Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

suhartu, suhar/suhartu, suhartzen

1 da/du ad. Ipar. Suhar bihurtu. Soldadu bihotz gutiduna suhar daiteke lagun suharrekin.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Bere bihotz amodioz suhartua.

suhi

iz. Alabaren edo semearen senarra. Haserretu nintzen nire suhiarekin. Mikel Lahirigoien hartu du suhitzat.

suhi-errain iz. pl. Suhia eta erraina; suhiak eta errainak. Gure umeak oso onak; suhi-errainak berdin, zer esanik ez.

suhigai

iz. Alabaren edo semearen senargaia.

suhiltzaile

iz. Suteak itzaltzeko edo arriskuan dagoen jendeari laguntzeko eraturiko herri erakundeko kidea. Suhiltzaileei deitu. Suhiltzaileengana hel egin.

suhuskundar

1 adj. Suhuskunekoa, Suhuskuneri dagokiona.

2 iz. Suhuskuneko herritarra.

suil

1 iz. Isurkariak, ura batez ere, garraiatzeko zurezko ontzia, oinarria ahoa baino zabalagoa duena eta burdinazko uztaiak dituena. Ik. edarra; tina1; pegar 1. Demagun, neska bat suila buruan eta eskuinean pertza, ur bila doala. Ez dago iturria agortuko duen suilik.

2 iz. Suil baten edukia. Ik. suiltara. Iturritik zetorren suil bat urekin.

suiltara

iz. Ipar. Suil baten edukia. Leiho batetik suiltara ur hotz isuri zioten besagainka.

suin

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, suin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. suhi].

suite

1 iz. Mus. Tonalitate bereko zenbait zatiz osaturiko musika-lana. J. S. Bachen suiteak.

2 iz. Goi mailako hoteletan, elkarren artean komunikaturiko gela multzoa, bezero bakar bati alokatzen zaiona.

suitzar

1 adj. Suitzakoa, Suitzari dagokiona. Suitzar mutil gazte bat.

2 iz. Suitzako herritarra.

suizida

adj./iz. Bere buruaz beste egiten duena, bere burua hiltzen duena. Gerrillari suizidak ez dira gaur goizekoak. Hogeita bi urteko suizida palestinar batek Armadaren ibilgailu baten aurka talka egin zuen igandean.

suizidio

iz. Norbaitek bere buruaz beste egitea. Suizidioa etsipenetik heldu da. Suizidio kopurua neurri gabe gora egiten ari zen.

sujet

1 iz. Ipar. Zah. Mendekoa. Jainkoaren sujet izateko. Errege bati ote doakio, bada, bere sujeten ondotik ibiltzea?

2 iz. Ipar. Gaia. Tobera mustraren sujeta. Sujet horren gainean bertsoak emanarazi zizkidaten.

3 iz. Ipar. Pastoraletan, protagonista. Jojo Malharin 42 urteko mauletarra izango da Zuberoako hiriburuak aurten taularatuko duen Antso Handia pastoraleko sujeta.

sujeto

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sujeto-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. subjektu].

sukaldari

iz. Ogibidez janariak prestatzen dituen pertsona. Ostatuko sukaldaria. Bost euskal sukaldari ospetsuk prestatu dute afaria.

sukaldari-laguntzaile iz. Jatetxe eta kidekoetan, sukaldeko lanetan laguntzen duen pertsona. Sukaldari-laguntzaile sartzea lortu zuen.

sukaldariburu

iz. Jatetxe bateko sukaldarien burua. Ik. chef. Mundu bira honetan, goi-mailako 12 sukaldariburuk parte hartuko dute.

sukaldaritza

iz. Sukaldariaren lanbidea; janariak prestatzeko antzea. Ik. gastronomia. Gehienetan, sukaldaritzan nagusi direla uste izaten dute emakumeek. Euskal sukaldaritza. Sukaldaritza ikastaro batean izena eman zuen.

sukalde

1 iz. Janariak prestatzeko egokitua dagoen etxeko gela. Ik. suete; ezkaratz 3. Etxeko sukaldeko sua. Ostatuko sukaldean. Sukaldeko eltze-plateren artean. Sukaldeko mahaian. Nire lehenbiziko euskal eskola gure sukalde hura izan zen. Sukaldera hotzez hiltzera (esr. zah.).

2 iz. Janariak berotzeko, egosteko edo frijitzeko erabiltzen den tresna. Sukalde elektrikoa.

sukalde bazter, sukalde-bazter iz. Supazterra; sukalde zokoa. Jangarritzat esnea, berogarritzat sukalde bazterra. Hurrengo egunean bazen algara ugari sukalde bazterretan.

sukalde lan, sukalde-lan 1 iz. Jakiak prestatzeko lana. Jan ezazue ondo, eta ondoren joan gaitezen denok otoitzera, eta inork ez dezala aldi batean ardurarik izan sukalde-lanaz. Iñaxi eta neskamea ari ziren sukalde lanetan.

2 Zenbait jardueratan (politikan eta herrigintzan, esaterako), helburu bat iristeko aurrez egin beharreko prestakuntza-lana, ikusten ez dena. Biek ala biek badakite edozein proposamenek sukalde-lana behar duela. Alderdien mahaiari dagokionez, sukalde lana egiteko garaia dela uste du, metodologia oinarri sendoen gainean adosteko. Helburua Euskal Herriaren eta bere eskubideen errespetuan oinarritutako irtenbidea aurkitzea dela, eta horretarako sukalde lanak egiten ari direla.

sukalde tresna, sukalde-tresna iz. Sukaldeko zereginetarako erabiltzen den tresna. Tximinian eskegitako zartagina beste sukalde-tresnarik ez zegoen bordan. Sukalde tresnentzako arasa.

sukalde zoko, sukalde-zoko iz. Sukaldeko zokoa. Baserrietako sukalde zokoan hamaika bider entzun dira Pernandoren gertaera horiek. Euskal sukalde-zokoetako ohiturak.

sukaldezain

iz. Ostatu, komentu, jauregi eta kidekoetan sukaldearen ardura duen pertsona.

sukalondo

iz. Sukalde ondoko gela, janariak, sukaldeko tresnak eta kidekoak edukitzeko egokitua izaten dena.

sukar

1 iz. Gorputzeko tenperaturaren goratzea, eritasunen baten sintoma dena. Ik. berotasun 3. Sukar handiarekin zegoen. Sukar gaitza, bortitza. Sukar arin batek gau labur bat egiten badigu hain luze (...). Hetikazko sukarrarekin dagoen eria. Sukar gaizto bat lotu zitzaion. Sukarrak berriro harturik, hil zen.

2 iz. Irrika; asaldura. Gorrotoaren sukarra. Ez baitute beste lanik, ez beste sukarrik, baizik ere nondik zer ele nahasi duten jaulkiko.

sukar amets, sukar-amets iz. Sukarrak eragindako nahasmendu egoera, zentzugabekeriak esanarazten dituena. Ik. eldarnio; delirio. Sukar ametsetan askotan aipatu duzu haren izena.

sukar beltz iz. Eritasun kutsakor larria, Bacillus pestis-ek eragina. Sukar beltzaren denboran, jendea hiltzen zen eulia bezala.

sukarra hartu Gorputzeko tenperatura neurtu, sukarra dagoen ala ez jakiteko. Esku bat jarri zidan bekokian maitekiro, ume bati sukarra hartzeko egiten zaion bezala.

sukarretan 1 adb. Sukarrarekin. Hi sukarretan hago; ea, utz iezadak begiratzen!

2 adb. Grinaz, gogo biziz. Otoitz eta otoitz ari zen, sukarretan.

sukar ustel iz. Eritasun kutsakorra, Eberth-en baziloak eragina, etengabeko sukarra, buru nahasmenduak eta digestio arazo larriak dakartzana. Ordu berean sukar usteletik hil zen Hazparnen neskato gazte bat.

sukardun

adj./iz. Sukarra duena. Sukardunek haiei hurbiltzen zaizkienak kutsatzen dituzte. Gizon mehar bat begi sukardun batzuez argitua.

sukarraldi

iz. Sukarra izaten den aldia. Sukarraldi haietan, amets bat izan nuen, eta amets hartan Jainkoaren mintzoa aditu nuen.

sukarrietar

1 adj. Sukarrietakoa, Sukarrietari dagokiona.

2 iz. Sukarrietako herritarra.

sukarti

adj. Sukartsua. Eri sukartia.

sukartsu

adj. Sukar handia duena. Ik. sukarti. Begirada sukartsua. Irudimen sukartsua dutenak eta beren ametsak egiatzat hartzen dituztenak.

sukatilu

iz. g.er. Arragoa.

sukoi

1 adj. Erraz su hartzen duena. Alkohola eta fosforoa sukoiak dira.

2 adj. Sukorra.

sukor

adj. Erraz haserretzen dena. Ik. sukoi 2; haserrekor. Gizon sukorra.

sukortasun

iz. Sukorra denaren nolakotasuna.

sukurtsal

iz. Merkataritza-etxe nagusi baten mende dagoen eta haren zerbitzu bera eskaintzen duen bulegoa edo etxea. Bi lagunek lapurreta egin dute Donostiako Amara auzoan Kutxak duen sukurtsal batean.

sulfatatu, sulfata, sulfatatzen

1 du ad. (Gai bati) sulfatoa erantsi.

2 du ad. Sulfatoz fumigatu. Mahastiak sulfatatzera joan dira.

3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Ur sulfatatua edatea komeni zaizu.

sulfato

iz. Azido sulfurikoaren gatza. Sodio sulfatoa. Burdin sulfatoa berdea da.

sulfhidriko

adj. Kim. Azido sulfhidrikoa (H2S): gas koloregabea, arrautza ustel usaina duena.

sulfito

iz. Azido sulfurosoaren gatza. Sodio sulfitoa.

sulfuriko

adj. Kim. Azido sulfurikoa (H2SO4): olio itxurako isurkaria, oso erregarria, ur-kentzaile eta oxidatzaile bortitza delako, industrian erabilbide ugari dituena.

sulfuro

iz. Azido sulfhidrikoaren gatza.

sulfuroso

adj. Kim. Azido sulfurosoa (H2SO3): sufre dioxidoa uretan urtuz lortzen den azidoa.

sultan

1 iz. Turkiarren enperadorea.

2 iz. Zenbait herrialde musulmanetan, printze edo gobernaria. Sultanaren jauregiko haremean.

sultanerri

iz. Sultan baten agindupeko lurraldea. Omango Sultanerria.

sum

iz. Uzbekistango diru unitatea.

suma1

iz. Zah. Kopurua. Diru suma bat.

suma2

iz. Usaimena. Suma handiko txakurra.

sumaezin

adj. Ezin sumatuzkoa. Bai aztergaitzak Jaunaren erabakiak eta sumaezinak haren bideak!

sumagai

adj. Sumatua izateko gai dena, suma daitekeena. Ik. sumagarri. Han ari zara gurekin eletan, ulergai eta sumagaiak bereiz ditzagun gaua eta eguna bezala.

sumagaitz

adj. Ia sumaezina. Askotan, gorputza bera ere ez da konturatzen pozaldian dagoen ala ez, hain baita sumagaitz.

sumagarri

adj. Suma daitekeena. Ik. sumagai. Gauza ulergarri eta sumagarriak.

sumarazi, sumaraz, sumarazten

du ad. Sumatzera behartu. Magnetofonoak esandakoak entzunaraziko dizkigu behin eta berriro esan diren bezalatsu, baina ez digu sumaraziko lehen suma ezin genezakeenik. Hark sumarazten dizuna zati bat da, eta zati horren osoa zer den ez dakizu.

sumatu, suma/sumatu, sumatzen

1 du ad. Sentipen edo sentimen bat nabaritu. Ukituz ere ez nuen sumatu, ez baita ukigarri. Ez begik ikusi, ez belarrik entzun, bihotzak sumatu ere ez baitezake atsegin toki hau zer den. Dardarak ez gintuen artean ukitu edo, ukitu bagintuen ere, begi-belarri ernea eta arima urduria behar ziren zirrara sumatzeko. Norbait ondoratu zitzaiola sumatu zuen. Nik ez diot zinemari deus ikusgarririk sumatzen. Haren nahigabea ez da beste inork sumatu ez duenetakoa, non eta noiznahiko gizonarena baizik. Askotan sumatzen dut ilunpetan neure burua. Gizonak bere baitan sumatzen du garbiro besteren bizia eta izatea. Besteek sumatzen ez dituzten ezkutuko deiei bihotza irekitzen dietenak.

2 du ad. Konturatu. Ez litzateke ezinezko gauza arrotz bat Galesen luzaroan bizitzea, ingelesaz beste hizkuntzarik badela sumatu baino lehen.

3 du ad. Igarri, antzeman; asmatu. Nire jakinduria motzak ez dezake bestela sumatu zer egin. Oker gutxi pasatu zen hark sumatu gabe. Asmakari hori sumatzeko, Santa Ritari deitu beharko diogu.

sumendi

iz. Gai goriak eta sutuak botatzen dituen edo bota dituen mendia. Etna sumendia. Siziliako sumendien elurrezko gailur zuriak. Sumendiaren kraterra.

sumerrera

iz. Antzinatean Mesopotamian mintzatzen zen hizkuntza.

sumertar

1 adj. Sumerkoa, Sumerri dagokiona.

2 iz. Sumerko herritarra.

sumetitu, sumeti, sumetitzen

da/du ad. Ipar. Zah. Menderatu, mendean jarri; men egin. Geure buruak haren obedientziara sumetitzen ditugularik. Frantzia guztia sumetitu zaio lege horri. Nola sumetituko da bertzeren manua egitera?

sumin

1 iz. Haserre bizia. Sumina baretu.

2 iz. Oinaze edo nahigabe bizia.

3 adj. Sumina sortzen duena; haserre bizikoa. Itsaso sumina. Ideia eta iritzien arteko gerla garratz-suminak. Liskar sumin haien oihartzun baketsu hau.

suminaldi

iz. Haserrealdi bizia. Suminaldi batean egina.

suminbera

adj. Suminkorra. Harro eta apal, eramankor eta suminbera, zenbat eta zenbat horrelako etsaitasun ez zeramatzaten barruan, guztiok bezala!

sumindu, sumin/sumindu, sumintzen

da/du ad. Biziki haserretu. Ik. sutu 3. Horrelako hitz zoroek sumindu zuten Joaben anaia. Biziki berotuak, osoki suminduak erregetasunaren eta Elizaren kontra. Besteen azpijanaz sumindurik ibili beharrean, pentsa dezagun inoiz edo behin besteak ere, nor bere bidetik, ongiaren irrikaz dabiltzala.

sumindura

iz. Sumina, haserre bizia. Ezagutu beharrean zordun zela Daviden aldera, Saul bihotz-gogorrak ez dio herrarik eta sumindurarik baizen erakusten.

sumingarri

adj. Sumintzen duena. Gaztaroko oroitzapenetatik hondar garratz eta sumingarri bat besterik ez zitzaion gelditu.

suminki

adb. Suminez, haserre bizian. Negu beltzak askotan jotzen du suminki.

suminkor

adj. Erraz sumintzen dena. Gizonaren bihotz suminkorra.

suminkortasun

iz. Suminkorra denaren nolakotasuna. Gauza bakar bat indartzen zen nire baitan: suminkortasuna.

suminkortu, suminkor/suminkortu, suminkortzen

da/du ad. Suminkor bihurtu.

sumintze

iz. Biziki haserretzea. Ik. gaiztotze. Joan den legealdian jazo zen sumintze politiko izugarria.

sumisio

1 iz. Mendekotasuna.

2 iz. Otzantasuna, esanekotasuna.

sumoera

iz. Nikaraguako ekialdean, Karibeko kostaldean mintzatzen den hizkuntza.

sunbildar

1 adj. Sunbillakoa, Sunbillari dagokiona.

2 iz. Sunbillako herritarra.

sunda

iz. Bizk. Usaina, besterik adierazten ez bada, sarkor eta ezatsegina. Ik. hats2 1; kirats. Arrain sunda. Izerdi sunda. Lizun sundazko gelatzar iluna. Odol usaina zen, heriotza sunda. || Bere aita horditurik zebilen diru sundarekin.

suni

1 adj./iz. Musulmanez mintzatuz, Mahomet profetaren hitzetan eta ekintzetan oinarritzen den ortodoxiaren jarraitzailea dena. Xiien eta sunien arteko liskarrak. Suniak islamaren adar garrantzitsuena dira.

2 adj. Ortodoxia musulman horrena, ortodoxia musulman horri dagokiona. Al Azhar, Islam suniaren unibertsitate-meskitarik ospetsuena. Gobernu berriaren osaketari buruz hitz egiteko bildu ziren buruzagi suniak eta xiiak.

sunita

adj./iz. Sunia.

sunpur

iz. Ipar. g.er. Enborra.

suntsiarazi, suntsiaraz, suntsiarazten

1 du ad. Suntsitzera behartu. Suntsiaraziko ditu zuen etsai guztiak zuen begien aitzinean. Suntsiarazten zituzten ilunpe lodienak eta hautsarazten bihotzik gogorrenak. Dudak suntsiaraziko dituzten gogoetak. Jainkoak nahi izan zuen suntsiarazi gezurra eta ezagutarazi egia.

2 du ad. Zuz. Kontratu, lan-harreman, eskubide edo kideko bat deuseztatu. Ik. hutsaldu 2. Hori, huts-hutsean, ezingo da sozietate horiek elkarren artean dituzten harreman juridikoak aldatzeko edo suntsiarazteko arrazoi modura hartu.

suntsiarazpen

iz. Zuz. Kontratu, lan-harreman, eskubide edo kideko bat deuseztatzea. 175. artikulua: kontratuaren suntsiarazpena. Eskuratutako eskubideen suntsiarazpena edo galera.

suntsiezin

adj. Ezin suntsituzkoa. Uhartea uraren gainean dago, itsasontzi bat bezala; brontzezko horma suntsiezin bat dauka inguruan.

suntsigarri

adj. Suntsitzen duena. Borroka suntsigarri hauek eraginiko kalteak.

suntsiketa

iz. Suntsitzea. Ik. suntsipen. Gure Nafarroako Erreinu zaharraren suntsiketa. Mundu guztian gerra eta suntsiketa nagusi ibili ziren sei urte haietan.

suntsikor

adj. Erraz suntsitzen dena, suntsitzeko joera duena. Ik. galkor. Atsegin suntsikorrak. Hizkera suntsikorra, eguneroko berriketan oihartzunik gabe gastatzen duguna. Aho literatura, paperik erabiltzen ez duenez gero, berez da suntsikorra eta berez da izkribuzkoak baino iraunkortasun gutxiago duena.

suntsikortasun

iz. Suntsikorra denaren nolakotasuna. Eskultura hauen ezaugarri garrantzitsu bat suntsikortasuna da: uraren eta haizearen eraginez lan hauek ordu bakan batzuetako bizia dute.

suntsipen

iz. Suntsitzea. Ik. suntsiketa. Bada halako plazer misteriotsu bat suntsipenean. Sodomaren suntsipena.

suntsitu, suntsi, suntsitzen

1 da/du ad. Izatea edo egitura galdu, desegin edo deuseztatu. Ik. ezereztu; triskatu. Gizonaren bizia suntsitzen da kea bezala. Hitzak, ohiturak, tresnak, lanbideak, piztiak eta are gizajende osoa suntsitu arte. Artalde guztia suntsitzearekin suntsitu zen izurritea. Hilko naiz, baina ez naiz osoro suntsituko, geroagokoetan neure aztarna utzi gabe. Suak suntsitua. Haren izena, omena ez ezik, aspaldi suntsitu baitzen. || Sitsak jo eta herdoilak jaten ez dituen aberastasunak, zabarkeriak, ordea, eta nagitasunak ezerez hutsean galtzen eta suntsitzen dituenak. Eskutada bat hautsetan nola suntsi daitezkeen hainbeste egur hain lodiak.

2 da ad. Desagertu. Eta hitz horien ondotik, berehala suntsitu zen zerutar mandataria.

suntsitzaile

adj. Suntsitzen duena. Ekaitz suntsitzailearen eztandaren zain. Gizakiaren alderdirik suntsitzaileena muturreraino eramanez. Hezkuntza ministroaren erreforma asmoak dira azaltzen ari garen politika suntsitzaile horren adibiderik garbienetako bat.

suntsitze

iz. Izatea edo egitura galtzea, desegitea edo deuseztatzea. Babiloniako Erresumaren suntsitzea. Halako suntsitze eta lapurreta baten lekukoa izan nintzen.

suomiera

iz. Finlandiera.

suomitar

adj./iz. Finlandiarra.

suontzi

iz. Ontzi biribila, gehienetan metalezkoa, su txingarrez beterik berogailu gisa erabiltzen dena. Hotzak zegoen eta suontzia esku artean zekarren.

supazter

iz. Sutondoa. Ostatu bateko supazterrean. Supazterraren inguruan jartzera gindoazen. Bizpahiru eskutada gaztaina goxoki janik supazterrean. Supazterreko istorioak.

supazter xoko, supazter-xoko iz. Ipar. Sutondoa. Negua heldu... zein goxo, supazter xokoa! Supazter-xokoaren berotasuna utzirik.

super

1 adj. Bikaina. Gizon superra. Festa super bat egingo dugu.

2 adj. Ipar. Harroa. Jainkoak beheratzen eta urmariatzen ditu superrak eta sendoak.

3 iz. Gasolina mota, 90 eta 100 oktano artekoa. Berunik gabeko gasolina eta superra 13 zentimo garestitu dira.

superabit

iz. Ekon. Diru sarrerak gastuak baino handiagoak diren egoera; diru sarreren eta gastuen arteko alde horren zenbatekoa. Lehen aldiz iaz Espainiako estatuaren kontu publikoek superabita izan zuten. Euskalduna jauregiak 700.000 euroko superabita izan zuen iaz, dirulaguntzarik gabe.

supereroale

adj./iz. Fis. Materialez mintzatuz, tenperatura oso apaletan, zero absolutuaren ingurukoetan, erresistentzia elektrikorik ez duena. Material supereroaleak.

superestratu

iz. Hizkl. Elebitasun egoera bat eragin duen kanpotiko hizkuntza batek, desagertzen denean, jatorrizko hizkuntzan uzten dituen arrasto fonetiko, morfologiko, sintaktiko edo semantikoen multzoa. Ik. substratu 2.

superfamilia

iz. Biol. Bizidunen sailkapenean, bere barnean hainbat familia hartzen dituen taxonomia-taldea. Hominidoek, gorila, txinpantze eta orangutanarekin batera, hominoideen superfamilia osatzen dute.

superfosfato

iz. Ongarri bezala erabiltzen den kaltzio fosfato azidoa.

supergizon

1 iz. Gizakiaren ahalmenen gaineko ahalmenak dituen gizakia. Hemen inor ez gara supergizonak.

2 iz. Fil. Gizaki ideala, giza eboluzioaren gailurra adierazten duena. Subjektu postmodernoa Nietzschek amestutako supergizonarengandik oso urrun geratu da.

superheroi

iz. Fikziozko pertsonaia, naturaz gaindiko ahalmenak dituena. Marvel etxearen superheroi ezagunenak batzea lortu duen The Avengers filmak marka guztiak hautsiko dituela dirudi.

superior

iz. Batez ere Ipar. Erl. Erlijiozko komunitate bat zuzentzen duen pertsona. Mitxel Garat, Baionako seminarioan superior zena, Miarritze San Martineko apez nagusi izendatua izan da.

superlatibo

iz. Hizkl. Nolakotasun baten mailarik gorena adierazten duen hitza; bereziki, erkaketaren maila gorena. Euskaraz superlatiboa hitzari -en atzizkia erantsiz egiten da. Sendo-ren superlatiboa sendoen da.

supermerkatu

iz. Saltoki handia, norberak hartzen eta irteerako kutxan ordaintzen dituen salgaiez hornitua dagoena. Supermerkatuan erosi. Supermerkatu kateak.

supernoba

iz. Astron. Izar bat lehertzen denean sortzen den argitasun handia; egoera horretan dagoen izarra. Lurra etengabe jotzen ari diren izpi kosmikoak duela mila urte eztanda eginiko supernoba batetik datozela frogatu zuten.

supernumerario

adj. Erakunde edo elkarte bateko kideez mintzatuz, maila bateko ohiko kideen zenbatekoari gehiturik agertzen dena. 75 urtetik gorako euskaltzain osoak euskaltzain supernumerario emeritu izango dira.

superordena

iz. Biol. Bizidunen sailkapenean, bere barnean hainbat ordena hartzen dituen taxonomia-taldea.

Oharra: azken eguneraketa 2022-01-12

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper