Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

otsotzar

iz. Adkor. Otso handia. Otsotzar gaizkileak ardi jabeak nahi baino gehiago agertzen dira.

ottawar

1 adj. Ottawakoa, Ottawari dagokiona. Ottawar agintariak.

2 iz. Ottawako herritarra.

otto

iz. Ipar. Adkor. Osaba. Elisabet, erran agur otto Joanesi!

otu, otu, otutzen

1 zaio ad. Batez ere Bizk. Bururatu. Eladi ikusi zuenean, otu zitzaion zerbait jazotzen zitzaiola. Une batean, beste bat naizela otu zait, zatitu egin da nire nortasuna. Ez dakit nola otu zitzaion ere gure Praiskuri andre harekin ezkontzea. Askotan otu zitzaidan nagusi zikoitz harengandik hanka egitea.

2 zaio ad. Gogoak eman. Otu zitzaion etxaguntza hura erosi behar zuela. Otutzen zaionean egingo du.

oturuntza

1 iz. Otordu oparoa eta bikaina. Eman zuen oturuntza handi bat; gonbidatu zituen bere haurrideak eta erresumako handikiak. Bataio ondoko oturuntza.

2 iz. Otordua. Ez zuten, alabaina, egunean oturuntza bat baizik egiten, hura eguzkia sartu ondoan. Beste edozein oturuntza bezalakoa izan zela afari hura. Oturuntza gozoa eta laburra eguerdi hartakoa!

oturuntzatu, oturuntza/oturuntzatu, oturuntzatzen

da ad. Ipar. Oturuntza egin. Beztitzen zela ongi eta oturuntzatzen hobeki. Goiz arrats ez zen isiltzen, oturuntzatzeko baizen.

otxan

adj. Adkor. Otzana.

otxandiar

1 adj. Otxandiokoa, Otxandiori dagokiona.

2 iz. Otxandioko herritarra.

otxin

iz. Zortzi erreal balio zuen diru zaharra; hamasei erreal balio zuen diru zaharra.

hogei otxineko iz. Frantziako diru zaharra, 80 libera balio zuena; Espainiako diru zaharra, 80 pezeta balio zuena. Ik. ontzako urre. Bidaltzen zion hogei otxineko bat, erromesak eta legenardunak sokorritzeko. Hogei otxineko bat irabazten zuen hilabetean.

otxote

iz. Heg. Zortzi lagunek osaturiko abestaldea. Ik. zortzikote. Agure txapeldunak, zutik eta geldi, otxote bat kantatzera doanean bezala.

otzan

1 adj. Agintzen edo eskatzen zaiona, kontra egin edo muzindu gabe, baretasunez egiten duena. Ik. mantso. Bildots otzana. Emazte otzan, baketsu, euli bati ere gaitzik egingo ez liokeena. Bihotz otzan eta apalekoa. Hitzak zezenak baino otzanagoak baitira. Zorionekoak otzanak, lurraren jabe egingo baitira.

2 (Adizlagun gisa). Otzan-otzan erantzun zion.

otzandu, otzan/otzandu, otzantzen

da/du ad. Otzan bihurtu. Ik. bezatu. Piztiarik izuenak otzantzen ditu. Argia garbitu da, otzandu haizea.

otzantasun

iz. Otzana denaren nolakotasuna. Bildotsen otzantasuna. Hamargarrena, otzantasuna.

otzara

iz. Bizk. Otarrea, saskia. Bisigu eder bat zekarren otzaran. Buruan otzara banarekin. Galtzarbean itsasorako otzara zuela. Gizonak otzara estalkia jaso eta ogi zatia eman dio mutilari. Asto otzarak.

otzaragile

iz. Bizk. Otzarak egiten dituen eskulangilea.

otzarakada

iz. Bizk. Otzara baten edukia. Otzarakada bat atunekin zetorrela. Otzarakada guztia saldu arte.

otzaratxo

iz. Bizk. Otzara txikia. Otzaratxo bat, otzaratxo bi, arraina dator portura beti.

ou

interj. Ipar. Oinazea edo harridura adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. ai; ene2 2.

output

iz. Ekon. Prozesu baten bukaera-elementua edo azken emaitza. Input/output taula.

oxala

interj. Baldinba. (Baldintzazko adizki irrealekin erabiltzen da). Ik. agian 2; baldinbaitere; ahal2. Oxala, hola mintzo balira! Oxala, banitu mila milioi bihotz! Oxala, ez banu egin behin ere.

oxidatu, oxida, oxidatzen

da/du ad. Kim. Oxigenoarekin konbinatu; oxido bihurtu. Ik. herdoildu; ugertu. Aireak metal gehienak oxidatzen ditu.

oxidatzaile

adj./iz. Oxidatzen duena. Bakterio hidrogeno-oxidatzaileak.

oxidazio

iz. Oxidatzea. Aditu batzuek uste dute zelulen oxidazioak sortzen duela Alzheimerra.

oxido

iz. Kim. Oxigeno atomo bat edo gehiago duen konposatua. Ik. anhidrido. Burdin oxidoa. Kaltzio oxidoa. Izadian metal gehienak oxido eran agertzen dira.

oxigenatu, oxigena, oxigenatzen

1 da/du ad. (Gai bati) oxigenoa erantsi.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Ur oxigenatua.

oxigenatze

iz. (Gai bati) oxigenoa eranstea.

oxigenazio

iz. Oxigenatzea. Hiritik urrun ibiltzea lagungarri da biriketako oxigenazioa hobetzeko.

oxigeno

iz. Kolore eta usainik gabeko gasa, gutxi gorabehera eguratseko airearen bostena osatzen duena (O; zenbaki atomikoa, 8). Oxigenoa nahitaezkoa da izaki bizi gehienentzat. Oxigenoak, hidrogenoarekin elkartuz, ura ematen du. Oxigeno molekulak.

oximoron

iz. Liter. Figura erretorikoa, ustez bateraezinak diren edo kontrako esanahia duten hitzak edo esapideak elkartzean datzana. «Gordelekura joan naiz nire egoera ikusgarriago egiteko»; "gordeleku ikusgarria", oximoron bitxia. Jatorrizkoan, poesia kontuetan gertatu ohi denez, are ederragoa da esaldia, "They are all listening for our silence", oximoron sotil horrekin.

ozale

iz. Heg. g.er. Txerri-jana.

ozar1

iz. Ipar. edo Zah. Txakurra. Ik. or. Ozar errabiatuak bezala.

ozar izar, ozar-izar iz. Izar iheskor askoren agerpena.

ozar2

adj. Ipar. edo Jas. Lotsagabea. Seme ozarra eta lotsagabea duenak. Gezurti ozarrak. Kantu ozarrak. Ozarrek jo behar dute, ahulek jasan.

ozaraintar

1 adj. Ozarainekoa, Ozaraineri dagokiona.

2 iz. Ozaraineko herritarra.

ozarkeria

iz. Ipar. Lotsagabekeria. Lotsagabeko ozarkeriaz. Ez duzue Oxalderen bertsoetan herrarik usnatuko; ditxolariak behar duen ozarkeria doi hura, gehiagorik ez.

ozarki

adb. Ipar. Lotsagabeki. Ozarki mintzo dira, erakutsiz berek sinesten ez dituztenak. Karitatea idorki eta ozarki galdetzen duena. Ozarkiegi ari zirelako.

ozartasun

iz. Ipar. Lotsagabetasuna. Bere bizitzaren hasierako ozartasunak iritzia adierazteko ausardia handia ematen zion.

ozartu, ozar/ozartu, ozartzen

da/du ad. Ipar. Lotsagabetu. Txoriburua ozartzen hasi zen.

ozaztar

1 adj. Ozazekoa, Ozazeri dagokiona.

2 iz. Ozazeko herritarra.

ozeaniar

1 adj. Ozeaniakoa, Ozeaniari dagokiona. Ozeaniar uharteak.

2 iz. Ozeaniako herritarra.

ozeaniko

adj. Ozeanoarena, ozeanoari dagokiona. Lurrazal ozeanikoa.

ozeano

iz. Lurrazalaren eremu handia, ur gaziz osatua dagoena; eremu hori banatzen den zati handietako bakoitza. Ik. itsaso. Ozeanoaren hondoan. Ozeano Atlantikoa. Indiako ozeanoa. Ozeano Barea.

ozeanografia

iz. Ozeanoak eta itsasoak eta bertan bizi diren izakiak ikertzen dituen zientzia. Ozeanografia azterketak.

ozeanografiko

adj. Ozeanografiarena, ozeanografiari dagokiona. Museo ozeanografikoa.

ozeanografo

iz. Ozeanografian aditua. Zumaiako flyschari buruz aste honetan grabatzen ari diren dokumentalari esker, punta-puntako geologo, biologo eta ozeanografoak etorri dira hirira.

ozelo

1 iz. Zool. Artropodoen eta intsektuen begi bakuna.

2 iz. Zool. Begi itxurako kolorezko orbana, intsektu askotan, arrainetan, hegaztien lumetan edo ugaztunen ilean agertzen dena. Itxura gaiztoa ematen dioten sei ozelo beltzeko tximeleta daukat begien aurrean, marroia eta horia.

ozelote

iz. Katuaren familiako ugaztun haragijalea, Amerikako erdialdeko eta hegoaldeko lurraldeetan bizi dena eta bere ile gorrixka orbandunagatik oso aintzat hartua dena (Felis (Leopardus) pardalis). Ozelote larrua.

ozen

1 adj. Hotsez edo hotsa ateratzen duten gauzez mintzatuz, ongi edo argi edo indar handiz entzuten dena. Oihu ozenak. Joare ozena. Etxeberrik mintzo ugaria du, baina ez, beharbada, behar bezain ozena eta zolia. Haien mintzoa, tupiki ozen eta txilin burrunbaria bezala, iraupen laburrekoa izango da. Marrurik ozenenak ez dira beti saminenak. Erdaldunen "enbido" eta are "hordago"-ari "eduki" ozena botea zion Larramendik.

2 adj. Irud. Ez dela hitz ozen eta esaera apainen adiskidea. Ez zitzaion atsegin Orixeri erromantikoen bigunkeria ozena. "Rozinante", izen ozena eta ederra, bere ustetan.

3 (Adizlagun gisa). Ik. ozenki. Ozen eta argi mintzatu.

4 adj. Hizkl. Ahotsez mintzatuz, kontsonante huts eta bokal hutsen artekoa dena. /l, r, m, n/ ozenak dira.

ozendu, ozen/ozendu, ozentzen

du ad. Ozen edo ozenago bihurtu. Bere ahotsa ozenduz.

ozenki

adb. Ozentasunez, ongi entzuteko moduan. Ik. ozen 3; goraki. Ozenki deitzen zaitu. Hori esan ondoan, oihu egin zuen ozenki: "Lazaro, zatoz kanpora". Ozenki mintzatu, aldarrikatu. Argi, garbi eta ozenki aditzera emana.

ozentasun

iz. Ozena denaren nolakotasuna. Tronpetaren ozentasuna.

ozka

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, ozka-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hozka].

ozono

iz. Kim. Oxigenoaren aldaera, molekulak hiru oxigeno atomoz osatuak dituena (O3). Landare askok kolorea galtzen dute atmosferako ozono kopuru handiaren ondorioz.

ozono geruza, ozono-geruza iz. Estratosferako geruza, ozono kontzentrazio handia duena. Ozono-geruzaren zuloak handitzen jarraitzen du.

ozpin

1 iz. Ardoaren, sagardoaren eta kidekoen hartzitzetik sortzen den isurkari mingotsa, janari batzuk prestatzeko, edo barazkiak-eta ontzeko erabiltzen dena. Ozpinetan bustia. Ozpinetan jarri. Ozpinetako piper berdeak gordinik jateko.

2 iz. Irud. Hemen ere badario Chaplin-i, betiko gatza eta ozpina. Baina noiz arte jasango du irakurlearen ahoak ohi duen eztiaren ordez irentsarazi nahi diogun ozpina? Ozpinezko hitzak.

3 adj. Hitz zorrotz eta ozpinak.

ozpin-euli iz. Euli mota txiki eta gorri-beltza, ozpintzen edo garrazten hasitako fruituez elikatzen dena (Drosophyla melanogaster).

ozpin-olio iz. Ozpinez eta olioz egiten den saltsa, hainbat janariren ongailu edo bizigarria. Tomatea ozpin-oliotan.

ozpindu, ozpin/ozpindu, ozpintzen

1 da/du ad. Ozpin bihurtu. Ik. mindu 3. Ontzi erdi hutsak ardoa ozpintzen du. || Irud. Tira, ez hadi ozpindu.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Gizon bero, bizi, ozpindua, baina adiskide leiala. Bere mihi ozpinduaz.

ozpinkeria

iz. Izaera ozpindua duenari dagokion esatea edo egitea; garrazkeria. Ozpinkeriaz erantzun.

ozpinontzi

iz. Sukaldean erabiltzen den ozpina edo jatorduetan mahaian erabiltzen dena gordetzeko ontzia.

ozpintsu

adj. Ozpinez, garraztasunez betea. Ahapaldi ozpintsuak.

ozpintze

iz. Ozpin bihurtzea. Ozpintze prozesua bakterio azetikoek eragiten dute.

ozta

1 adb. Ia ez; zailtasun handiz. Ik. doi-doia. Ozta ulertzen dugun mordoiloa. Ozta dabiltza zutik. Ez da, edo ozta, bat edo beste izango da, gaixoren bat ez bada, konfesa ezin litekeenik hilean behin. Lehen ozta ezagutzen zen gure artean mahatsardoa. Jateko adina ozta irabazteko. Bi orduko bizia ozta gelditzen zait. Zintzoa ozta salbatzen bada, bekatari honezaz zer izango da? Crautik ozta barreiatu da haren izena.

2 adb. (Aipatzen diren bi ekintzaren arteko berehalakotasuna adieraziz). Bezain laster. Hontzak ihes egiten du argiagandik; ozta agertzen da egunsentiaren argitasuna, ezkutatzen da teilatuetako zuloetan. Amaren sabeletik ozta da agertzen, negar eta garrasiz bertatik da hasten.

ozta-ozta adb. ozta-ren indargarria. Antzinagokoen berririk ozta-ozta iritsi da geureganaino. Agureak ozta-ozta zeraman egur sorta. Ez bizarra moztu, ez gosaldu, jantzi ere ozta-ozta. Ozta-ozta zutik egonaz.

oztibartar

1 adj. Oztibarrekoa, Oztibarreri dagokiona.

2 iz. Oztibarreko herritarra.

oztin

adj. g.er. Urdina.

oztopagarri

1 adj. Oztopatzen duena. Balioak hautemateko eta barneratzeko zer den lagungarri eta zer oztopagarri.

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Testuaren sinesgarritasunaren oztopagarri gerta daitekeelakoan.

oztoparazi, oztoparaz, oztoparazten

du ad. Oztopatzera behartu, behaztoparazi. Haren oin garbi eta lotu gabeak oztoparazteko.

oztopatu, oztopa, oztopatzen

1 da ad. Oztopo egin, behaztopatu. Bidea zabalagotu didazu eta nire oinak ez dira oztopatu.

2 du ad. Zerbaiti oztopoak jarri. Ik. eragotzi; enbarazu egin; destorbatu. Eta hortik sortzen dira eztabaidak eta liskarrak; eta hauek Jainkoaren eta hurkoaren maitasuna oztopatzen dute.

oztopo

iz. Bidea ixten duen gauza; zerbait egiteko eragozgarria. Ik. estropezu; behaztopa 2;  + enbarazu; eragozpen; traba; destorbu. Oztopo ikaragarria jartzen zaigu bide erdian. Badaki oztopo horren gainetik jauzi egiten. Nolako trabak eta oztopoak aurkituko zituen bere bidean, ez da gaitz igartzen. Aldi luze bezain tristea ezagutu dugu batzuek, debekuz eta oztopoz betea. Pixka bat saiatzen bazara, ez duzu gero oztoporik izango. Eta Jainkoak barka diezaiola, fede santuari oztopo ipini dion honi.

oztopo egin Estropezu egin, behaztopatu. Ik. oztopatu. Geuk ere berriz ez dezagun lehengo harrietan beretan, behin eta berriro, oztopo egin. Besteren batek ere egin dezake oztopo harri horretan.

oztopo lasterketa, oztopo-lasterketa 1 iz. Atletismoko proba, ibilbidean jarririko hesiak eta putzua gaindituz egiten dena. Arratsaldean, 2.000 eta 3.000ko oztopo lasterketak jokatuko dira.

2 iz. Zaldi gaineko lasterketa, ibilbidean jarririko hesiak eta putzua gaindituz egiten dena.

3 iz. Irud. Taxuzko narrazio bat atontzea oztopo lasterketa bat da.

oztopobide

iz. Oztopo egiteko bidea edo zergatikoa. Inolako oharrik ez daukalarik, aurkituko du irakurleak franko eragozpen, hizkuntzaren aldetik oztopobiderik ez duela ere.

p

1 Ik. pe1.

2 (Letra larriz). poise-ren nazioarteko sinboloa.

Pa

pascal-en nazioarteko sinboloa.

pa

iz. Haur. Musua, maitasuna erakusteko norbait edo zerbait ezpainez ukitzea. Ik. ma. Ane, bota pa amandreari!

pa egin Haur. Musu eman. "Egin pa amatxori" esaten zion Maiderri.

pa eman Haur. Musu eman. Eman amatxori pa. Noiz ikasi behar duzu pa ematen? || (eman ezabaturik). Orain pa aitatxori.

pa'anga

iz. Tongako diru unitatea.

pabana

iz. XVI. eta XVII. mendeetan boladan egon zen binakako dantza, geldia eta zeremoniazkoa; dantza horren doinua.

pabiloi

iz. Eraikin berezia, eraikuntza handiago baten edo eraikuntza multzo egituratu baten zatia dena. Agindutako hipermerkatua eraiki beharrean pabiloiak eta lantokiak eraiki ziren hemen. Hurrengo bi partidak Zurbaoko pabiloian jokatuko dira.

padar

iz. g.er. Ermitaua.

padartza

1 iz. g.er. Ermitazainaren kargua edo jarduera.

2 iz. g.er. Ermitau bizitza.

padel

iz. Tenisaren antzeko kirola, lau hormak mugatzen duten jokaleku batean, erraketen ordez palak erabiliz, bi bikoteren artean jokatzen dena. Fronteniseko eta padeleko neguko txapelketa jokatuko da Arrasaten.

padera

1 iz. Ipar. eta Naf. Gaztainak erretzeko danbolina. Gaztainak paderan erretzen ari zirelarik.

2 iz. Heg. Zartagina. Paderan frijitu. Padera baino itsusiagoko neskatxak.

padura

iz. Bizk. Itsasertzeko edo bokaleko zingira. Ik. madura. Ihi eta landaretzaz beteriko padurak jo zituen begiz. Paduretako lokaztiak.

paella

iz. Arrozez, okelaz, arrainez eta abarrez prestatzen den jakia, jatorriz Valentziakoa. Ikasi egin behar da arroz zuri zozoa paella eder bihurtzen.

paestumdar

1 adj. Paestumgoa, Paestumi dagokiona.

2 iz. Paestumgo herritarra.

pafa

iz. Bafada.

pafa-pafa adb. Ipar. Pipatzeaz mintzatuz, bafadaka. Pafa-pafa pipatu. Kea pafa-pafa egotziz gozoro.

paflagoniar

1 adj. Paflagoniakoa, Paflagoniari dagokiona.

2 iz. Paflagoniako herritarra.

pafostar

1 adj. Pafoskoa, Pafosi dagokiona.

2 iz. Pafosko herritarra.

paga

1 iz. Ipar. eta Naf. Lansaria. Apaizaren paga. Hamar liberaz emendatu zioten urteko paga.

2 iz. Heg. Haur edo gaztetxo bati bere gastuetarako ematen zaion dirua.

pagadi

iz. Pago basoa. Pagadi eta hariztiak. Nabarniz inguruko pagadi zaharretan. Larre berrian eperrak dira, pagadietan usoak.

pagakizun

iz. Ordainkizuna.

pagamendu

iz. Ordainketa.

paganismo

iz. Pagano izatea; paganoen erlijioa. Ik. paganotasun. Fedearen etsai nagusiak lau omen dira: ateismoa, paganismoa, judaismoa eta heresia.

pagano

1 iz. Kristautasunaz kanpoko erlijio batean, bereziki erlijio politeista batean, sinesten duen pertsona. Ik. jentil. Judu eta pagano guztiak. Paganoak bataiatu. Anitz pagano hil zituzten. Dioskoro paganoaren alaba zen. Ez daiteke nornahi izan pagano.

2 adj. Kristautasunaz kanpoko erlijio batekoa dena. Apaiz pagano bat. Txina paganoak berak baditu orain bere apezpiku eta apaizak. Mito paganoak: paganoen mitoak.

paganokeria

iz. Paganotasun gaitzesgarria; paganoari dagokion egintza.

paganotasun

1 iz. Paganoa denaren nolakotasuna.

2 iz. Paganoen erlijioa. Ik. paganismo. Jupiter, paganotasuneko jainko faltsu guztien nagusia.

paganotu, pagano/paganotu, paganotzen

da/du ad. Pagano bihurtu, paganoen moldeak eta ohiturak hartu. Gure herria paganotzeko.

pagarazi, pagaraz, pagarazten

du ad. Ordainarazi. Zerga pagarazi.

pagatu, paga/pagatu, pagatzen

du ad. Ordaindu. Errenta pagatu. Hamarrenak Elizari pagatzea. Zorrak aitortzea eta ezagutzea dagokio zordun onari, pagatuko ez baditu ere.

pagatxa

iz. Pago ezkurra.

pagatzaile

iz. Pagatzen duen pertsona. Ik. ordaintzaile. Pagatzaile ona. Zitala delako, zor-pagatzaile txarra delako. Pagatzaile gaiztoagandik olo (esr. zah.).

pagatze

iz. Ordaintzea.

pagauso

iz. Uso handi basatia, burua, bizkarra eta isatsa gris urdinxkak, sabelaldea zurixka eta hankak moreak dituena, eta habia zuhaitz altuetan eta landetan egiten duena (Columba palumbus). Usoetan handiena pagausoa da.

pago

1 iz. Basoko zuhaitz handia, enborra zuzena, azala leuna eta iluna, hostoak erorkorrak eta zura zuria, arina eta sendoa dituena (Fagus sylvatica). Arboletan den ederrena, oihan beltzean pagoa. Pagoak lur lehor eta soilik ez du nahi. Pago itzaltsua. Pagoaren egurra, ikatza edo sua egiteko, onenetakoa da. Pago erorira egurkari guztiak laster ari dira (esr. zah.).

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Pago hostoak. Pago landareak aldatu. Txabola bat hiru pago adarrekin egina.

3 iz. Pagokia, pagoaren zura. Pagozko goporrak.

pago ezkur, pago-ezkur iz. Pagoaren fruitua. Ik. pagatxa.

pago motz iz. Pago lepatua.

pago-uso iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, pago-uso-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pagauso].

pagoda

iz. Ekialde Urruneko herrietako tenplua. Pagodetako idoloak.

pagoki

iz. Pagoaren zura. Ardatza pagokizkoa da, leuna, distiratsua.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper