna. Cannesko urrezko palmondoa. Urrezko adats ugaria.

2 adj. Bikaina. San Krisostomo, urrezko mihi hura. Urrezko bihotza.

urrezko eztei pl. Ezkontza baten edo beste gertaera gogoangarri baten berrogeita hamargarren urteurrena. Urrezko ezteiak, berriz, Loiolan egin zituzten.

urreztadura

iz. Urreztatzea; horren ondorioa.

urreztatu, urrezta, urreztatzen

1 du ad. Urrez edo urre geruza batez estali; urre kolorez estali. Irudi eta imajinei ilea eta bizarra urreztatu egiten zieten. || Beheititurik gordetzera doan eguzkiak urreztatzen du oraino zeru zoko bat.

2 (Era burutua izenondo gisa). Hortz urreztatua. Aldare urreztatuak.

urreztatzaile

iz. Urreztatzen duen pertsona.

urreztatze

iz. Urrez edo urre geruza batez estaltzea; urre kolorez estaltzea. Erretaularen urreztatze lanak eta polikromia geroagokoak dira.

urrezuri

iz. Batez ere Bizk. Zilarra. Lurreko lanean beti dabilen aitzurrak urrezuria dirudi.

urri1

1 adj. Behar edo egoki den edo eskatzen den neurrira edo kopurura heltzen ez dena. Ik. bakan. Anton. ugari. Gurasoengandik datorkigun ondasun urria xahutzen. Euskal idazleen familia urrian. Baina orrialdeak urriak bezain trinkoak dira. Euskarak duen indar urria Gipuzkoan dago. Ez dira behar bezain urriak pasarte gogor eta lehorrak. Adimen urriaren jabe naiz. Gure oroimena hain urria ez balitz. Eskola ere urria eman baitziguten. Dakigun frantses urriak iruzur egiten ez badigu.

2 adb. Neurri edo kopuru txikian. Janariz urri zebiltzan. Kexu ginen, lehen Hollywoodeko filmak ugari eta bestetarikoak urri genituelako. Artikulu mugatzailea orain baino urriago erabiltzen zela.

3 (-en atzizkiaren eskuinean, izen gisa). Gaiaren larriak eta astiaren urriak orobat eraginik. Hobe genuke den bezala, bere urrian edo ugarian, hartuko bagenu.

urri2

1 iz. Urteko hamargarren hila. Urria, hilabete eztia, ehiztarien loria. Beti laket izan zait urriko aroa.

2 iz. (Data adierazteko, -en atzizkia hartzen duela). Urriaren 15a. Iragan urriaren 25ean. Urriaren bostaren eta seiaren arteko gauean. || (Aposizioan, -k atzizkia hartzen duela eta zenbakia artikulurik eta kasu markarik gabe). Gaur, urriak 25, asteartea. Datorren ostegunean, urriak 20, izendatuko da epaimahaia.

urribelar

iz. Bibelarra.

urrieta

iz. Zub. Urria, urteko hamargarren hila. Urrietaren 29a.

urrikalarazi, urrikalaraz, urrikalarazten

du ad. Ipar. Norbaitengan urrikia sorrarazi. Besoak hausten zizkieten haur gaixoei, jendeak urrikalarazteko eta sos gehiago biltzeko.

urrikaldu, urrikal, urrikaltzen

1 da ad. Batez ere Ipar. Errukitu, errukia erakutsi. Nagusia urrikaldu zen mirabe hartaz. Urrikal zaitez nitaz. || zaio ad. Jauna, urrikal zakizkit. Andre hura ikusirik, Jauna urrikaldu zitzaion.

2 zaio ad. Ipar. Norbaiti errukia eman. Entzun nau Jaunak, eta urrikaldu natzaio.

urrikalgaitz

adj. g.er. Errukigabea.

urrikalgarri

adj. Ipar. Errukarria. Bekatari urrikalgarria. Bizitza urrikalgarri bat zeramaten. Urrikalgarri, eginbide hori ahanzten dutenak.

urrikalkizun

pred./adj. Zah. Urrikalgarria, errukarria. Urrikalkizun da bekatorea. Urrikalkizun egin zen.

urrikalkor

adj. Ipar. Urrikaltsua, errukiorra.

urrikalmen

iz. Errukia, urrikalmendua.

urrikalmendu

iz. Ipar. Errukia. Bere lagunaz ez du urrikalmendurik. Urrikalmenduarekin behatu. Ene Jainko ona eta urrikalmenduz betea. Agur, Erregina, urrikalmenduzko ama.

urrikalmendutsu

adj. Ipar. Errukiorra. Ama guztiz urrikalmendutsua. Jesus ona, zure begi urrikalmendutsu horiek bihur itzazu nire gainera.

urrikaltasun

iz. g.g.er. Errukitasuna. Gure urrikaltasunak behar du izan bihotzekoa.

urrikaltsu

adj. Jas. Urrikalmenduz betea, errukiorra. Jainko urrikaltsua.

urrikaltze

iz. Ipar. Erruki izatea, errukia erakustea.

urrikari

iz. Ipar. Errukia, urrikalmendua. Urrikariz ematen ziotenaz bere jan-edanak egiten zituen.

urrikarri

adj. Errukarria. Beren biziaz etsitako eri urrikarri anitz.

urriki

1 iz. Ipar. eta Naf. Damua. Bihotz urrikiz zaurtu batekin aitortzen dela. Urrikitan sar zaitezte, hurbildua da ezen zeruetako erresuma.

2 iz. Heg. Errukia. Neure oinaze-lagunenganako sentitzen nuen urrikiak zapaldua nengoen.

urriki izan 1 du ad. Ipar. eta Naf. Damu izan. (Osagarria mendeko perpausa denean, batez ere, -turik, -tuaz eta -tua formak hartzen ditu). Urriki dugu Iruñean ez gelditurik. Bihotzaren erditik dut urriki zuri damu eginaz. Huts egin dudan guztiez dut damu eta urriki. Ez dut urriki egungo lagunarekin ezkondua.

2 du ad. Heg. g.er. Erruki izan. Jainkoak urriki zaitzala, ene seme.

urrikigabe

1 adj. Ipar. eta Naf. Damurik gabea.

2 adj. Heg. Errukigabea. Inguruan dugun mundu urrikigabe honetan.

urrikitu, urriki/urrikitu, urrikitzen

1 da/zaio ad. Ipar. eta Naf. Damutu. Hala eginaz hamar mila aldiz zaie urrikitu. Bere bekatuez urrikiturik. Datozela egun eder batez; ez zaie urrikituko. Laster urrikitu zen israeldarrak joatera utzirik. Ez duzu egundaino arbuiatu bihotz egiazki urrikitu bat.

2 da ad. Heg. g.er. Errukitu.

urrikitze

iz. Damutzea.

urril

iz. Urria, urteko hamargarren hila.

urrilo

iz. Mandragora.

urrin1

1 iz. Usain ona. Ik. lurrin. Eta etxea bete zen ukenduaren urrinez.

2 iz. Usaina. Urrin ona, txarra. Urrin bat, gaitza, zeriola. Olio urrin hura baino jasangaitzagorik bazen. Urrin atsegina sartu zen leiho zabalean barrena.

urrin2 adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, urrin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori 'urrun' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. urrun].

urrindatu, urrinda, urrindatzen

du ad. Batez ere Ipar. Lurrindu; baltsamatu. Ik. urrineztatu. Gela garbitzea eta gero belar usain onekoez urrindatzea.

urrindatze

iz. Lurrintzea; baltsamatzea.

urrindu, urrin/urrindu, urrintzen

1 da ad. Usain txarreko bihurtu. Ik. kirastu. Hil hori zein fite hasi den urrintzen! Zeren halakoen gorputza usteldua eta urrindua baita.

2 du ad. Usain txarra hedatu. Puzka badoa astoa, urrinduz bazter osoa.

3 (Era burutua izenondo gisa). Arima urrindu eta bihotz ustel haiek.

urrineztatu, urrinezta, urrineztatzen

du ad. Lurrindu; baltsamatu. Ik. urrindatu. Gero Josef hil zen; eta urrineztatu zuten eta ezarri zuten katabut batean.

urrineztatze

iz. Lurrintzea; baltsamatzea.

urringai

iz. Usain ona hedatzen duen gaia. Mahai honetan intsentsua eta beste urringai gozoak erretzen ziren.

urrintsu

adj. Usain ona hedatzen duena. Pipa belar urrintsuz bete.

urririk

adb. Ipar. Doan. Ik. dohainik. Lan guztiak urririk eginen zituela. Errezibitu duzue urririk, emazue urririk. Erdietsi zuen Ignazio urririk har zezan bere ontzian.

urrisoro

iz. Ipar. Bibelarra.

urritasun

iz. Urria denaren nolakotasuna; zerbait neurri edo kopuru txikian egotea. Gaiaren ugaritasunaren edo urritasunaren arabera. Film pila koxkor bat agertu zaigu aurtengo neguan, iazko urritasunaren aldean. Jan eta edan urritasuna.

adimen urritasun, adimen-urritasun Adimenaren gutxiegitasuna. Adimen urritasun larria edo sakona duten pertsonei zuzendutako zerbitzuak.

urritu, urri/urritu, urritzen

da/du ad. Urri edo urriago bihurtu. Ik. gutxitu; bakandu. Luzaroko isilaldiak ez dio batere etorria urritu, ez eztarria moteldu. Egunak igaro ahala, esperantza ere urritzen zihoala. Izateko arrazoia kentzen ez badio ere, urritu behintzat bai. Gure arteko bereizkuntzak urritzeko modua. Bost axola zitzaion etsaiak gehitu ala urritu. Etxepareren miresleak ez ditu urteen joanak urritu, ugaritu baizik. || Adinak urritua zion urratsa.

urritx

iz. Gibelurdinaren familiako perretxikoa, oina eta txapel azpia zuriak dituena, sukaldaritzan oso aintzat hartua (Russula cyanoxantha). Gibelurdin eder bat eta urritx bi bareak jan gabeak.

urritz iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, urritz-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hurritz].

urritze

iz. Urri edo urriago bihurtzea. Elikaduraren urritze eta garestitzea.

urrixa

adj./iz. Bereziki abereez mintzatuz, emea. Eta abere mota guztietarik pare bat sarraraziko duzu, urrixa eta ordotsa. Aratxe urrixa. Zure baitan ez da izanen urrixa-ordotsetan agorrik, ala gizonetan ala abereetan.

urroztar

1 adj. Lizoainibarreko Urrotzekoa, Lizoainibarreko Urrotzi dagokiona.

2 adj. Malerrekako Urrozkoa, Malerrekako Urrozi dagokiona.

3 iz. Lizoainibarreko Urrotzeko herritarra.

4 iz. Malerrekako Urrozko herritarra.

urru

iz. g.er. Hegaztien urruma.

urruin

iz. g.er. Gutxiespena, destaina.

urruindu, urruin/urruindu, urruintzen

du ad. g.er. Gutxietsi. Ez urruindu nire eskaria.

urruingarri

adj. g.er. Arbuiagarria, erdeinagarria.

urruma

1 iz. Usoen eta usapalen kantu apal beti-batekoa. Usoak dirudite, teilatu ertzean, urruma eta jolasa, elkarren artean. Eta uso zuriek elkarri urruma egiten diote.

2 iz. Intziria; marruma.

urrumaka

adb. Urruma eginez. Bi usapal elkarri urrumaka bezalaxe.

urrumatu, urruma/urrumatu, urrumatzen

1 du ad. Usoak bere lagunari urruma eginez txera erakutsi.

2 du ad. Urruma gisako hotsak eginez (haurra) lokarrarazi. Amona zaharra, haurtxo bat urrumatzen ari dela.

urrun

1 adb. Distantzia handira. (Dagokion izen sintagmak edo adizlagunak -tik atzizkia hartzen du). Ik. urruti. Urrun joan. Urrun egon. Haren izena eta omena urrun da hedatzen. Herritik urrun bizi da. Hemendik urrun. Baina hauen bihotza urrun da eneganik. Lagun galgarrietarik urrun atxiki. Euria ez da urrun. || Badoa laurehun legoa urrun. || Urrunetik: urrundik. Urruneko: urrungo. Urrungo eskualdeetan. Urrunera ikusi. Urrunean ere entzuten zen haren ahotsa.

2 adb. (Denborari dagokiola). Urrun daude elkar maite genuen egunak. || Graziaren ama berrogei urtetarik ez zen urrun.

3 adb. (Ekintza bati dagokiola). Hizkuntzaren arazo larria konpontzetik urrun da. Salbatzaileari jarraikitzeak, arima apaltzetik urrun, arima edertzen du.

4 adj. Urrun dagoena. Ekialde Urruna. || Gurasorik gabe mirariz jaioa balitz bezala, hor dago gure aurrean ez oraingo, ez egungo eguneko, inoizko aldi urrun bateko seme dirudiela.

urrundanik adb. Ipar. Urrundik. Urrundanik heldu omen da.

urrundik adb. Urrun dagoen tokitik. Oso urrundik etorri zen hura ikustera. Negar zinkurinak ez zaizkio urrundik entzungo.

urrundik ere (Ezezko testuinguruetan). Inondik ere, inola ere. Alabaina, iraganean euskaldunak ez dira denak izan, urrundik ere, etxe jabe eta gizon libre. Nik ez nuen antzeko ezer nabaritzen, ezta urrundik ere. || Ez zen arazo bat, urrundik ere ez.

urrunarazi, urrunaraz, urrunarazten

du ad. Urruntzera behartu. Bekatutik urrunaraz gaitzaketen egiak.

urrundu, urrun/urrundu, urruntzen

1 da/du ad. Urrunera joan edo eraman. Ik. urrutiratu. Mundua ikaran zeukan armada hura urrundu zen Parisetik. Euskalkiak bereizten eta elkarrengandik urruntzen ari dira. Eiheralarre Donibane Garazitik hiru kilometro urrundua da, hegoaldera. Urrun zakizkit! || Hasi ziren jaunartzetik urruntzen. Bertute bat, atsegin lizunetarik urruntzen gaituena. Zure alferkeria da Jainkoari obeditzetik urruntzen zaituena.

2 da/du ad. (Denborari dagokiola). Ez dugu oraindik neurtzen hasteko bezain urrundua iragan berria, hainbeste gauzatan bizirik dirauen aldi joana.

3 (Era burutua izenondo gisa). Seme urrunduaren aitaren mina.

urrunkari

adj. Ipar. g.er. Urrun heltzen dena, helmen handikoa. Arma urrunkaria.

urrunkor

adj. Urruntzeko joera duena. Haurrekin ez izan urrunkor, baina solas eta josteta guztietan ez gal behin ere gurasoek hartze duten errespetua.

urruntasun

iz. Urrun egotea; urrun dagoenaren egoera. Urruntasunak eta denborak itzaltzen ez duen maitasuna. || Jauna, zure gogara ez eginik merezia dut urruntasun hura.

urruntxo

adb. Urrun samar. Ik. urrunxko; urrutitxo. Badira iturri onak, baina herritik urruntxo.

urruntzaile

adj./iz. Urruntzen duena. Guk hemen behar ditugun gauzen eramaile eta urruntzaile izanen zela autobidea.

urruntze

iz. Urrunera joatea edo eramatea. Nola amorante batzuei gorputzen urruntzerik ttipienak arimen urruntze guztizkoa dakarkien.

urruntze agindu, urruntze-agindu Zuz. Epaile batek zigor gisa ematen duen agindua, norbaiti beste norbaitengana edo leku jakin batera hurbiltzea debekatzen diona. Gizon bat kartzelan sartu dute urruntze agindua hausteagatik. Hiru urtez ezin izanen da bikotekide ohiarengana hurbildu, kilometro bateko urruntze agindua ezarri baitio epaileak.

urrunxko

adb. Urrun samar. Ik. urruntxo; urrutitxo. Urrunxko ziren Iruñetik. || Urrunxkotik egin zien oihu.

urruñar

1 adj. Urruñakoa, Urruñari dagokiona.

2 iz. Urruñako herritarra.

ürrüstoitar

1 adj. Ürrüstoi-Larrabilekoa, Ürrüstoi-Larrabileri dagokiona.

2 iz. Ürrüstoi-Larrabileko herritarra.

urruti

1 adb. Distantzia handira. (Dagokion izen sintagmak edo adizlagunak -tik atzizkia hartzen du). Ik. urrun. Ez baitu beste inork hain urruti jo bide horretatik. Elizatik urruti bizi direnak. Euskal mugetatik urruti. Ez gara elkarrengandik urruti ibili. Entzun zen, urruti samarrean, moxalen irrintzi larria.

2 adb. (Leku atzizkiekin). Arriskuak maite ditu, baina urrutitik. Eredu horri, urrutitik bederen jarrai gakizkion. Urrutiko gezurrak ederrago agertzen direlako. Urrutiko Indietara. Urrutiko arrantzaren erorikoa. Beste jakintzetara, inguruko nahiz urrutikoetara begiak iraultzea.

3 adb. Irud. Ez zegoen olerki horietatik urruti beste euskal liriko handi baten ukitua. Neskatxa horren adina urruti baino urrutiago utzia baitut.

4 adb. (Denboraz mintzatuz). Hain hurbil eta hain urruti dugun garai bateko giroa.

5 adj. Urruti dagoena. Bazter urrutietatik zetozela. Joan zitekeen lekurik urrutienera.

6 (Izen gisa). Ameriketako urruti haietan.

urrutian Urruti, urruti dagoen tokian. Goratu zituen bere begiak eta ikusi zuen urrutian Abraham. || Jerusalemetik zerbait urrutian zeuden alderdietan.

urruti gabe Urruti ez. Hemendik urruti gabe iturriren bat badela.

urrutira Urruti, urruti dagoen tokira. Dioena gezurtatzeko, ez da urrutira joan beharrik. Delako joera hori mugatzen eta zehazten saiatu ginen urrutirago jo gabe. || Urrutirako betaurrekoekin.

urrutira gabe Urrutira joan gabe. Baina badut nahikoa adibide, nire jaioterrian, urrutira gabe.

urruti-min

iz. Urruti joateko irrika. Berezkoa izan du euskaldunak urruti-mina.

urrutiratu, urrutira/urrutiratu, urrutiratzen

da/du ad. Urrutira joan; urrutira eraman. Ik. urrundu. Pagoetatik zerbait urrutiratu zirenean. Katilua urrutiratuz. Bada beste arazo bat, elkarrengandik urrutiratzen gaituena.

urrutitasun

iz. Urruntasun. Otoitzak ez du aurkitzen urrutitasunik, hegatzen da hodeiez goiti, zeruraino.

urrutitu, urruti/urrutitu, urrutitzen

da/du ad. g.er. Urrutiratu.

urrutitxo

adb. Urruti samar, urruntxo. Ik. urrutixko. Eliza hau herritik urrutitxo aurkitzen baitzen.

urrutixko

adb. Urrutitxo. Txakur leiala atzetik joan zitzaien, baina urrutixko, badaezpada ere.

urrutizkin

iz. g.g.er. Telefonoa.

urruxa adj./iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, urruxa-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. urrixa].

urtabe

iz. (urtabe ona, urtabe txarra esapideetan, 'uzta oneko urtea', 'uzta txarreko urtea' adierazteko). Aurten urtabe ona. Urtabe ona den guztietan.

urtaldi

iz. Ipar. Urtabea. Horrek ez du erran nahi beti uzta txarra altxatzen dela, zeren badira urtaldi onak. Bi urtaldi txar izan ditugu.

urtar1

adj. Uretan bizi dena edo dagoena, uretakoa. Arrainek, ordea, urtarrak izanik, beroa neurrian izaten dute.

urtar2

1 adj. Mesopotamiako Ur hirikoa, Mesopotamiako Ur hiriari dagokiona.

2 iz. Mesopotamiako Ur hiriko herritarra.

urtarazi, urtaraz, urtarazten

1 du ad. Ipar. Urtzera behartu. Eguzkiak urtarazten du mendiko elurra. Urtaraz ezazu kazola batean gurin pixka bat. Juduen gogortasunak negarretan urtarazten zituen.

2 du ad. Ureztatu, busti. Lihoa ateratzea eta urtaraztea.

urtaro

iz. Lurrak eguzkiarekiko duen egoera kontuan izanik, urtea bereizten den hiru hilabeteko lau zatietako bakoitza. Ik. udaberri; uda; udazken; negu. Denborak aurrera egin zuen, urtaroak bata bestearen atzetik etorri eta joan ziren. Negua zen urtarorik gogorrena. Urtaro aldaketak.

urtarril

1 iz. Urteko lehen hila. Ik. ilbeltz. 1552ko urtarril hondarrean. Urtarril mina zela, bi gaskoi ehizan. Handik lau hilabetera, urtarrilean.

2 iz. (Data adierazteko, -en atzizkia hartzen duela). Urtarrilaren hamahirua igandea da aurten. Iragan urtarrilaren 25ean heldu ziren. Urtarrilaren seian etorriko da. || (Aposizioan, -k atzizkia hartzen duela eta zenbakia artikulurik eta kasu markarik gabe). Gaur, urtarrilak 25, asteartea. Datorren ostegunean, urtarrilak 20, izendatuko da epaimahaia.

Urtats

iz. Ipar. Urteberri eguna. Eguberriz, Urtatsez eta Pazkoz. 1546ko Urtats egunean.

urtatu1, urta, urtatzen

du ad. Ipar. Ureztatu. Bazihoan ubidea Otsobiko lepora, handik beheiti pentze guztiak urtatzen zituela.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper