Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

luzakin

iz. Zerbaiten luzagarri edo eranskin gertatzen den gauza. Adarrak zenbait aberek dituzten hezurrezko luzakinak dira.

luzakor

adj. Epeak eta kidekoak luzatzeko joera duena. Ik. berankor 2. Jainkoa luzakor, ez ahanzkor (esr. zah.).

luzamen

iz. Luzapena. Badut uste, luzamen handirik gabe, ministro berriak dituzkegula. Epearen luzamena.

luzamendu

iz. Ipar. Luzapena. Luzamenduak utzirik. Lehen baino lehen, geroko luzamendutan ibili gabe.

luzanga

adj. Luzeran zabaleran baino neurri handiagokoa dena. Ik. luzaran. Aurpegi luzanga. Arrautza luzangak eta biribil antzekoak. Mutil luzanga.

luzapen

1 iz. Denbora-bitarteez mintzatuz, luzatzea; luzatzearen ondorioa. Ik. luzamen; luzabide; luzamendu; luzakeria; atzerapen 2. Luzapen horien bitartez denbora irabazi nahian dabil. Penitentzia egin behar da agindu denboran; baina luzapen pixka bat ez da berez bekatu larria. Luzapenetan ibili gabe. Luzapenik gabe itzul dezan. Bizitza labur honen luzapen bat eman diezaioten.

2 iz. (Denborari ez dagokiola). Otsein eta morroiak, sendiaren luzapena balira bezala, etxekotzat hartu.

3 iz. Denbora-bitarte bat luzatzen den epea edo neurria. Ordubeteko luzapena.

luzara

adb. Luzarora. Ihintz handiak, luzara, kalte egiten dio ardiari.

luzaran

adj. Luzanga. Begi luzaranak dituzte ekialdekoek. Begitarte luzarana.

luzarazi, luzaraz, luzarazten

du ad. Luzatzera behartu. Diru eskasak luzarazi du lan hori. Hamabost urtez luzarazi zion bizia.

luzaro

adb. Denbora luzean. Ik. luzaz; luzeki. Nafarroan luzaro bizi izan zelako. Ez naiz hemen luzaro mintzatuko Etxeparez. Horrek ez du luzaro iraungo. Liburu hau gabe luzaroago egon ez daitezen.

luzaroan adb. Luzaro. Zure galdera luzaroan eduki dugu erantzun gabe. Luzaroan egon zen ezezka.

luzaro gabe adb. Denbora asko igaro baino lehen. Atea jo eta luzaro gabe bere alaba atera zitzaion.

luzaroko 1 adj. Denbora luzeko. Luzaroko egonaldiak egin zituen han.

2 adb. Denbora luzerako. Munduan luzaroko ez zegoela.

luzarora adj. Denbora luzera. Luzarora begiratuz.

luzarorako adb. Denbora luzerako. Ik. luzaroko 2. Etsi genuen, ez ginen luzarorako. Europan bertan badaukagu, nire ustez, zer ikasia ugari luzarorako, bestetara jo gabe.

luzarotxo

adb. Adkor. Luzaro. Luzarotxo egon haiz Buenos Airesen.

luzatu, luza, luzatzen

1 da/du ad. Luzeago bihurtu, luzera handitu. Erraza da horrelakoen zerrenda luzatzea. Bi zangoen puntetan gorputza luzatuz. Urratsa luzatu. Arazo honetan laburtzea da zaila, ez luzatzea. Soinekoa luzatu beharra daukat.

2 da/du ad. (Denbora-bitarteez mintzatuz). Epea luzatu. Egunak hozten eta gauak luzatzen direnean. Bizia luzatzen badio. Hamabost urtez luzatuko ditut zure egunak. Kontakizuna ez luzatzeko. Ez naiz gehiegi luzatuko alde makurra erakusten.

3 da ad. Pertsonez mintzatuz, hazi. Zure semea luzatua aurkitzen dut. Nola luzatu den aspaldian Iñaki!

4 da ad. Landareez mintzatuz, garatu. Urazak, nahiz batzuk luzatuak izan, agertu orduko eramaten zizkidaten eskuetatik.

5 da/du ad. Luzera guztian hedatu. Besoak luzatu. Azpeitiraino luzatzen den ordokia. Zezen gaixoa kordokan mihia luzaturik hiltzen ikustea. Inguruko mendietatik harantz begiak luzatzen ez badakigu.

6 da/du ad. Zerbait egiteko edo gertatzeko uneaz mintzatuz, atzeratu. Ik. berandutu. Bekatutik ateratzea egunetik egunera luzatuz. Gerora ezin luza daitekeen gauza. Geroko luzatu. Jendartean azaltzea franko luzatu badu ere. Ez ahal da luzatuko agindu zaigun liburuaren bigarren zatia! Gehiago luzatu gabe, esan dezadan esan nahi dudana.

7 du ad. Norbaiten eskumenean jarri. Aulki bat luzatu dio. Eskua luzatu zion.

luzatze

iz. luzatu aditzari dagokion ekintza. Ik. luzapen. Horretara, gure bizitza kaskar honi ugaritze eta luzatze bezalako bat ematen diogu. || Kirola egin aurretik luzatze ariketak egiten ditu.

luzaz

adb. Denbora luzean. Ik. luzaro. Arrazoi horiek luzaz azalduak izan dira behin eta berriro. Ez zuen luzaz iraun. Luzaz bizi bedi. Jainkoak luzaz eman diezazula indar eta osagarri. Luzaz luzatu dudan berriketa hau. Luzaz egon zen eritegian. Napoleon handiaren soldadu luzaz eta luzaz ibilia zen. Zertako, ordea, mintza luzazago? Orain arte luzazegi egon da duda-mudan.

luzazki

adb. g.er. Luzaz, luzaro.

luze

1 adj. Buru batetik bestera hedadura handia edo ohikoa baino handiagoa duena; luzera gainerako dimentsioak baino aski handiagoa duena. Anton. labur. Kale luzea. Soineko luzeak. Haga luze batetik dilindan. Hitz andana luzea. Bide luzea egin duelako. Gizon sudur-luzea. Eskutitz luzea. Hik mingaina luzea, baina diru gutxi. Zerrenda luzeegia. Luze samarra (Ik. luzexko). Lagunaren behiak erroa luze (esr. zah.).

2 adj. (Luzera adierazteko, artikulurik eta kasu markarik gabe, zenbaki eta luzera-neurri baten eskuinean). Ehun metro luze eta hogeita hamar metro zabal den eremu bat. Hamabi kana luze, gerria hamar lodi. || Bost milimetro luzeko ileak.

3 adj. Pertsonez edo behetik gora hedatzen diren gauzez mintzatuz, garaia, altua. Gizon luzea eta lerdena zen. Pago luze, lodi eta mardoa. Fabriketako tximinia luze horietako bat.

4 adj. Hasieratik bukaera arte iraupen handia duena. Barau luzeak. Ez du salaketa luzeetan aritu beharrik izan. Aipagarriak dira egilearen kemena eta arnasa luzea. Epe luzeagoa behar duela. Lan gaitz eta luzea. Horrela bizi izan ziren denbora luzean (Ik. luzaro; luzaz). Ez du denbora luzean iraungo. Mende luzeetan. Espetxean egon nintzen sei urte luzez.

5 (Adizlagun gisa). Ik. luzaro; luzaz. Luze iraun zuen setioak. Luze bezain zabal, bidearen gainean etzaten da, begiak hetsirik, alegia hila. Lanean hasitakoan luze joaten da astea. Egunero etxeraino joatea oso luze egiten zitzaion.

6 (Izen gisa, -en atzizkiaren eskuinean). Ik. luzetasun; luzera. Barka, mesedez, aipamenaren luzea. Bidearen luzeak akituta.

7 iz. Aurrez aurre jartzen diren bi talderen artean jokatzen den pilota-jokoa. Ik. laxo 2. Luzean jokatu. Luzeko jokoa.

luzean adb. Luzeran. Metro eta erdi zabalean, bi luzean eta beste bi goitik behera.

luze iritzi Luzea edo luzeegia iruditu. Ik. luzetsi. Nik ez nion luze iritzi, zutik egon arren.

luze-labur iz. Luzera, neurria. Bertso lerroak ez dira berdinak luze-laburrean. Ez naiz hemen abiatuko bide horren luze-laburra neurtzen. Nire lanaren zer-nolakoa, luze-laburra eta zertarakoa. || Latin silaben luze-laburra.

luze-luze 1 adj. luze adjektiboaren indargarria. Mahai luze-luze bat.

2 adb. luze-ren indargarria. Luze-luze etzanda.

luzetara adb. Luzeraren norabidean, luzeraren arabera. Ik. luzeka. Luzetara handiagoa da zabaletara baino. Pilotalekuan, mutikoek, luzetara jokatu beharrean, zabaletara jokatzen zuten.

luzetarako adj. Luzeraren norabidean dagoena. Ik. luzekako. Bide marrak honelakoak izan daitezke: luzetarako marra zuriak edo zeharkako marra zuriak.

luze-zabal iz. Luzera eta zabalera. Ik. azalera; eremu 3. Hor zehar, galaxiaren luze-zabal osoan. Neurri bertsukoak gara luze-zabalean.

luzeka

1 adb. Luzetara. Gorputzak luzeka etzanik jartzen zituzten.

2 adb. Aipatzen dena luzatuz edo luzatzen. Eskean hasteko lotsa zen, ez zen gauza esku luzeka hasteko. Patxadazko ibileran ala zango luzeka.

luzekako adj. Luzetarakoa. Zeharkako eta luzekako adreilu ilara txandakatuak.

luzeki

adb. Ipar. Luzaro, luzaz. Luzeki mintzatu naiz horretaz.

luzera

iz. Luzetasunaren neurria; lehen dimentsioaren neurria. Zuhaitzaren luzera nola neurtu, gainera igo gabe. Bost metro luzeran izango zituen.

luzera jauzi, luzera-jauzi Atletismo proba, abiada hartu eta marra batetik aurrera ahalik eta jauzirik luzeena egitean datzana. Luzera-jauziko munduko marka ontzen saiatu zen.

luzerna

iz. Alpapa. Luzerna, idortua denean da hoberenik.

luzetasun

iz. Luzea denaren nolakotasuna; luzera. Haren hedadurak gainditzen ditu lurraren luzetasuna eta itsasoaren zabaltasuna. Leku handia zen, 63 metro luzetasunean. Bakartasun tokian, denboraren luzetasuna da menderatu behar.

luzetsi, luzets, luzesten

dio ad. (nor osagarririk gabe). Luzea edo luzeegia iruditu. Ik. luze iritzi. Luzetsi dio hitzaldiari. Etxera dei ezazu, aita gure ibilerari luzetsita egon ez dadin.

luzetxo

1 adj. Adkor. Luzea. Denbora luzetxoa igaro zuela hitz egiten.

2 (Adizlagun gisa). Luzetxo doa kontu hau.

luzexko

adj. Adkor. Luzetxoa. Eztabaida luzexkoa izan genuen.

luzimendu

iz. Heg. Distira (irudizko adieran), nabarmentzea. Filma bere luzimendurako tresna ezin egokiagoa da.

luzitu, luzi, luzitzen

1 du ad. Heg. Igeltsuztatu, zarpiaturiko pareta leunagotu. Hormak igeltsuz luzitu.

2 du ad. Heg. Harro erakutsi. Gaur luzitu beharko duzu soineko berria.

3 da/du ad. (du aditza denean, nor osagarririk gabea da). Heg. Nabarmendu. Hamarreko txikian luzitu zen Jokin. Otamendik ez zuen gehiegi luzitu atzokoan. || Donostian gutxi luzitzen dute gauza arlote eta narrasek.

luzoker

1 iz. Kuiaren familiako landare herrestari hosto-handia, ezkila formako lore horiak dituena eta fruitu mamitsu eta luzangak ematen dituena (Cucumis sativus). Ik. pepino.

2 iz. Landare horren fruitua, jateko ona. Haren aurpegia estua eta luzanga zen, luzokerraren irudiko.

lx

lux-en nazioarteko sinboloa.

m

1 Ik. eme1.

2 metro-ren nazioarteko sinboloa.

ma

iz. Haur. Musua. Ik. pa. Ma egiozu amatxori. Ma eman.

mA

miliampere-ren nazioarteko sinboloa.

mach

iz. Fis. Gorputz baten abiaduraren eta soinuak gorputz hori higitzen ari den ingurunean duen abiaduraren arteko zatidura. Mach zenbakia: macha. Mach 1etik gorako abiadurei supersoniko deritze. NASAren X-43 gailuak mach 9,6ko abiadurari eustea lortu zuen hamar segundoz.

madagaskartar

1 adj. Madagaskarkoa, Madagaskarri dagokiona. Madagaskartar arrantzaleak.

2 iz. Madagaskarko herritarra.

madalena

iz. Irin, azukre eta arrautzez eginiko opiltxo bigun biribila, paper kizkurreko moldeetan erretzen eta gordetzen dena. Kafesnetan bustita jaten genituen madalenak.

madama

iz. g.g.er. Andrea. Ik. andere. Madama de Neuville eta Madama Brunier. Medikuaren madamaren txakurtxoa.

madari

iz. Udarea. Ik. makatz 2; txermen. Donibane madariak eta Abuztu madariak. Madari ardoa.

madari dantza, madari-dantza Luzaiden dantzatzen den dantza tradizionala.

madarikagarri

adj. g.er. Madarikatzea merezi duena. Ik. biraogarri.

madarikatu, madarika, madarikatzen

1 du ad. Jainkoaren gaitzespena edo haserrea norbaitentzat edo zerbaitentzat eskatu; Jainkoak bere gaitzespena eman. Noek Kam bere semea madarikatu zuen. Jainkoak sugea madarikatu zuen.

2 du ad. Norbait edo zerbait, harekiko gorrotoa edo ezinikusia adierazteko, gaitzetsi. Madarikatua, ezagutu zintudan eguna!

3 (Partizipio burutua izenondo edo izen gisa). Arima madarikatuak. Deabru madarikatua. Poeta madarikatuak, zorrez eta gosez beterik bizi zirenak. Zoazte, madarikatuak, sekulako sutara.

madarikatzaile

adj./iz. Madarikazioak botatzen dituena, madarikazioak botatzeko ohitura duena. Gizon isekari eta madarikatzaile lotsagabea.

madarikazio

iz. Madarikatzea; madarikatzeko erabiltzen den esaldia. Ik. birao. Jainkoaren eta bere aitaren madarikazioa bereganatu zuen. Jainkoaren haserre eta madarikazioaren azpian bizi. Madarikazio hori nire gain izan bedi. Ekar ez dezala nire gainera madarikazioa. Madarikazioak ezarri, egotzi, bota.

madariondo

iz. Udareondoa. Madariondoa txertatu.

madonna

iz. Art. Ama Birjinaren irudia. Edozein margolarik madonna baten eredutzat hartzeko modukoa.

madrepora

iz. Ur epeletan bizi den koral generoa (Acropora sp.).

madrildar

1 adj. Madrilgoa, Madrili dagokiona. Madrildar agintariak.

2 iz. Madrilgo herritarra.

madura

iz. Batez ere Bizk. Padura.

maeztuar

1 adj. Maeztukoa, Maezturi dagokiona.

2 iz. Maeztuko herritarra.

mafia

1 iz. Siziliako zenbait gaizkile elkartek osatzen duten sarea, indarkeria edo xantaia erabiliz, tokiko politikan eta ekonomian eragin handia duena; hedaduraz, antzeko eran jarduten duen gaizkile elkartea. Siziliako mafiako buruzagia. New Yorkeko mafia. Mafia eta interes talde boteretsuak sortu dira Txinan. Drogaren mafiak.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. mafioso 2. Mafia-familia ezagunak. Mafia giroan sartua zegoen. Mafia taldeen arteko lehia.

mafioso

1 iz. Mafiako kidea. Mafioso itxura zuen.

2 adj. Mafiakoa, mafiari dagokiona. Ik. mafia 2. Ekintza terrorista eta mafiosoa izan da, enpresa, langile eta familien kontrakoa.

mafrundi

iz. Ipar. Buruko hotzeria. Burutik behera, mafrundi txar batek dit hetsi sudurra.

mafrunditu, mafrundi/mafrunditu, mafrunditzen

da/du ad. Ipar. Mafrundiak joa gertatu; mafrundia eragin. Zoaz janztera mafrunditu aurretik. Deusek ez du hala mafrunditzen nola berotik hotzera iragateak.

magal

1 iz. Altzoa. Magalean hartu zuen haurra. Magalean jarri. Haur bat magalean eta bestea bularrean. Golkotik eroria magalean gelditu.

2 iz. Mantala edo gona gorantz tolestean gertatzen den poltsa modukoa. Aleak magalean biltzen. Magal betea saskian hustu.

3 iz. Irud. Aldendu zen handik ilunabarraren magalean.

4 iz. Mendi baten aldatsa eta beheko aldea. Ik. hegal 8. Mendiaren magalean.

Abrahamen magal Abrahamen altzoa.

magalpe

iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Babesa. Elizaren magalpetik urrundu. Mendi horren magalpean dagoen herria. || Izadia iluntasunaren magalpe sakonean lo datza.

magalpeko adj. Babespekoa.

magazin

1 iz. Albiste aldizkari argazkiduna.

2 iz. Askotariko gaiak eta albisteak jorratzen dituen telebista edo irrati emanaldia. Goiza betetzeko magazin horietako bat.

magdalena

iz. pl. Santa Maria Magdalena egunaren inguruan egiten diren jaiak. Zezensuzkoa izan zen magdalenetan.

magenta

1 iz. Argazkigintzan edo inprimatze lanetan erabiltzen den oinarrizko kolorea, arrosa iluna.

2 adj. Kolore hori duena. Gelako sabaiaren erdi-erdian lanpara parpailadun magenta bat zegoen zintzilik.

magia

iz. Azti lana, isileko edo ezkutuko bidez gertakari miragarriak edo itxuraz miragarriak sortzeko antzea; antze horri dagokion jakintza. Ik. aztikeria; sorginkeria. Magia-hitzak. Magiaz egina, sortua. Magiazko arteak.

magiko

adj. Magiazkoa. Aztikeriak eta hitz magikoak erakutsi zizkion.

magina

iz. Zah. Ezpata eta antzeko armak gordetzeko zorroa. Ezpatak ezpata sarrarazten du maginan.

magisteritza 1 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, magisteritza ikasi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide horren ordez, irakasle ikasketak egin erabiltzea gomendatzen du; ik. irakasle].

2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, magisteritza eskola-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide horren ordez, irakasle eskola erabiltzea gomendatzen du; ik. irakasle].

magistral

1 adj. Maisu bati dagokiona. Ik. maisulan.

2 adj. Errezetez, formulez edo sendagaiez mintzatuz, medikuak emandako formulari jarraituz prestatzen dena. Erizaintzako zainketak: formula magistralak prestatzea.

eskola magistral 1 Irakasleak, ikasleen parte hartzerik gabe, hitzaldi modura ematen duen eskola. Unibertsitateko irakaskuntzaren erdigunea aurrerantzean ez da izango eskola magistral tradizionala; protagonista nagusiak ikasleak izango dira.

2 Ikasturte hasieran edo oroitzapen ospakizunetan ematen den eskola edo hitzaldia. Mitinetako erretolika hutsetatik haratago, eskola magistrala eman zuen.

kalonje magistral Kabildo bateko predikaria. Burgosko katedraleko kalonje magistrala.

magistratu

iz. Lege, administrazio edo politika agintea duen funtzionario zibila; bereziki, lege agintea duena.

magistratura

1 iz. Magistratuaren lanbidea edo jarduera; magistratuen multzoa.

2 iz. Magistratuaren jardueraren iraupena.

magma

iz. Geol. Harri urtuen eta gasen nahastura beroa, tenperatura oso altuen eraginez lur azpian sortzen dena. Magma egoera likidoan ateratzen da sumendietatik eta, hoztuz joan ahala, kristalak sortzen dira.

magmatiko

1 adj. Geol. Magmarena, magmari dagokiona.

2 adj. Geol. Harriez mintzatuz, magma hoztearen eta gogortzearen ondorioz sortu dena. Ik. igneo. Harri magmatikoak.

magnesia

iz. Kim. Magnesio oxidoa (MgO).

magnesiar

1 adj. Magnesiakoa, Magnesiari dagokiona.

2 iz. Magnesiako herritarra.

magnesio

iz. Kim. Metal arina, zuri zilarkara, lantzeko erraza, 651 °C-tan urtzen dena eta, su hartzean, gar zuri distiratsuz erretzen dena (Mg; zenbaki atomikoa, 12). Magnesioa argazkigintzan erabiltzen da. Magnesio gatzak.

magnesita

iz. Miner. Magnesio karbonato naturala. Magnesitas Navarras enpresak magnesita ateratzeko harrobia ireki nahi du Artesiaga aldean.

magnetiko

adj. Imanari dagokiona, imanaren nolakotasunak dituena; magnetismoari dagokiona. Indar magnetikoa. Gertakari magnetikoak. Orratz magnetikoa: imanorratza.

magnetismo

iz. Fisikaren adarra, imanen eta eremu magnetikoen tasunak aztergaitzat dituena; tasun eta gertakari horien multzoa. Elektrizitatea eta magnetismoa.

magnetita

iz. Iman harria.

magnetizatu, magnetiza, magnetizatzen

1 du ad. Gorputz bati ezaugarri magnetikoak eman. Eremu elektriko edo magnetiko bat aplikatzean, materia polarizatu edo magnetizatu egiten da. Burdina, nikela, kobaltoa, kromoa eta zenbait aleazio, magnetizatu egin daitezke, hots, iman bihur daitezke.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Orratz magnetizatua.

magnetizazio

iz. Magnetizatzea; horren ondorioa. Eremu magnetiko txikiak aplikatu arren, magnetizazio handiak lor daitezke.

magneto

iz. Elektr. Induktore gisa iman iraunkor bat duen sorgailu mota.

magnetofono

iz. Zinta edo zerrenda magnetiko baten bidez hotsak grabatzen eta erreproduzitzen dituen tresna. Magnetofonoan hartu zuten kantaldi osoa.

magnetoskopio

iz. Bideo tresna, telebistako irudiak eta soinuak bideokaseteetan grabatzen eta bideokaseteetako irudiak eta soinuak telebista-pantaila batean erreproduzitzen dituena.

magnificat

1 iz. Erl. Ebanjelioen arabera, Ama Birjinak, Elisabet lehengusuari eginiko bisitan, Jainkoari eskaini zion kantika, Bezperetan kantatzen dena.

2 iz. Kantika horretan oinarrituriko musika-lana. Pergolesiren Magnificata.

magnitude

1 iz. Fis. Neur daitekeen edozein ezaugarri.

2 iz. Astron. Izar baten distiraren neurria.

magnizidio

iz. Errege, erregina, estatuburu edo kideko baten hilketa.

magnolia

iz. Magnolia generoko zenbait zuhaitz edo zuhaixkaren izen arrunta (Magnolia sp.). Magnolia grandiflora delakoak larruaren tinkotasuneko hosto iraunkor distiratsuak ditu eta lore zuri handiak eta usaintsuak ematen ditu.

mago

1 iz. Magia egiten duen pertsona, bereziki magia-saioak egiten dituen artista. Ik. azti. Kapelatik usoa ateratzen duen magoaren gisa.

2 iz. Batez ere pl. Ebanjelioen arabera, Jesus haurra gurtzera joan ziren jakintsuetako bakoitza. Errege magoak. Ekialdeko magoak.

magrebtar

1 adj. Magrebekoa, Magrebi dagokiona.

2 iz. Magrebeko herritarra.

magurio

iz. Itsas barakuilua (Littorina sp.). Ik. karrakela.

magyar

adj./iz. Hungariarra.

magyarrera

iz. Hungariera.

mahai

1 iz. Ohol lau batek eta hanka batek edo gehiagok osaturiko altzaria, jateko, idazteko edo lan egiteko erabiltzen dena. Zurezko mahaia. Harrizko mahai bat. Mahai luze batean. Leiho ondoko mahai biribila. Hamahiruak bildurik zeuden mahai baten inguruan. Mahai gainean utzi zuen egunkaria.

2 iz. Jateko mahaia, plater, koilara, edalontzi eta kidekoz hornitua. Mahaia bedeinkatu. Mahaian eseri ziren afaltzeko. Mahaian jarririk zeudela. Haren mahaitik erortzen ziren apurrak biltzen. Mahai lagunak (Ik. mahaikide).

3 iz. Zerbait erabakitzeko edo eztabaidatzeko biltzen diren pertsonen multzoa. Ik. epaimahai. Eusko Legebiltzarreko Mahaia. Neurriak hartzeko Krisi Mahaia Eusko Jaurlaritzako egoitzan bilduko da.

gau mahai, gau-mahai Ohearen burualdean kokatzen den altzari txikia, gauean behar diren gauzak gordetzeko edo jartzeko erabiltzen dena. Ik. mesanotxe. Gau mahaiko lanpara.

mahaia eman Ipar. Mahaia otordua egiteko prestatu. Ik. mahaia jarri. Mahaia ematen du eta askaria zerbitzatzen.

mahaia jarri (ipini) Mahaia otordua egiteko prestatu. Ik. mahaia eman. Emaztea mahaia jartzen ari zen eta umea, sutondoan belauniko, sutara egurra botatzen. Ireki ditzatela leihoak seietan, gela egurats dadin, eta mahaia jar dezatela gero.

mahaia jaso Otordua egin ondoren, plater, koilara, edalontzi eta kidekoak jaso. Frutaontzitik sagar bat hartu, eta mahaia jaso gabe irten nintzen.

mahai futbol, mahai-futbol Futbol zelai bat irudikatzen duen mahai antzeko batean egiten den jokoa, futbolari irudi batzuk dituzten haga kirtendun batzuei eraginez, bola txiki bat ate moduko zulo batean sartzean datzana.

mahai inguru, mahai-inguru Arazo edo gai bati buruz eztabaidatzeko, mahai baten inguruan eta jendaurrean egiten den elkarrizketa. Bi hitzaldi eta mahai inguru bat euskararen batasunari buruz.

mahai joko, mahai-joko Joko mota, dado, karta, fitxa edo kideko piezez, taula baten, mahai baten edo bestelako gainazal lau baten gainean jokatzen dena; pieza, taula eta gainerakoek osatzen duten multzoa. Erakusketa horretan, euskarazko mahai jokoak, jostailuak, ipuinak, DVDak eta joko elektronikoak jarriko dira erakusgai.

mahai santu Aldarea, meza ematen den mahaia.

mahai tenis, mahai-tenis Tenisaren antzeko kirola, mahai batean, zeluloidezko edo plastikozko pilotaz eta pala biribilaz jokatzen dena. Mahai tenisean jokatu. Mahai-tenis taldea.

mahai tresna, mahai-tresna pl. Otorduetan erabiltzen diren koilara, sardexka eta ganibeta.

mahai zapi, mahai-zapi Otorduak egitean mahaia estaltzeko erabiltzen den ehuna. Ik. dafaila; zamau.

mahaiburu

1 iz. Mahaiko toki nagusia. Mahaiburuan jarri zen. Mahaiburuko eserlekua.

2 iz. Mahaiburuan dagoen pertsona; epaimahai eta kidekoetan, buru gisa aritzen den pertsona. Alkatea jarri da mahaiburu. Mahaiburu egiten zuenari.

mahaiburuko

iz. Mahaiburua. Mahaiburukoak dastatu zuen ardoa. Aitona mahaiburuko zutelarik. Alkate jauna eseri zen aurrenik mahaiburuko, eta haren atzetik besteak.

mahaiburuorde

iz. Mahaiburuaren hurrengoa, zenbait eginkizunetan haren ordez jarduten duena. Eusko Legebiltzarreko Mahaiko mahaiburuorde izan zen.

mahaigain

1 iz. Mahaiaren gaina.

2 iz. Inform. Ordenagailua piztu, eta, sistema eragilea eta programak kargatu ondoren, pantailan azaltzen den edukia edo irudia.

mahaikide

1 iz. Mahai laguna, mahai batean jatera biltzen diren lagunetako bakoitza. Ik. bazkaltiar. Hura sartu zenean, mahaikide guztiak zutitu ziren. Donostiako jauntxo liberalen hizketa-lagun eta mahaikide izan genuen Iturriaga.

2 iz. Mahai baten inguruan zerbaitez eztabaidatzera biltzen diren lagunetako bakoitza. Eusko Legebiltzarreko mahaikideen aurkako auzia. Tribunaleko mahaikidea.

mahaiko

1 iz. Mahaikidea.

2 iz. Epaimahaikoa.

mahaipe

1 iz. Mahai azpia. (Batez ere leku atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Mahaipeko ogi apurrak biltzen. Mahaipean lo.

2 iz. (Otordu batera berandu iritsi denari jan gabe geldituko dela adierazteko erabiltzen diren zenbait esapidetan). Berandu datorrena, mahaipe. Berandu etorriak mahaipetik txistu.

mahairatu, mahaira/mahairatu, mahairatzen

1 da ad. Mahaian jarri, eseri. Jesus joan zen fariseuaren etxera eta mahairatu zen.

2 du ad. Mahaira eraman. Edozeinek ardo onena mahairatzen du lehenbizi. Jakiak mahairatu.

mahaitxo

iz. Mahai txikia. Jantoki polita, lau lagunentzako mahaitxoekin.

maharaja

iz. Indiako printzea. 1947an, Kaxmir eskualdean agintzen zuen maharajak Indiarekin bat egitea erabaki zuen.

maharani

iz. Indiako printzesa.

mahasgintza

iz. Mahastiak landatzen eta zaintzen dituenaren lanbidea. Ik. mahastizaintza. Mahasgintza eta ardogintzaren sektorea oso garrantzitsua da Nafarroan, 7.000 laguni ematen baitie lana.

mahaska

1 iz. Zub. Mahats biltzea.

2 iz. Zub. Bildu den mahatsa.

mahaskari

iz. Zub. Mahats-biltzailea.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper