Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

txosna

iz. Erromerietan eta jaietan janariak eta edariak saltzeko jartzen den behin-behineko denda modukoa. Zelaiaren erdian egun baterako taxutu dituzten sukalde apalak, eta suaren hurrean, oihalezko txosnak.

txosnagune

iz. Jaietan txosnak dauden gunea edo lekua. Oñatiko txosnagunea musika talde handien agertoki bilakatuko da bihar.

txosten

iz. Gai jakin bati buruzko azalpen idatzia. Euskaltzaindian irakurri zuen txosten batean. Txostena eztabaidatu. Txosten bat agertu zuen espiritismoari buruz.

txostengile

iz. Txosten jakin bat egin duen pertsona. Petrolioaren salneurri garestiak eta upelaren prezioaren aldakortasunak kezkatuta dauzka txostengileak. Txostengileetako batzuk euskara idatziaren batasunaren guztiz aurka zeuden eta beste batzuek hil edo bizikoa ikusten zuten.

txota

iz. Heg. Txanka (karta). Ik. xango1 1. Txota urrea.

txotor

iz. Bizk. g.er. Bekatxoa.

txotx1

1 iz. Adkor. Zotza.

2 iz. Hortz-haginen bitarteak garbitzeko erabiltzen den ziritxoa. Hortzetako txotxak.

3 iz. Upelaren zuloa ixteko ziria. Ik. zipotz.

txotx2

iz. Zub. Hirurogei buruko artaldea. Arhanpe eta Irabarne, zuek badituzue txotxak, guk beste orok, aldiz, dituzkegu txotx erdiak.

txotxakeria

iz. Bizk. g.er. Ergelkeria, sinplekeria.

txotxatu, txotxa/txotxatu, txotxatzen

da ad. Bizk. Burua arindu, umetu. Ik. sinpletu. Txotxatu, sinpletu, zahartu, itxuragabetu eta ezainduko zara.

txotxin

adj. Bizk. g.er. Ergela, inozoa. Hago isilik, txotxina!

txotxo

Mutilentzako lagunarteko bokatiboa. Ik. txo.

txotxolo

adj. (Batez ere, gizonezkoez mintzatuz). Ergela, buruarina. Edozein txotxolo zentzugabek bezala jokatu dut. Txotxolo aurpegia.

txotxolokeria

iz. Ergelkeria, inozokeria.

txotxolotu, txotxolo/txotxolotu, txotxolotzen

da/du ad. Txotxolo bihurtu, ergeldu. Guztion artean txotxolotu duzue Txanton.

txotxongilo

iz. Eskuen edo harien bidez higiarazten den panpina antzekoa. Ik. giñol. Txotxongilo antzerkia. Txotxongilo emanaldia. || Irud. Baina hau ez duk gure etxea; horrako txotxongilo horiek ez dituk nire haur gaixoak.

txu

iz. Bizk. Txistua, listua. Ik. tu.

txufa

iz. Papiroaren familiako landare bizikorra, hortxata egiteko erabiltzen diren tuberkuluak ematen dituena; tuberkulu hori bera (Cyperus esculentus). Europan Valentzian bakarrik landatzen da txufa.

txukatu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, txukatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. xukatu].

txuktxiera

iz. Txukotkan mintzatzen den hizkuntza.

txukun

1 adj. Garbia eta apaina, nahaspilarik eta lardaskarik gabea. Ik. gurbil2 2. Euskara txukunean idatzia. Gaurko gazte azkarrak, berriz, dotore jantzirik, lasai bizi dira etxe txukunetan. Ostatu apala, baina txukuna. Zahartu ginen baina gabiltza lanean, beti jarraitzen dugu modu txukunean. Oso langile txukuna. Gure mutil bikainak eta gure neskatxa txukun, argi eta garbiak. Euskal dantza txukun eta politak. Itxura txukun-txukunekoa zen.

2 (Adizlagun gisa). Ik. txukunki. Eliza barrua txukun edukitzea gustatzen zitzaiola. Ezin hobeki atera du liburua, txukun eta dotore, Valverde etxeak. Txukun-txukun jantzita ateratzen da arratsaldero paseatzera.

txukundu, txukun/txukundu, txukuntzen

da/du ad. Txukun jarri; txukun bihurtu. Kaleak garbitzen eta bazterrak txukuntzen. Zoaz orain sukaldea pixka bat txukuntzera. Gure euskara garbitu eta txukuntzeko eskubidea ez liguke inork ukatu behar. Zertxobait txukundu eta jaitsi egin nintzen.

txukunkeria

iz. Txukuntasun gaitzesgarria.

txukunketa

iz. Txukuntzea. Goian dabil, etxe txukunketan.

txukunki

adb. Txukun, txukuntasunez. Txukunki apaindua. Liburua poliki eta txukunki itzulia dago. Bilboko Ellakuriarenean txukunki inprimatua.

txukunkiro

adb. Txukunki.

txukuntasun

iz. Txukuna denaren nolakotasuna. Egilearen izenak aski esaten du, hemen erabili dituen arretaz eta txukuntasunaz.

txulapaindar

1 adj. Txulapaingoa, Txulapaini dagokiona.

2 iz. Txulapaingo herritarra.

txuleta

iz. Heg. Bizkarraldeko saihets-hezurren ondoko okela, hezur eta guzti ebakitzen dena. Ik. saiheski. Haragi errea, oilasko errea, txerri-txuletak eta arkume-txuletak.

txuliatu, txulia, txuliatzen

1 du ad. Toreatu.

2 du ad. Beh. Zerbait saihestu, zerbaiti ihes egin. Abokatua, legea txuliatzen trebea den pertsona.

3 da/du ad. Norbaiti burla, iseka egin. Ez zaitezte nitaz txulia.

txulo iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, txulo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zulo].

txulut egin

Bizk. Porrot egin. Horren pentzudan dagoena erruki dut; onik onenean txulut egiten dute horren asmoek.

txundidura

iz. g.er. Harridura. Gertaera gorabeheratsu samarra izan da, eta oraindik ere ez zait txundidura pasatu.

txundigarri

adj. Txunditzen duena, harrigarria. Ikuskizun txundigarria. Zirrara txundigarri bat sentitu nuen.

txunditu, txundi, txunditzen

du ad. Erabat harriturik utzi, zur eta lur utzi. Gehiago txundituko ditugu arrotzak, gure obra bat haien erdarara itzularaziz, haien erdaratik hamar gureganatuz baino. || Txunditurik utzi ninduen, lehen aldiz ikusi nuenean. Begiak txundituta hainbat ikuskariz.

txunditze

iz. Erabat harriturik uztea, zur eta lur uztea. Ik. txundidura.

txuntxur

iz. Tontorra. Zaraiako mendiaren txuntxurretik ikusten da itsasoa garbiro.

txupatu, txupa, txupatzen

du ad. Heg. Herr. Xurgatu; miazkatu. Bisigu erreen hezurrak ondo txupatuko ditugu.

txupete

iz. Heg. Titiburuaren forma duen gauzaki malgua, eskuarki gomaz edo silikonaz egina dena, haur txikiei xurgatzeko ematen zaiena. Arrebari eta bioi, txupetea ibaira botarazi ziguten neska-mutil handiak ginela adierazteko.

txupinazo

iz. Jai bati hasiera emateko suziria botatzea; botatzen den suziria bera. Uxue Barkosek botako du sanferminetako txupinazoa.

txuri adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, txuri-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zuri].

txuringa

1 iz. Eraztun formako giharra, uzkiko zuloa irekitzen eta ixten duena. Txuringatik isurtzen dute isurkari likits bat.

2 iz. Abereen bagina. Zezenak, bere estalaldian, hazia txuringa barrenean botatzen du.

txuri-urdin

1 adj. Donostiako Real Sociedad futbol taldearena, talde horri dagokiona. Ik. zuri-urdin 2. Atzelari txuri-urdinak ere ez ziren batere egoki aritu jokoz kanpokoaren bila. Talde txuri-urdina.

2 iz. Batez ere pl. Futbol talde horretako jokalaria. Txuri-urdinentzat ez dauka garrantzi makala gaurko partidak.

txurro

iz. Heg. Irin ore frijituz egiten den makila gisako janaria. Kafea txigorkiekin edo txokolatea txurro egin berriekin hartzera.

txurrogile

iz. Txurroak egiten dituen pertsona.

txut

interj. Bizk. Mina adierazteko erabiltzen den hitza, bereziki gauza beroak ukitzean edo erretzean esaten dena. Ezpainetara hurbildu zuenean, erre zizkion irakiten zegoen ardoak, eta "txut" esanik, hasi zen ardo gorituari putz egiten. || Txut, hau beroa! Txut, bai sargori handia!

txutxu

iz. Bizk. g.er. Gogoa, desira.

txutxu-mutxu

iz. Marmarra, esamesa. Prest egoten zen jendearen txutxu-mutxu hutsalenak ere entzuteko.

txutxu-mutxuka

adb. Isil-misilka, marmarka. Bizi-bizi txutxu-mutxuka ari ziren elkarrekin.

txuvaxera

iz. Errusian, Txuvaxiako Errepublikan, mintzatzen den hizkuntza.

tzar

1 adj. Txarra, gaiztoa. Ik. alfertzar; deabrutzar; gizontzar; harritzar; kolpetzar; mihitzar... Jende tzar fedegabeekin. Atso tzarrak! Ez ote zuten ikusia emazte tzar baten etxean sartzen? Belar tzarrak hazten ari direnean. Lege bat, on edo tzar, egin ondoan (...). Urrats tzar beretan elkarrekin ibili ez ginen? Ateraldia tzarrago, itsusiago, eta nahiago duela iduri du. Ele tzar eta mehatxuak. Min tzar batek eraman zuen. Gure jaidura tzarren garaitzeko. || (Berez ideia txar bat adierazten duten izenekin, indargarri gisa). Ohoinak baino areagokoak diren gaiztagin tzar batzuk. Sorgin tzarra, zuk eritu didazu emaztea!

2 adj. Txarra, kalitate txarrekoa, balio gutxikoa. Pilda batzuk soinean, zikinak eta higatuak, oinetan espartin tzar batzuk, zola jana zutenak. Zuen automobil tzarrekin, karroza zaharrak ehortzi dituzue. Bordatxo tzar batean Jesus sortu zela?

tzarkeria

iz. Txarkeria, gaiztakeria. Gezurra, herra, tzarkeria, ohointza bazter guztietan nagusituak. Alferkeriak ezin sorraraz ogia, beharko du asmatu zenbait tzarkeria. Tzarkeria egiteko baizik ez zen haren alaba zaharrena.

tzarraka

iz. Zub. Zaparrada.

tzartasun

iz. Txartasuna, gaiztotasuna; tzarkeria.

tzartu, tzar/tzartu, tzartzen

da/du ad. Tzar edo tzarrago bihurtu.

tzigano

iz. Ipar. Ijitoa. Ik. buhame. Tziganoen festa bat da Ederlezi, udaberriko festa, maiatzaren 6an Balkanetan egiten dutena.

tzotzil

1 adj. Mexikoko hego-ekialdean bizi den etnia batekoa, etnia horri dagokiona. Tzotzil indigena zen Ramona komandantea, eta hasiera-hasieratik hartu zuen parte EZLNren matxinadan. Komunitate tzotzil hauetan, irakasleak ez du espainieraz baizik egiten.

2 iz. Etnia horretako kidea. Laurogei mila pertsonako azpitaldea osatzen dute tzotzilek.

u

iz. Alfabetoko letra (u, U).

uagadugutar

1 adj. Uagadugukoa, Uagaduguri dagokiona.

2 iz. Uagaduguko herritarra.

ubarroi

iz. Itsas hegian bizi den hegaztia, lumadi ilunekoa, ahatea baino handiagoa eta murgilean ongi egiten duena (Phalacrocorax sp.).

ubarrundiar

1 adj. Ubarrundiakoa, Ubarrundiari dagokiona.

2 iz. Ubarrundiako herritarra.

ubazter

iz. g.er. Ur-bazterra, itsasbazterra.

ubel

1 adj. Larruazalak, kolpe baten edo hotz handiaren ondorioz, hartzen duen kolorekoa. Ik. uspel1; more. Isilik, ezpain ubelak. Birika, arrosa-kolore; ubel, gibela. Lurrean laino ubelak eta itzal beltzak ibarretatik geldi igotzen dira. Lore gorri zena ubel bihurtzen da. Belarriak dauzkat ubel-ubelak; sudurra, berriz, belztua.

2 iz. Larruazalean kolpe baten edo hotzaren ondorioz gertatzen den orban ubela. Ik. ubeldu2; ubeldura; ubelune; ubeluri; beltzune 2. Nire eskuek egindako ubelak. Ubelez eta kolpe txarrez josirik zaude.

3 iz. Kolore ubela.

ubeldu1, ubel/ubeldu, ubeltzen

da/du ad. Kolore ubela hartu, bereziki larruazalaren zati batek. Ik. uspeldu. Zurbildu zaio gandorra; ubeldu gero; azkenik belztu. Hanka zeharo minberatua, ubeldua eta handitua daukat. Esku-aurpegiak hotzez hanpatuak eta ubelduak. Zerua ubeldu zen ekaitzaren ariaz.

ubeldu2

iz. Ubela (larruazalekoa); orban ubela. Burutik oinetaraino zauri bat eginik, guztia ubeldu eta odolez betea. Ubeldu handiak aurpegian zituela.

ubeldura

iz. Ubela, ubeldua. Gorputza ubelduraz betea.

ubeltasun

iz. Ubela denaren nolakotasuna; ubel dagoenaren egoera. Eriaren begitarteko ubeltasuna.

ubelune

iz. Ubeldua; gune ubela.

ubeluri

iz. Ipar. Ubeldua.

ubeluritu, ubeluri/ubeluritu, ubeluritzen

da/du ad. Ipar. Ubeldu.

ubera1

iz. Itsasontzi batek uretan uzten duen arrastoa. Ik. lorratz. Itsasoan ubera utziz doan belaontzia.

ubera2

iz. Itsasbehera.

ubide

1 iz. Ura eramateko gizakiak egindako bidea. Ik. kanal. Tuteran bi ubide hasten dira, Deustiakoa eta Aragoikoa. Ubide eta ibai-bazter guztietan gainez egingo du urak.

2 iz. Itsasarte artifiziala. Panamako ubidea.

ubidear

1 adj. Ubidekoa, Ubideri dagokiona. Ik. ubideztar.

2 iz. Ubideko herritarra.

ubideztar

1 adj. Ubidekoa, Ubideri dagokiona. Ik. ubidear.

2 iz. Ubideko herritarra.

uda

iz. Lau urtaroetan beroena, udaberriaren ondotik datorrena eta Lurraren iparraldean ekainaren 21etik irailaren 21era hedatzen dena. Udako bero handietan. Udako egun luzeak. Pikondoari kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaionean, badakizue uda hurbil dela. Biarritzen iragan zuen 1859ko uda. Inguruko herri batera, uda igarotzera. Udaren erdian. Uda erdiko hodei trumoitsu baten eraso laburra. Udako oporraldiak. Udako jantzi arinak. Uda ala negu, gau eta egun. Ingalaterran, uda eta negu, beti kanpoan daude ardiak. Uda aldera lurra liliz estaltzean (Ik. udalde).

uda min Uda bete-betea, udako une gorena. Uda minean, eguzkiak azkar berotzen zuelarik, oroz gainetik gustatzen zitzaidan zuhaitz haren itzalean etzanda egotea. Uda mineko ilbete zuri-zuria, biribila. Uda mina da, baina haizea hotz eta mehe da.

uda-pasa adb. Uda pasatzera. Igartzen zaio, bai, garai batean gure herrira uda-pasa etortzen ziren bilbotarren izaera.

udaberri

1 iz. Lau urtaroetatik lehena, Lurraren iparraldean martxoaren 21etik ekainaren 21era hedatzen dena eta lurralde epeletan landareak hostatzen eta loratzen direna. Ik. udalehen. Guretzat udazkena denean, Argentina aldean udaberria esnatzen da. Udaberriak janzten ditu hostoekin oihanak. Udaberriko loreak. Joan den udaberrian. Udaberriko arratsalde eder batean. Ilunabarrak, udazkenak, zirrara ezti-mingotsa zabaltzen digute bihotzean, egunsentiak eta udaberriak ez bezala. Udaberrian edozein da lore.

2 iz. Irud. Igaro zen neke horien negu gogorra eta etorri da atsegin-kontentuen betiko udaberria. Gizonaren udaberria. Bizitzako udaberrian.

udaberriro

adb. Udaberri guztietan, udaberri oroz. Udaberriro itzultzen zen bere familiaren baserrira.

udaburu

1 iz. Udaren hasiera, udako solstizioa. Orduz geroztik, erraten dute udaburuko gauerdian Eztaintzia ingurutik pasatzen denak entzun egiten dituela ardiak marraka, txakurrak zaunkaka eta artzainak deika.

2 iz. Udaren bukaera.

udagoien

iz. Bizk. Udazkena. Ik. larrazken. Udagoieneko arratsalde epel batean.

udal

1 iz. Estatuaren administrazio maila behereena; udalerri bat administratzen duen erakundea. Ik. udaletxe. Bergarako Udala. Udala ikastolaren jabe egiten bada. Aldundi eta udalei dirua eskatzeko. Udalaren erabakiak.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Orduan udal liburutegira abiatu nintzen ziztu bizian. Udal langileen janzki urdinak. Udal ordezkariak. Batzordea alderdi bakoitzak azken udal hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera osatzen da.

3 iz. Udalerria. Euskal Herriko udalen izendegia. Udal izenen ofizialtasuna.

udal barruti, udal-barruti Udal bat zatitzen den barrutietako bakoitza. Parisko 3. udal barrutiko alkatea. Ordutik aurrera, New Yorkeko maratoiaren ibilbideak hiriko bost udal barrutiak zeharkatuko zituen: Staten Island, Brooklyn, Queens, Bronx eta Manhattan.

udalbatza

iz. Udalerri bat administratzen duten pertsonen multzoa, alkateak eta zinegotziek osatua. Udalbatzak, osoko bilkuran, zorra barkatzeko erabakia hartu du. Altsasuko udalbatzak aho batez gaitzetsi ditu erasoak. Ikurrinari agurra egiteko, udalbatzako lau kide bakarrik elkartu ziren.

udalbatzar

iz. Alkateak eta zinegotziek egiten duten batzarra. Udalbatzar istilutsua izan zuten duela ia bi aste.

udalburu

iz. Udalbatzaren burua, alkatea. Izaera bikoitzaren arabera, alkatea, udalburu izateaz gain, estatuaren ordezkari ere izango da. Yolanda Barcina Iruñeko udalburua.

udalde

iz. Uda aldea. Udaldeko gau epeletan.

udaldi

iz. Uda denbora, udako egunen multzoa. Aurrera zihoan udaldia. Zarautzen, udaldian hara joaten ziren handikien babesean.

udalehen

iz. Bizk. Udaberria.

udaleku

1 iz. Udaldia igarotzeko lekua.

2 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Haur talde batek bere begiraleekin, jolasean-eta, udaldiko egun batzuk igarotzeko lekua. Udalekuetan egon berria naiz, eta han oso gaizki jaten genuen. Haurrak hamabost egunerako udalekura eramango zituen autobusa iritsi zen. Udan, bertso-udalekuak antolatzen dira Aubixan.

udalerri

iz. Udalak administratzen duen barrutia. Eudel, EAEko Udalerrien Elkartea. Ziortza-Bolibar udalerri independentea dela erabaki zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek.

udaletxe

iz. Udal administrazioaren zerbitzuak eta bulegoak dauden eraikina. Ik. herriko etxe. Udaletxera joan. Horrek jendetza erakarri zuen Iruñeko udaletxeko plazara txupinazoaren unean. Udaletxeko harmailetan. Udaletxeko batzar aretoan.

udalkide

iz. Udalbatzako kidea. Igandeko mezan udalkide guztiak bildu ziren. Eibarren, ohituraz, irailaren 29an izendatzen ziren udalkideak.

udaltzain

iz. Herri edo hiriko bizitza zaintzeko eta udal aginduak betearazteko zeregina duen enplegatua. Ik. herrizain. Udaltzainek erasotzailea atxilotu eta berehala utzi zuten aske. Uda honetan, 90 udaltzain gehiago izango dira Donostiako kaleetan.

udaltzainburu

iz. Udaltzainen buruzagia. Udaltzainburuaren dimisioa eskatu zuten ehunka lagunek atzo.

udaltzaingo

iz. Herri edo hiri bateko udaltzainen multzoa; udaltzainek betetzen duten herri zerbitzua. Donostiako Udaltzaingora deitu zuten erasoaren berri emateko.

udara

iz. Gip. Uda. Mendian zaintzen zituen ardiak udaran.

udare

1 iz. Udareondoaren fruitua, biribil antza baina txorten aldean zerbait luzatzen dena, mami sendoa eta urtsua duena. Ik. madari; txermen. Udare umoak. San Joan udareak.

2 iz. Udareondoa.

udare arbola, udare-arbola Udareondoa.

udareondo

iz. Arrosaren familiako zuhaitza, ez oso handia, lore zuriak dituena eta fruitutzat udareak ematen dituena (Pyrus communis). Ik. madariondo. Gure mahastiaren mugatik hurbil, udareondo bat zegoen udarez betea. Udareondoak txertatu.

udaretze

iz. Ipar. g.er. Udareondoa.

udaro

adb. Uda guztietan, uda oroz. Etxea genuen Hondarribian, eta udaro joaten ginen.

udate

iz. Udaldia.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper