Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

sorketa

iz. Sortzea. Hitz sorketa.

sorki

1 iz. Buruan, suila edo zernahi gauza pisu eramateko, jartzen den zapia. Sorkia buruan eta otzara zahar bat mokorrean duela.

2 iz. g.er. Oihala.

sorkunde

1 iz. Ama Birjina bere amaren sabelean jatorrizko bekaturik gabe sortzea; mirari hori gogoratzen duen egunean Elizak egiten duen festa. Sorkunde egunean.

2 iz. Amaren sabelean sortzea.

sorkuntza

iz. Sortzea. Arimaren sorkuntza. Gaizkiaren piztia da hura, deabruaren sorkuntza bat. Literatura-sorkuntza. Idazleek ezkutatu egiten dute beren sorkuntza-lanaren nekea.

sorkura

iz. g.er. Sortzea, jaiotzea. Azturaz gara euskaldun, ez sorkuraz.

sorladar

1 adj. Sorladakoa, Sorladari dagokiona.

2 iz. Sorladako herritarra.

sorleku

iz. Sortze lekua. Ik. sorterri; jaioterri. Nahiz ez den gaztelua, maite dut nik sorlekua, aiten aitek hautatua. Agur, agur herria, agur sorlekua! Ez baitzuen berak aukeratu sorlekua Zuberoako malkarretan. || Zuhaitz hostoak, beren sorlekuetatik ihes eginda. Gaitzaren sorlekuan.

sor-marka

iz. Produktu baten jatorria eta kalitatea bermatzen duen ezaugarria. Ik. jatorri izen. Gazta horrek badu sor-marka.

sormen

iz. Sortzeko ahalmena, buru lanak sortzekoa bereziki. Gai baten aberastasunak sormena uxatu eta ahuldu egiten du. Hitzak asmatzeko sormena ernatuz. Sormena agortu zitzaiolako. Sormen handiko idazlea.

sor-mintzaira

iz. Ipar. Ama-hizkuntza. Giristino eskoletan ikasten zuten orain artio haurrek, frantsesarekin batean, beren sor-mintzaira ere.

soro

1 iz. Zelaia, belardia, belar saila. Ik. pentze; larre. Ni ere ihartu naiz belarra soroan segak ebaki ondoren bezala. Soro lurrak. Behiak soroan zaintzen. || Sagardi bat ez da soro utzi behar.

2 iz. Lantzen den lursaila. Ik. alor. Soroa aitzurtu. Ongi landuriko soro eta baratzeak. Etxeko soroan. Fabrikaz bete ditugu behinolako soro eta basoak. Patata-soro ongi ongarrituak. Gari soroak. Soro lanetan ari dira. Bere emaztearekin elkar hartuta, soro bat saldu zuen. Soro-bazterrak. || Irud. Jaunaren hitza da arimaren soroan Aita Zerukoak ereiten duen hazi ederra. Euskal literaturaren soro meharrean ari garenok.

soropil

iz. Belardia; lurra estaltzen duen belar motz eta sarria. Arto bizardun berde, soropil gizenak. Soropil loretsuetara. Bost lo eginik nago soropilean. Soropilaren gainean jartzeko manaturik jendeari. Soropilean hedatzen digute andreetarik bik dafaila, mahaiko ontzi eta tresneria guztiarekin. Lorategietako soropila. San Mamesen soropila aldatuko dute.

sorosle

iz. Sorosten duen pertsona; bereziki, istripu edo hondamendi batean zaurituak edo min hartu dutenak sorosteko prestatua den pertsona. Ik. laguntzaile. Sotxiko portutik hogei bat ontzi eta berrogei bat sorosle joan ziren hondamendiaren lekura. Igerilekuko sorosleak.

sorospen

iz. Arrisku edo premia larrian dagoenari ematen zaion laguntza. Sorospen etxean eta Donostia Ospitalean artatu zituzten hamalau lagun horiek.

sorotsi, sorots, sorosten

du ad. Premian edo arriskuan dagoenari lagundu. Zoritxarrean inoiz aurkitzen bazara, sorotsiko zaituzte.

sorpresa

iz. Heg. Ezustekoa, ustekabea. Ez zuten sorpresa handirik hartu.

sorraldi1

1 iz. g.er. Sortze aldia. Aurten, lehen sorraldiko ilarrak baino hobeak dira bigarren sorraldikoak.

2 iz. g.er. Belaunaldia.

sorraldi2

iz. g.er. Sorgortasunezko aldia. Esan izan dute antze-lanak sorraldiari zor zaizkiola.

sorrarazi, sorraraz, sorrarazten

du ad. Sortzea eragin, sortzera behartu. Nafarroako eguzki nasaiak sorrarazi mama goxo bezain azkarra. Bizia sorrarazteko. Alferkeriak ezin sorraraz garia. Perossik egin duena, elizetan kantari taldeak sorraraztea izan da gehienbat. Doinu horiek entzulearen barrenean sorrarazten duten gogo giro berezia. Modaren losintxak eragina, barrengo eskeak sorrarazia izan beharrean.

sorrarazle

iz. Sorrarazten duen pertsona edo gauza. Guztien sorrarazle zaren Jainko ona. Bake-sorrarazle txarra da beldurra.

sorrera

iz. Sortzea. Munduaren sorrera. Gizakiaren sorrera. Jesu Kristoren sorrera eta jaiotza.

sorta

1 iz. Loreak, landareak eta kidekoak bilduz egiten den multzoa. Ik. azao; sendor1. Lore sorta. Krabelin sortak eta opil mordoak. Belar gaiztozko sorta bat erretzeko.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Sorta belarra bizkarrean duela. Hartu duen sorta egurrean suge bat dago.

3 iz. Bi gauza baino gehiagok osatutako multzoa. Ik. bilduma. Euskal ipuin sorta batekin. Edozein belar pila ez da meta, ezta han-hemendiko idazlan sorta ere aldizkaria.

4 iz. g.er. Pisua, zama.

sortaka

adb. Sortatan. Bil lehenik iraka eta lot dezatela sortaka erretzeko.

sortakatu

adj. Biol. Sustraiez mintzatuz, erro nagusirik ez duena, luzera eta garapen bereko erroz osatua dena. Ik. faszikulatu.

sortalde

1 iz. Ostertzeko lau puntu nagusietako bat, eguzkia ateratzen den aldeari dagokiona. Ik. eguzkialde; ekialde. Sortaldea eta sartaldea. Argia, edo ilunpea, sortaldetik etortzekotan, ez ote zaigu Txinatik etorriko? Sortaldeko haizea. Sortaldeko herriak. Sortalderantz begira.

2 iz. Lurraren, zeruaren edo lurralde baten sortaldeko eskualdea. Nafarroako sortaldean. Latinaren, eta erabat sortaldeko hizkuntzen, kutsua geure bekokian daramagu.

3 iz. Asia eta inguruko lurraldeak. Sortalde Hurbila eta Urruna.

sortaldetar

1 adj. g.er. Sortaldekoa, sortaldeari dagokiona.

2 iz. g.er. Sortaldeko herritarra. Ez zukeen Peruk, entzun dudana egia baldin bada, maisu txarra aurkituko Konfuziogan, sortaldetarra hori ere eta txinatarra gainera.

sortasun

1 iz. g.er. Sentiberatasunik eza. Ik. sorgortasun.

2 iz. g.er. Astuntasuna.

sortatu, sorta/sortatu, sortatzen

du ad. Batez ere Ipar. Zah. Zamatu. Nekaturik eta sortaturik zaudeten guztiok, zatozte nigana.

sortegun

iz. Jaioteguna. Sortegun berean bataiatu eta hil zena. Ez du, ordea, inork bere mundua, giroa eta sorteguna aukeratzen.

sorterri

iz. Sortze herria. Ik. jaioterri. Azkaine gure sorterria. Sorterri nagusia eta sorterri txikia. Sorterri-mina. Sorterriko hizkuntza ez dakienak.

sorterritar

iz. Sorterrikoa.

sorterro

1 iz. g.er. Genealogia.

2 iz. g.er. Jatorria. Ik. askazi.

sortetxe

iz. Jaiotetxea.

sortu1, sor, sortzen

1 da/du ad. Izatea edo bizia hartu edo eman; artean ez zen zerbait egin. Ezerezetik sortu. Lurreko animaliak eta zeruko hegaztiak sortu ondoren. Arrotz guztiak ero sortu ote ditu Jainkoak, eta gu bakarrik zuhur? Masabiellen sortu den iturriko urak sendatu nau. Gariak ongi sortu dira. Berak sortu baitzuen hitz berri hura. Hara non sortu zaigun bat-batean idazle trebea ez ezik eleberrigile bat. Ezker-eskuinetik sortuko zaizkit maiseatzaileak. Horregatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Aldizkari hau sortu zen urtean. Ez dut ordena berririk sortu, baina herritar batek sortu zuen Jesusen Lagundia. Non eta noiz sortu da xistera?

2 da/du ad. (Gauza abstraktuez-eta mintzatuz). Europaren kultura, berak sortutako nahiz besterengandik hartutako gaiez oratua. Jakintza Europan sortu zela pentsatzen dute. Linguistika ere sortu gabe zegoen artean. Hutsik gabeko prosa sortu nahi lukete. Oteizak, euskal antzearen bultzagarri, sortu dituen mito berri edo zaharberrituak. Beharra sortu ahala. Gazte nintzela sortu zitzaidan horrelako grina. Erremusina egiteaz eta handik sortzen den probetxuaz. Haserreak sortu ditu, baita kalte larriak egin ere. Istilu hori ez zen lehen aldiz Euskaltzaindian sortu. Eztabaida sortu zuena. Hor sortu zaizkit duda-mudak. Premia sortu berriei aurpegi emateko.

3 da/du ad. Amaren sabelean gorpuztu. Salomonek sortu zuen Booz; Boozek sortu zuen Obed, Rutgandik. Bekatu gabe sortua. Kristo gure jauna ez zelako sortu, ezta ere jaio, beste gizonak bezala. Sabelean sortu eta izango duzu seme bat.

4 da ad. Jaio, amaren sabeletik irten. Pierre Topet Etxahun koblakaria Barkoxeko Etxahunian sortu zen. Sortua 1567an, hila 1622an. Haur bat sortu berria. Gizon handi franko sortu da gure artean, aski eta gehiegi herri koxkor batentzat. Miresgarria besterik da: Lizardi bat sortu zen garaian sortzea. Erro bakar batetik sortua. Birjina Mariaganik sortu eta gurutzean enegatik hil zarena. Mundura sortu.

sortu2, sor/sortu, sortzen

1 da/du ad. Sor gelditu edo utzi, sentiberatasuna galdu edo kendu. Ik. sorgortu. Sudurrak kirats hartaz zenbait denboraz beteak erabiliz gero, sortzen dira. Badira itsasoak neguan hormatzen direnak; orduan, hango arrainak daude sortuak eta hilak bezala.

2 da/du ad. Hozmindu. Eskua sortuta daukat.

3 da/du ad. Gorputzeko zalutasuna galdu edo galarazi. Aspaldian jan eta lo egiten dut bakarrik eta zeharo sortuta nago.

4 da/du ad. Gortu.

sortzaile

1 iz. Aipatzen dena sortzen duen pertsona edo gauza. Ik. egile. Izaki guztien sortzaile dena. O dohatsutasun honen sortzailea! Uste oker horren sortzaile diren arrazoiak. Egileak ez du deus sortu ezerezetik, sortzaile bailitzateke orduan, Jainkoaren antzera, ez egile. Ez dakit estalgilea ala istilu-sortzailea izan zen.

2 (Izenondo gisa). Adimen sortzaile horri eskerrak. Jainkoaren indar sortzailea. Ez dut uste euskaldunok sortzaileegi izan garenik literatura mota berriak sortzen.

3 adj. Hizkl. Gramatikez mintzatuz, hizkuntza bateko esaldi posible eta onargarri guztiak sortzea ahalbidetuko luketen erregelak formulatzea helburu duena.

sortze

1 iz. Izatea edo bizia hartzea edo ematea. Kristoren sortze betidanikoa. Dela sortze lanetan, dela itzulpenetan.

2 iz. Jaiotza. Erran daiteke sortzea eta hiltzea guztia bat dela. Hiltze baino 211.000 sortze gehiago izan dira iragan urtean.

sortze garbi Jatorrizko bekaturik gabeko sorrera, bereziki Ama Birjinarena. Ik. sorkunde. Abenduaren zortzia, Sortze Garbiaren jaia.

sortzez 1 adb. Jaiotzez; jatorriz. Sortzez itsua zen. Baigorriarra zen sortzez.

2 adb. (Ama Birjinaz mintzatuz, sortzez garbia esapidean 'bekaturik gabe kontzebitua' adierarekin). Agur, Maria, agur, sortzez garbia.

sortzezko adj. Sortzezko edo berezko xalotasuna.

sos

1 iz. Liberaren hogeirena balio zuen txanpona; liberaren hogeirena. Bi sos, hots, hamar zentimo. Hamar sosekoa. Zazpi sos banituen, osabak emanik. Ahur bat sos besagainka aurtiki. Sos baten mina eta bi sosen lotura (esr. zah.).

2 iz. Diru xehea; oso balio gutxiko dirua. Espainol sos amiñi bat baldin baduzu. Sosik ez dut. Komentua azken sosetan zen. Bi sosen adimena.

3 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Adkor. Dirua. Baina Donostian bizitzeko sos asko behar. Bere sos guztiak ebatsi zizkion. Aldare saihetsean ziren sos ontzietan. Goienetxe, gobernuko sos biltzen enplegu zuena. Kopia horiek saldurik zenbait sos egin zezan. Sosa mutil ona, nagusi txarra.

hogei soseko Libera bateko txanpona. Mahai gainera botatzen du hogei soseko bat.

sosdun

adj. Adkor. Diruduna. Ik. aberats. Azkaindar sosdun batek.

sosegatu, sosega, sosegatzen

da/du ad. g.er. Baretu, lasaitu. Ik. ematu. Eta sartu zirenean ontzira, sosegatu zen haizea. Ez da kreaturarik ene bihotza osoki sosega dezakeenik.

sosegu

iz. Baretasuna. Salbatzailea baitan aurkitzen zuen bere sosegua. Sosegu eta bake gozoan hil zen. Soseguan egon, bizi. Batak besteari begiratzen genionean, den-dena gatzaturik gelditzen zen, sosegu betezko geldiune soil batetik dilindan.

soseguz 1 adb. Lasai. Kezkarik gabe, soseguz bizi da.

2 adb. Poliki. Goazen emeki-emeki eta soseguz.

soska

adb. Aldiko sos bat hartuz. Soska biltzen dira liberak.

soskari

adj. Ipar. Diruzalea.

soslai

1 iz. Aurpegi edo gorputzaren itxura edo irudia alboetako batetik begiraturik. Ik. profil. Aurpegi luze haren soslai zorrotza nigana itzuli zen beste behin. Taniari begiratu nion, nire aurrean eseria, batzuetan soslaiez, bestetan aurrez aurre. || Zeru garbian elizen eta etxeen soslaiak marrazten ziren (Ik. silueta).

2 adb. Alboka, saiheska. Ik. eslai.

sostean

adb. g.er. Bat-batean. Sostean, mintzo hotsa.

sosteko adj. g.er. Bat-batekoa. Sosteko heriotza.

sostengatu, sostenga, sostengatzen

1 du ad. Eutsi; eduki. Lau zutabek sostengatzen dute etxea.

2 du ad. Lagundu. Jende on guztiek behar dute elkar sostengatu.

sostengatzaile

iz. Euslea, laguntzailea. Ezkontza, Jainkoak eginiko legea; uroski, lege horrek baldin baditu bere zikintzaileak, baditu ere bere sostengatzaileak.

sostengu

1 iz. Euskarria. Hizkuntza izan da gure izatearen habe eta sostengu nagusia.

2 iz. Laguntza. Sostengua eman.

sostenitu

iz. Heg. Mus. Diesea.

sostor

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sostor-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zoztor].

sotana

iz. Apaizen soineko luzea, aurrean botoiak dituena. Sotana beltza, zuria. Sotanaz jantzia. Inguratu zen, sotanaren hegalak herrestan. || Euskal Herritik urrundu zuten, baina laster itzuli zen, sotana utzita.

sothoera

iz. Lesothon mintzatzen den hizkuntza.

sotil

1 adj. Itxura ederrekoa. O Maria, guztiz sotil eder maitagarria.

2 adj. Trebea, amarrutsua, eta, bereziki, gehienek bereizten edo atzematen ez dituzten ñabardurez edo aldeez ohartzen dena. Ulises sotila. Sugea, piztiarik sotilena. || (Gauzez mintzatuz). Mundu sotila gu tronpatu nahiz. Haren arrazoibide sotilak ez ditut agertuko.

3 adj. Arina, xehea. Gain-gaineko axala, muin gordea estali ez, baina ukiarazten digun itxura sotila. Gorputza ere badu orain ametsak, gorputz sotila, mehea, baina hala ere sendoa.

sotildu, sotil/sotildu, sotiltzen

da/du ad. Sotil bihurtu. Herri gaiak, herri apaindurak dira beti olerki hauen oinarri, eta, hala ere, ez ditugu maiz aski aurpegi ezagunak ezagutzen; hain daude sotildurik, itxuraldaturik, eder lainoz inguraturik.

sotilki

adb. Sotiltasunez. Hitz lizunak sotilki esaten badira, neurrigabeki dira pozoitsuak. Espirituko pentsamenduak sotilki adierazteko. Herioaren kolpeak badaramatza sotilki zahar eta gazteak.

sotiltasun

iz. Sotila denaren nolakotasuna. Begiramenik, sotiltasunik eta garbitasunik ederrenez.

soto

iz. Etxe baten azpian, lurraren mailatik behera dagoen gela edo tokia. Sotoan edo beste zenbait toki freskotan. Atera ezazu sotoan duzun ardorik hoberena. Soto hezeetan. Dorreko sotora jaitsi zituzten fraideak.

soul

iz. Mus. 1960ko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan sortu zen musika beltza, gospelaren, bluesaren eta jazzaren elementuak uztartzen dituena. Wilson Pickett 1960ko hamarkadako soul abeslaririk ezagunenetakoa izan zen, Otis Reddingekin batera.

sozial

adj. Gizarteari dagokiona. Gai sozialak: gizarte gaiak. Elizaren doktrina soziala.

sozialdemokrata

1 adj. Sozialdemokraziarena, sozialdemokraziari dagokiona; sozialdemokraziaren aldekoa. Alderdi sozialdemokratak. Politika sozialdemokrata.

2 iz. Alderdi sozialdemokrata bateko kidea edo aldekoa den pertsona. Sozialdemokraten eskuetan.

sozialdemokrazia

iz. Sozialismo eraberritzailea eta ez iraultzailea. Kontua da, ez sozialdemokraziak ez sozialismo errealak ez duela lortu agintean egon diren herrietan gizartea aldatzerik.

sozialismo

iz. Estatuaren erakundeez baliatuz, gizartearen interes orokorra banakoen interesen gainetik nagusiaraztea eta gizarteko klase apalen alde egitea helburu dituen doktrina. Sozialismoa eta komunismoa. Sozialismoa eta liberalismoa. Sozialismo eraberritzailea eta sozialismo iraultzailea. Sozialismo demokratikoa. Estatu sozialismoa. Marx-en sozialismoa. Sozialismoaren helburuak.

sozialista

1 adj. Sozialismoarena, sozialismoari dagokiona; sozialismoaren aldekoa, sozialismoa hedatzea helburutzat duena. Doktrina sozialista. Alderdi sozialistak.

2 adj. Sozialismoan oinarritua. Herrialde sozialistak. Errepublika sozialistetan.

3 iz. Alderdi sozialista bateko kidea edo alderdi sozialista baten aldekoa den pertsona. Euskal Herriko sozialistak. Sozialisten iritziak. Karlistak sozialistak baino gogokoago zituen.

sozializatu, sozializa, sozializatzen

du ad. Zerbait, bereziki ekoizpen bideak, estatuari eskualdatu. Ik. gizartekotu; nazionalizatu 2. Kapitalismoaren barruan, enpresaren bat sozializa al daiteke?

sozializazio

iz. Sozializatzea. Sozializazio prozesua.

soziatibo

adj./iz. Hizkl. Kasuez mintzatuz, aditzak adierazten duen ekintza norekin edo zerekin egiten den adierazten duena. Ik. komitatibo.

soziedade

iz. Heg. Beh. Elkarte gastronomikoa. Baxoerdiak hartzen ditut kuadrillarekin, eta ostiralero afaria soziedadean.

sozietate

1 iz. Elkarte mota, ekonomia- edo merkataritza-helburuak dituena eta legediaren arabera eratua dena. Sozietateen alorreko legeria. Sozietate anonimoa. Sozietate mugatua.

2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sozietate-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori 'gizartea' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gizarte].

sozio

iz. Bazkidea.

sozioekonomiko

adj. Gertakari sozialekin loturiko ekonomiarena, ekonomia horri dagokiona. Euskal Herriko emakumeen egoera sozioekonomikoaren azterketa egingo dute.

soziokultural

adj. Talde sozial bati dagokion kulturarena; kultura horri dagokiona. Garai bakoitzak eredu soziokultural jakin batean gauzatzen du bere leialtasuna.

soziolinguista

iz. Soziolinguistikan aditua. Iritzi emaile hauen artean oso gutxi dira hizkuntzalari, filologo edo soziolinguista.

soziolinguistika

iz. Hizkuntzaren soziologia, hizkuntzaren gizarte alderdien azterketa. Soziolinguistika ikerketak.

soziolinguistiko

adj. Soziolinguistikarena, soziolinguistikari dagokiona. Arrazoi soziolinguistikoak ere bazituen gogoan: Gipuzkoan zegoen, eta dago, euskara indartsuen.

soziologia

iz. Gizarteen sortzea eta garapena, eta gizarte egitura, joera edo jokabideak aztertzen dituen jakintza. Soziologiaren helburua. Durkheim-en soziologia. Hizkuntzaren soziologia. Soziologia-ikerketak.

soziologiko

adj. Soziologiarena, soziologiari dagokiona. Analisi soziologikoa.

soziologo

iz. Soziologia gaietan lan egiten duen pertsona. Soziologoak hasita zeuden kontsumoaren gizarteak zekartzan kalteez abisatzen.

soziopolitiko

adj. Alderdi sozialak eta politikoak lotzen dituena. Izan ere, Japoniako egitura soziopolitikoak eta Europako mendebaldekoak oso antzekoak ziren.

spa

iz. Erlaxatzeko edo zenbait gaitz edo min arintzeko tratamenduak eskaintzen dituen etxea, ura (igerilekuak, saunak, jacuzziak...) baliabide nagusi duena, eta, bainuetxeek ez bezala, gehienetan, ur ez-minerala erabiltzen duena. Terraza eta lorategi ugari eta ederrez gain, baduela harri bolkanikoz egindako spa bat ere.

spaghetti

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, spaghetti-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. espageti].

spaniel

iz. Tamaina ertain edo txikiko txakurra, ile luze kizkurra, belarri handi eroriak eta mutur zabala dituena.

sprint

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sprint-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. esprint].

sr

estereorradian-en nazioarteko sinboloa.

srilankar

1 adj. Sri Lankakoa, Sri Lankari dagokiona. Srilankar arrantzaleak.

2 iz. Sri Lankako herritarra.

stand

iz. Erakustazoka, azoka, erakusketa eta kidekoetan jartzen den behin-behineko postua, produktuak jendaurrean erakusteko eta saltzeko prestatzen dena. Jon Alonso izango da gaur Susa argitaletxearen standean.

standard

adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, standard-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. estandar].

stock

iz. Enpresa edo kideko batek biltegiraturik duen salgai multzoa. Ik. izakin. Langileen arabera, fabrika hauek lau eguneko stockak baino ez dituzte biltegietan.

stockholmdar

1 adj. Stockholmekoa, Stockholmi dagokiona. Stockholmdar agintariak.

2 iz. Stockholmeko herritarra.

stop

iz. Gelditzeko agintzen duen bide seinalea.

stradivarius

iz. Antonio Stradivari italiarrak eginiko harizko instrumentua, bereziki biolina. Stradivarius bat jotzen duzunean, instrumentura egokitu behar duzu. Bi Stradivarius ditu, beste hainbat eta hainbat biolinen artean.

stress

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, stress-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. estres].

su

1 iz. Zerbait erretzen denean gertatzen den bero eta argi jalgitzea. Suak erre eta kiskali zituen Sodoma aldeko bost herri handi. Su pindarrak. Begietatik sua zeriola. Su egiteko egur gabe. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Hain handi eta bizia zen labe hartako sua, non berrogei beso altxatzen ziren garrak. Behin ere itzalia egon ez den hauspeko sua. Baina zeri zaio gehienik sua lotzen ez bada sugai idorrari? Bolborak ez du behar ez su handirik ez denbora luzerik kalte handiak egiteko. || Esr. zah.: Odolak su gabe diraki. Su gaberik ez da kerik.

2 iz. Garretan edo txingarretan dagoen erregaia. Alkoholezko su bat piztu zuen. Lasto sua hiltzen den bezala. Ikatz su bat ikusi zuten eta haren gainean arrain bat. Su ttipia, kandela-argia, haize gutik iraungitzen du. Sasi baten artetik argitzen zuen su batek. Su handi baten aurrean berotu ziren. Urrezko aratxea ere su handi batean erre zuen. Edozein haizetxok itzal dezakeen su ahul bat. Infernuko su bizia. || Bakoitzak bere opilari su.

3 iz. Berotzeko edo jakiak prestatzeko sukaldean pizten den sua. Ik. sutondo. Sukaldeko sua. Katuak suaren ondoan lo egiten du. Irakiten hasten denean, ordu erdiz su bizian eduki. Azukrea esnetan urtu su motelean, gelatina erantsi, eta desegin artean eragin. Bi orduz su txikian egosi ondoren, prest dago hestekia. Errearaz ezazu su eztian.

4 iz. Sutea. Bart sua izan da alboko etxean.

5 iz. (Su armez mintzatuz). Lurrera bota dut nire pistola eta su egin du ustekabean. Ehiztariak su egin zuen.

6 iz. pl. Jaietan edo ospakizunetan erretzen eta leherrarazten diren bolborazko suziri eta bestelako gaiak; horiekin egiten den argi eta soinuzko ikuskizuna. Ik. suzko errobera. Donostian izan gara suak ikusten.

7 iz. Karra, lehia bizia. Adimenean argi eta bihotzean su. Gaztetasunaren kemena eta sua dario alde guztietatik. Morroi losintxari bihotz gaiztoko batek hitz egin eta su gehiago eman zion. Bihotzean daraman su kiskalgarria.

beheko su Etxe barruan sua pizteko prestaturiko lekua, hormaren kontra edo bertan sartuta egon daitekeena eta gainean kea biltzeko kanpai bat duena; leku horretan pizten den sua. Ik. su baxu. Beheko sua pizturik duzu, eta izarak epel-epel. Bere besaulkian eseri zen, beheko suaren ondoan, surtarako zohikatza prestatzera.

suak hartu 1 Su hartu. Ai, andrea, gure etxea suak hartu du.

2 Haserre bizian jarri. Suak harturik joan zen.

suan 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Infernuko suan erretzera.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekuan. Ik. su(r)tan. Artoa suan erre behar da. Eskua suan eman nezake.

su-argi Sutan dagoen erregaiak ematen duen argitasuna. Zaindariaren su-argia ikusi zuenean, makurtu egin zen.

su arma, su-arma Bolboraren leherketa-indarraz baliatzen den arma. Arma zuriak eta su armak.

su baxu Beheko sua. Su baxurako egur bila joan ziren.

su egin 1 Sua piztu. Su egiteko behar zen egurra txikitu zuten.

2 Tiro egin. Mateok su egin zuen eta Fortunato zerraldo erori zen lurrera.

su egur, su-egur Sutako egurra. Su egurra ugari bildu dugu negurako.

su emaile, su-emaile 1 adj./iz. Zerbaiti, gaiztakeriaz edo etekina ateratzeko asmoz, nahita su ematen diona. Ik. supiztaile; piromano. Eraile eta su emaile bat ezin da Etxahuniako oinordeko izan. Barbaro su-emaileak.

2 adj./iz. Irud. Ik. bazter nahasle; endreda-makila. Orduan eta orain badira makina bat su emaile, inola bizi ezin direnak saltsa eta nahasketa gabe.

su eman Zerbaiti sua hurbildu, sutan jar dadin. Su eman zion bere jauregiari.

su eta fu adb. g.er. Sutan, haserre bizian. Amorru beltzak hartzen du eta han doa Mari su eta fu.

su eta gar Gogoz eta lehiaz. Bero-beroan, su eta gar mintzatzen da. Bere egitekoari su eta gar ekiten zion.

su eta ke adb. Jo eta su, jo eta ke. Su eta ke han gelditu zen garia astintzen.

su-eten iz. Su armen bidezko borrokaren etenaldia. Ik. menia. Apirilaren 8an sinatu zuten su-etena gobernuak eta gerrillariek.

su gorrina, su-gorrina Arrosaren familiako fruta-arbolei eta beste hainbat landareri erasaten dien gaitza, Erwinia amylovora bakterioak eragindakoa.

su hartu Zerbaiti sugarrek eragin, zerbait erretzen hasi. Su hartu zuen etxeak.

su hauts, su-hauts Errautsa. Sua bere txingar eta su hautsarekin bildu ohi da.

su itzalgailu, su-itzalgailu Sute txikiak itzaltzeko erabiltzen den eskuko gailua, botila handi baten formakoa dena eta barruan duen gai berezia turrustan jaurtiz sua itzaltzeko erabiltzen dena. Su itzalgailua hartu, eta berak itzali zuen sute txikia.

su itzaltze, su-itzaltze Norbaitek sua itzaltzea. Su-itzaltze lanetan aritu ziren herritarrak.

suko adj. Ipar. eta Naf. Ik. su(r)tako. Suko hautsa. Suko ginarra fite iraungitzen da.

su lama, su-lama Garra. Haren arima dohakabea erretzen ari zen su-lametan. Infernuko su-lamen erdian.

su leize, su-leize Infernua. Arima galdu eta hondatu zuen su leizean. Su leizeko neke izugarriak. || Infernuko su leizean.

sura 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Hobe duzu hori zure gorputz guztia infernuko sura bidaltzea baino.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekura. Ik. su(r)tara. Sura egotziko dute eta erreko da.

su(r)tako adj. Heg. Ik. suko. Sutako hautsarekin garbitu. Surtako egurrak txingarrak botatzen dituen gisara.

sutako egur Sua egiteko egurra. Ik. su egur. Mutilak egun guztian atzetik neuzkan, jorratzen ari nintzenean, edo jezten, edo sutako egurra ekartzen.

su(r)tan adb. Heg. Sua dagoen lekuan. Ik. suan. Urrea surtan garbiago egiten da. Sutan irakiten dagoela.

sutan 1 adb. Suak harturik, erretzen. Basoa sutan dago. Sutan ezarri zuten komentua. Infernua da leize bat beti sutan dagoena. Zerua sutan ikusi zuen. Belarriak gorri, masailak sutan. || Gure artean sutan dauden ezin konta ahala istilu horiek. Lehenbiziko karlista gerratea sutan zegoelarik.

2 adb. Haserre bizian. Sutan jarri zen gure gizona. Gogoratu hutsarekin sutan jartzen naiz. Gobernaria sutan zen eta errabiarik handienean.

su(r)tara adb. Heg. Sua dagoen lekura. Ik. sura. Surtara bota papera. Sutara kondenatu zuten.

su(r)tatik adb. Heg. Sua dagoen lekutik. Ik. sutik. Eltzea sutatik baztertzean. Irteten banaiz surtatik bizirik.

sutik 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Sodomako sutik salbatzera.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekutik. Ik. sutatik. Atera itzazu gaztaina horiek sutik.

suzko 1 adj. Suzko ibaiak. Mundua suzko esfera bat zela iruditu zitzaidan.

2 adj. Irud. Barriolak, irabazteko, Iberokoaren suzko hasierari eutsi beharko dio.

suzko arma Su arma. Gizonezko bat atxilotu dute Mañuetan, legez kontrako suzko arma bat zeukalako.

suzko errobera pl. Suekin eginiko ikuskizuna; ikuskizun horietan botatzen den suziria. Ik. su 6. Gero izan ziren egun hartan eta hurrengoan dantzak, suzko erroberak eta gainerako herriko festak.

suabe

1 adj. Heg. Leuna. Hitzak neurtuz, ahots doinu suabe eta baketsuz galdegin zion emakumeari ea zer egin behar zuen berak.

2 (Adizlagun gisa). Heg. Joan egin zen, atea suabe eta emeki itxiz.

suakartu

ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, suakartu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. su hartu eta suak hartu, su sarreran].

sualdi

iz. Sutea. Finlandian, sualdi batean, hogeita hamar etxe erre dira. || Irud. Bularpean piztu zitzaion sualdia itzaltzeko.

subbarietate

iz. Biol. Landareen sailkapenean, barietate bat banatzen den azpisailetako bakoitza.

subdiakono

iz. Erl. Diakonoa baino maila bat beheragoko elizgizona. Ik. sudiakre. Ottaviano izeneko aita santuaren subdiakono batek ahots ozenez santuaren mirariak irakurri zituen.

subdominante

iz. Mus. Eskala diatonikoaren laugarren gradua.

subdukzio

iz. Geol. Bi plakaren arteko mugimendu konbergentearen bidez, dentsitate handiena duen plaka dentsitate txikiagoa duenaren azpian sartzea. Subdukzio eremuak.

suberaketa

iz. Teknol. Suberatzea. Tratamendu termiko baten bitartez, beira suberaketa-punturaino berotzen da.

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper