Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

izenburu

iz. Liburu, idazlan edo kideko bati hasieran edo buruan ezartzen zaion izena, gehienetan, nolabait, haren gaiaren berri ematen duena. Olerkiak izenburuaz argitaratu zuen liburutxo bat. Artikuluari izenburua aldatzeko. || Ipuin moduko hori Kritikaren inguruko solasaldia izenburupean argitaratu zen.

izendaezin

adj. Ezin izendatuzkoa. Testu klasikoetan legena bezala, horrelakoxeak dira gaitzak iritzi publikoarentzat: izendaezinak, ezkutatu beharrekoak.

izendapen

iz. Izendatzea. Herrien borondateak egin ohi du bere buruzagien izendapena. Euskaltzaindiaren mandatua eta izendapena du horretarako. Izendapen zerrenda.

izendatu, izenda, izendatzen

1 du ad. Norbait kargu edo egiteko baterako, horretarako eskua duenak hautatu. Euskaltzaindiak horretarako izendatu nauelako. Euskaltzainburu izendatu zutenean. Batzorde bat izendatu: batzordeko kideak izendatu.

2 du ad. Izenez aipatu edo adierazi. Ez dugu izendatuko nor den. Erruduna izendatu gabe. Idazle horien artean bat bakarrik izendatuko dut, Mrs. P. Pollard. Izendatzea ere merezi ez duten koplari apalak. Hitza usatu beharrean, aipatu edo izendatu besterik egiten ez dugunean. Biltzarraren buruak izendatuko du goraki hautatua izan dena.

3 du ad. Gauza bat edo garai bat erabilera jakin baterako edo pertsona jakin batentzat bereizi. Ik. gorde 6; bereizi 4. Apirilaren hogeita batgarrena izendatu zuten Erromatik irteteko. Egunero denbora jakin bat izendatuz, otoitz egiteko. Sari bat izendatu zen, ipuin gehien ekartzen zituenarentzat.

4 du ad. Halako izena eman. Ik. deitu 2. Euskaldunok "euli" izendatzen dugun intsektua. Frantsesez "ensemble" deitzen dutena izendatzeko "multzo" erabiliko dut.

5 du ad. Norbaiti edo zerbaiti zer dagokion adierazi; zerbait norbaiti dagokiola adierazi. Ik. esleitu 2. Langileen soldataren neurria izendatzeko. Jainkoak izendatu zion mendirantz abiatu zen. Izendatu zaizun bizimodurako behar duzuna. Leku berezi bat zeukan izendaturik. Gure erlijioak gizonari eta gizarteari izendatzen dizkion zeregin eta helburuak. Izadiak xede jakin bat izendatzen dio izaki bakoitzari.

6 du ad. Zerbait, aipatzen dena dela, jendaurrean adierazi. Gasteizko Mendiak natur parke izendatzeko egitasmoa prest du Udalak. Debako Udalak herria hondamen eremu izendatzeko eskatuko du. San Frantzisko komentua egon zen orubea Ondare Kultural izendatzeko eskaera.

7 (Partizipio burutua izenondo gisa). Egun izendatua.

izendatuki

adb. Berariaz izendatuz edo aipatuz. Ik. esanbidez. Eusko Ikaskuntza, herri elkarte izan zen hura, ez zuen inork debekatu, izendatuki bederen.

izendatzaile

1 adj./iz. Izendatzen duena. Eliza dugu soilki, zuzen den bezala, apezpikuen izendatzaile.

2 iz. Mat. Zatikietan marraren azpian idazten den zenbakia. Izendatzaile komuna kalkulatu.

izendatze

iz. izendatu aditzari dagokion ekintza. Izendatze berriak egiteko.

izendegi

1 iz. Pertsona-izenak edo toki izenak biltzen dituen zerrenda. Euskal izendegia: euskal pertsona-izenak biltzen dituena. Euskal Herriko udalen izendegia. Arabako herri eta hirien izendegia. XX. mendeko euskal idazleen izendegia.

2 iz. Alor jakin batean erabiltzen diren izen edo hitzen zerrenda sailkatua. Merkataritza izendegia.

izendun

adj. Izena duena. Hitzaurrea izenduna dugu, San Martin eibartar idazlearena.

izenezko

1 adj. Soilik izenez dena, baina ez izatez. Izenezko eta alegiazko Euskal Herria egiazko Euskal Herri bilaka dadin.

2 adj. Bozketez mintzatuz, izena emanez eta ahots goran egiten dena. Izenezko bozketetan, idazkariak banan-banan deituko die batzarkideei.

izengabe

1 adj. Izenik ez duena. Behor zahar otzan eta izengabea geldi-geldi egon zen.

2 adj. Anonimoa.

3 adj. Erabat gaitzesgarria. Isiltasunean irentsi ditu egungo egunean erlijioari buruz egiten dituzten jazarpen izengabeak.

izengabeko adj. Izengabea. Entzute handiko eta izengabeko gudariak. || Izengabeko ankerkeria egin zion.

izengoiti

iz. Norbait izendatzeko ponte- eta familia-izenen ordez erabiltzen den izena. Ik. ezizen; gaitzizen; goitizen. Goienetxeko Beñat du izena, izengoitia Matalas. Juda Kanaandarra, izengoitiz Zelote. Bere buruari ezarri dion izengoitia. Lewis Carroll izengoitiaren azpian. Ongi merezi baitzuen izengoititzat "buru-ebakitzailea". || Napoleonen eskutik etorri bide zen Europak ezagutu duen Unibertsitate klasikoa: haren deitura darama bederen izengoitiz.

izenki

iz. Hizkl. Hitzez mintzatuz, izenaren ezaugarriak dituena edo izenak har ditzakeen atzizki eta osagarriak har ditzakeena. Zenbatzaile zehaztugabeak bakar-bakarrik nahiz izen edo izenki baten ezker edo eskuinean ager daitezke. Izenkia ez denez, adberbioak ez ditu hari dagozkion determinatzaileak onartzen.

izenkide

adj./iz. Izen bera duena. Ik. homonimo. Nire izenkidea: nire izen bera duena. Izenkideak dira. Ene santu izenkideari. Hiri izenkideak.

izenkidetasun

iz. Izenkidea denaren nolakotasuna.

izenlagun

1 iz. Hizkl. Euskal gramatikan, berez, izenaren ezkerrean ezartzen den adjektiboa, -ko edo -en kasu marken, edo -tar eratortze atzizkiaren bidez sortzen dena. "Berebiziko" izenlaguna da. "Frantses", "paristar" eta kidekoak izenlagun dira euskaraz. Izenlagunak izenaren eskuinean ere joan daitezke; baina izenondoa ezin ezar daiteke izenaren ezkerrean.

2 (Izenondo gisa). Azpiatal honetan, –TZEKO perpaus izenlagun mota ezberdinak aurkeztuko ditugu. Datibo izenlagunak.

izenondo

iz. Hizkl. Euskal gramatikan, izenaren eskuinean ezartzen den adjektiboa. "Handi", "alfer" izenondoak dira. Izenlagunak izenaren atzean ere joan daitezke; baina izenondoa ezin ezar daiteke izenaren aurrean.

izenordain

iz. Hizkl. Gauza bat bere izena esan gabe aipatzeko erabiltzen den hitza, mugatzailerik onartzen ez duena. Pertsona izenordainak. "Gu" lehen pertsona pluraleko izenordaina da. Galdetzaileak izenordain zehaztugabeak dira. Izenordain funtzioan ari den erakuslea.

izenorde

1 iz. Norbaitek, idazlanak izenpetzean, bere egiazko izena ezkutatzeko erabiltzen duen izena. Voltairek izenordearekin argitaratu zuen Candide. Idazlanak izenorde bat erabiliaz bidali behar dira sariketa hartara.

2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, izenorde-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori 'izenordaina' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. izenordain].

izenpe

iz. Sinadura. Ezin irakurrizko izenpea. Idazkiak lehendakariaren beraren eskuzko izenpea darama. Izenpe gabeko eskutitz bat.

izenpearazi, izenpearaz, izenpearazten

du ad. Izenpetzera behartu. Mehatxuz izenpearazi ziotela eskutitza.

izenpetu, izenpe/izenpetu, izenpetzen

du ad. Sinatu. Eskutitz bat, hitzarmen bat izenpetu. Guk ere izenpetuko genuke haien agiria.

izenpetzaile

iz. Izenpetzen duen pertsona. Agiriaren izenpetzaileak.

izenpetze

1 iz. Sinatzea. Herriko Etxe guztietan izenpetze eguna antolatuko dute ekainean.

2 iz. Izenpea, sinadura. Alderdi honek 46.000 izenpetze bildu nahi ditu herri galdeketa egiteko. 10.000 izenpetze aurkeztu zituen Legebiltzarrean diputatu komunistak.

izerbera

adj. Izerdikorra.

izerdi

1 iz. Gorputzak jariatzen duen isurkari gazi eta usaintsua, beroaren, lanaren edo sukarraren eraginez larruazalean tantak eratuz agertzen dena. Izerdi tantak. Izerdiz beterik. Izerdia eskuaz xukatuz. Izerdi usaina. Bekokia herio izerdi izoztuz bustia. || Odolezko izerdia.

2 iz. Lana, nekea, ahalegin handia. Neke, lan eta izerdiak. Uste genuen hura guztia herriaren izerdiarekin eraikia zela. || Jainkoak Adami esan zion kopetako izerdiarekin jango zuela ogia.

3 iz. Landareek sustraien bidez lurretik ateratzen duten isurkaria, gatz mineralak eta gai organikoak dauzkana, zurtoinean eta adar-abarretan zehar gorantz eta beherantz dabilena. Udaberrian eguzkiak eta euriak jotzen dutenean, zuhaitz barruan izerdi berri bat sortzen da.

4 iz. Hormetan eta kidekoetan, bereziki kondentsatzearen ondorioz, agertzen diren tantak. Paretako izerdia.

izerdi bitsetan, izerdi-bitsetan adb. Bizk. Izerdi patsetan.

izerdi guruin, izerdi-guruin iz. Larruazal azpiko guruina, izerdia jariatzen duena.

izerdi hotz iz. Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Odolezko izerdi hotza.

izerdi lapetan, izerdi-lapetan adb. Lap. eta Naf. Izerdi patsetan.

izerdi larri iz. Larritasunak eragindako izerdi hotza. Izerdi larria eta gorputz dardara. Izerdi larria eragiten dit autoa ustez aparkatuta utzi dudan lekura itzuli eta ez aurkitzeak.

izerdi larri(t)an adb. Izerdi larriz betea. Azkenetan zegoen, izerdi larritan, zotinka eta beldurturik. Dardarka eta izerdi larrian nengoen.

izerdi lika, izerdi-lika iz. Izerdi likatsua. Han dira zinak eta minak, han kexak eta izerdi likak. Izerdi likak eta odola darizkio.

izerdi patsetan, izerdi-patsetan adb. Izerdiz betea; izerdi asko jariatuz. Arnasestuka eta izerdi patsetan.

izerditan adb. Izerdiz betea; izerdia jariatuz. Izerditan da, dago. Izerditan esnatu nintzen. Izerditan blai. || Sabaia hezetasunez izerditan zegoen.

izerdi uharretan, izerdi-uharretan adb. Ipar. Izerdi patsetan.

izerdiz 1 adb. Izerditan. Ageri da gizon bat, atorra-has izerdiz.

2 adb. Ahalegin handiz, ahalegin handia eginez. Euren ondasunak nekez eta izerdiz irabazi dituzte. Lehenbiziko postua izerdiz lortua da.

izerdi zapi, izerdi-zapi 1 iz. Hilotzen aurpegian jartzen den zapia. Ik. izerkari; krobitxet. Aurpegia izerdi-zapi batekin estali zioten hilotzari.

2 iz. Hil oihala. Ik. izerkari.

izerdialdi

iz. Izerditzea; izerditan ematen den denbora. Han hartzen dituen neke eta izerdialdi handiak.

izerdiarazi, izerdiaraz, izerdiarazten

du ad. Izerditzera behartu. Marranta sendatzeko on da gorputza izerdiaraztea. Oi, zer urriki minak ez nau erdiratu behar ni, nire Jainkoa odolez izerdiarazi dudana!

izerdikor

adj. Izerditzeko joera duena, erraz izerditzen dena. Ik. izerbera.

izerditsu

1 adj. Izerditan blai dagoena. Lo dagoenaren bular izerditsura. || Landare izerditsua: izerdi asko duena.

2 (Adizlagun gisa). Han egoten dira baserritarrak karobi aurrean, gorri-gorri, izerditsu, lukainkari bezala koipea dariela.

izerditu, izerdi/izerditu, izerditzen

1 da ad. Izerdia isuri, izerditan egon. Izerditu nintzen aldapa hartan. Izerditu ondoren, ez da jarri behar honelako haizeetan. Izerditzea ona da osasunerako. Aberea izerditzen denean estali behar da. || Odolez izerditurik.

2 da ad. Landareez mintzatuz, izerdiz bete. Mahats aihena laster izerdituko da.

3 da ad. (Paretak eta kidekoak) kondentsatzearen ondorioz busti. Hego haizearekin harriak eta paretak izerditzen dira.

izerkari

iz. Izerdi zapia. Aurpegia izerkari batez estalita ehortzi zuten. Izara eta izerkaria.

izi

iz./adj. Ipar. eta Naf. Izua.

izialdura

iz. Ipar. Izua.

izigarriko

adj. Ipar. Izugarrizkoa. Borroka izigarrikoan.

izipera

adj. Ipar. Izutia. Erbi izipera.

izkilu

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, izkilu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iskilu].

izkina

1 iz. Bazterra. Lurraren lau izkinetan.

2 iz. Kantoia. Karrika-izkina batean.

izkira

iz. Itsas oskoldun txikia, itxuraz otarrainxkaren antzekoa eta jateko ona dena (Subord. Natantia). Izkirak harrapatzera joan. Izkira-sarea.

izkiriatu, izkiria, izkiriatzen

du ad. Ipar. Idatzi. Eskuz izkiriatu.

izkiriatzaile

iz. Ipar. Idazlea; idatzi baten egilea. Elizako izkiriatzaile jakintsuen arabera.

izkirimiri

iz. Denbora-pasa kontatzen diren ipuintxo edo gertaerak, batez ere barre eragitekoak. Ipuin eta izkirimiri barregarriak.

izkirio

iz. Ipar. g.er. Izkribua.

izkirioz adb. Ipar. Idatziz. Ik. izkribuz. Paperean izkirioz ematea, aski.

izkribu

iz. Idazkia, idazlana. Ik. eskuizkribu. Liburuxka honetan agertzen dira, adiskideren eskuz bilduak, urteen buruan argitaratu ditudan zenbait izkribu. Antzinako izkribuetan. Izkribu Santuak (Ik. Biblia).

izkribuz adb. Idatziz. Hitzez nahiz izkribuz. Horko idazleek ez lukete baztertu behar izkribuz, ahoz egiten ez duten bereizkuntza.

izkribuzko adj. Hizkuntza guztiak aldatzen dira eta ez dira berez aldatzen; hiztunek (eta izkribuzkoaz ari bagara, idazleek) aldatzen dituzte.

izkutu

adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, izkutu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ezkutu1].

izokin

iz. Itsas arrain teleosteoa, mamia edo haragia arrosa duena eta arrautzak erruteko ibaietan gora igotzen dena, sukaldaritzan oso aintzat hartua (Salmo sp.). Urumeako izokinak. Libra bat izokin.

izorra

1 adj. Zah. Haurdun dagoena. Emazte izorra.

2 (Adizlagun gisa). Zah. Haurdun. Izorra gelditu, gertatu. Maria, haren ama, ezkondua zela Josefekin, aurkitu zen izorra.

3 (Izen gisa). Zah. Haurdunaldia. Bere izorraren seigarren hilabetean da.

izorra egon Zah. Haurdun izan. Bereziki ikaratuko zuen ni izorra nengoela jakiteak.

izorra handi pred. Zah. Haurdunaldian aurreratua. Izorra handi da.

izorra izan Zah. Haurdun izan. Ik. izorratu. Izorra omen zara, ene arreba Joana. Elisabet izorra zen Joan Bataiatzaileaz. Birjina bat izorra izango da, eta seme batez erdiko da.

izorratu, izorra/izorratu, izorratzen

1 da ad. Zah. Haurdun gertatu. Birjina izorratuko da eta erdiko seme batez. Haizez izorra zedina putzez erdi zedin (esr. zah.).

2 da/du ad. Arrunk. Gogaitarazi; kalte egin, hondatu. Bi aldetara behiak saltoka joan dira, bapo izorratu du horrexek jendea. Andreak ez nau erruki, izorratu nau ederki. Oraingoan, ondo izorratu naiz. Urdailetik zeharo izorratua nabil. Droga eta abar, izorratu dute gizajoa. Izozkailua izorraturik dago.

izorratzaile

iz. Arrunk. Gogaitarazten duen pertsona; kalte egiten, zerbait hondatzen duen pertsona. Hauta itzazu lagunak izorratzaile handienen artetik, haiek lagun dituzula ez baita izango izorratuko zaituen amaren umerik.

izotz

1 iz. Tenperatura uraren izozte puntutik beherakoa den giroa. Ik. horma1; lei; jela; karroin. Izotza ari du. Izotz handi batek ihartua. Batetik elurra, bestetik izotza. Otsaileko izotzak. Izotz haizea. Izotz urte, gari urte (esr. zah.).

2 iz. Giroa hoztearen ondorioz kristalezko masa bat osatuz trinkotzen den ura. Izotza ur gogortua besterik ez da. Izotz puska bat. Izotza zegoen bideetan. Izotz gogorra bezain gogor zuen bihotza. Izotz gaineko irristaketa. Izotzezko hormak. Izotz bihurtu (Ik. izoztu 1).

izotza egin Eguraldiaz mintzatuz, hotz handiaren eraginez, inguruak izotzez estali edo izoztu. Bart izotza egin du. Izotz handia egin du eta ezin gara irten.

Izotz Aro iz. Hotz handiaren eraginez Lurreko eremu zabalak izotzez edo glaziarrez estaliak gertatzen diren aldi geologikoa. Ik. glaziazio. Arkeologoen esanetan, azken Izotz Aroa baino lehenago iritsi zen gizona Amerikara, orain 30.000 urte inguru.

izotz beltz iz. Tenperatura 0 °C-tik behera jaisten denean gertatzen den izozte gogorra, landareak ihartzen dituena.

izotz burruntzi, izotz-burruntzi iz. Izotz kandela.

izotz geruza, izotz-geruza iz. Izotzezko geruza. Ibaiaren izotz geruza hauskorraren mende. Ozeano Artikoko izotz geruza mehetzen ari da uda giroa luzatzen ari den heinean. Hamasei zentimetroko izotz geruza batek estali zuen Sadar futbol zelaia 2004ko martxoaren 6an.

izotz hockey, izotz-hockey iz. Seina jokalariz osaturiko bi talderen artean izotz gainean irristailuekin jokatzen den hockey mota. Izotz hockeyan jokatzen du.

izotz kandela, izotz-kandela iz. Nonbaitetik tantaka erortzen den ura izozten denean zintzilik gelditzen den izotz puska. Hotzaren hotzez ur jelatuzko izotz kandelak egin dira.

izotz-kontrako iz. Zerbait izoztea eragozten duen gaia; bereziki, motorra hoztea helburu duen ura izoztea eragozten duen produktua.

izotz zuri iz. Ihintz izoztua, oskarbi denean gertatzen dena. Ik. antzigar. Gatza bezala zabaltzen du izotz zuria lurgainean. Izotz zuria, eurien mandataria (esr. zah.).

izotzaldi

1 iz. Izotza, izotza egitea; izotza egiten duen denbora. Neguko oskarbiek gauetan izotzaldi gaitza dakarte berekin.

2 iz. Irud. Haien arteko izotzaldia urtu zenean.

izotzil

iz. Naf. Urtarrila.

izozkailu

iz. Ura eta, bereziki, janariak, izozteko edota izozturik gordetzeko tresna. Hozkailuaren izozkailua.

izozketa

1 iz. Izoztea. Izozketa ahalik eta lasterren, ahalik eta tenperatura hotzenean egiteak garrantzi handia du.

2 iz. Soldatak, prezioak eta kidekoak izoztea. Langabeziaren hazkundea dela, soldaten izozketa dela, bizi ahal izateko soldata baten edo laguntza publikoaren mende gaudenok pairatzen ditugu krisiaren ondorio larrienak.

izozki

iz. Gozoki izoztua. Izozki-saltzailea.

izozki denda, izozki-denda iz. Izozkiak saltzen diren denda.

izozkigile

iz. Izozkiak egiten dituen pertsona.

izozkitegi

iz. Izozki denda.

izozmendi

iz. Itsasoan igeri dabilen izotzezko masa handia. Ik. iceberg. Izozmendi batek hondoratu zuen Titanic itsasontzia.

izozte

1 iz. Ura edo beste likido bat hotzaren eraginez egoera solidora igarotzea. Uraren izozte puntua.

2 iz. Izotza egitea; izotza egiten duen aldia. Izozte eta elurrak.

izoztegi

iz. Urte guztian urtzen ez den elur izoztuzko eremu handia. Ik. elurtegi 2; glaziar. Alpe garaietan, izoztegien oinetan, mendien gailur zuriak ebakitzen dituzten harkaitzezko mendiarte gorrietan. Lehen glaziar ziren gune asko izoztegi soil izatera igaro dira.

izoztu, izotz/izoztu, izozten

1 da/du ad. Ura edo beste likido bat hotzaren eraginez egoera solidora igaro, izotz bihurtu. Ik. hormatu; jelatu; leitu2. Alkohola izoztu. Ura 0 °C-tan izozten da.

2 da/du ad. Gai edo janari bat barnean duen ura edo isurkaria izoztu arte hoztu. Haragia izoztu. Legatz izoztua. || Behatzak erdi alderaino izoztuak zituen.

3 da/du ad. Guztiz hoztu. Ikaraz izozturik gaude. Ez al gara argi gehiegiaz liluratu eta hainbeste surekin izoztu? Esango dut oraindik egia bat tristea, izozturik aurkitu nuela han fedea. Bero-bero ibili zen luzaroan gerra hotza; epeldu zen poliki-poliki, hotzildu gero eta are azkenik, hoztu ez ezik, baita izoztu ere. || Bihotza izoztu zitzaion haren begien pean.

4 du iz. Soldatez, prezioez, aurrekontuez eta kidekoez mintzatuz, aldi baterako, bere hartan, jaso gabe utzi. Langile publikoen soldatak murriztea, pentsioak izoztea, erretiroa atzeratzea, eta beste neurri antisozial batzuk. Kubako Gobernuak iragarri du prezioak izoztu egingo dituztela.

5 (Partizipio burutua izenondo gisa). Ibai izoztu batera erori eta hormak lepoa ebaki zion. Haize izoztua.

izpar

iz. g.er. Albistea, berria.

izparringi

iz. g.er. Egunkaria.

izpi

1 iz. Gauza edo gai baten zatiki txiki, mehe eta luzea. Ik. printza; zuntz. Ile izpi bat. Zure adatsaren izpiak. Lihoa zehatu, izpia ateratzeko. Harilkaian izpia hartuaz, egiten da mataza. Urre izpiz egindako soinekoa. Hari izpi bat (Ik. lits). Belar izpi bat ere ez da haren sabelean sartzen. Atera ezazu izpi bat egur horretatik. Izpi gogorra.

2 iz. Gurpil barne-huts bateko ardatza eta uztaia lotzen dituen hagatxoetako bakoitza. Gurpil izpietan. Bizikletaren gurpilaren izpiak.

3 iz. Zati guztiz txikia. Ik. fits; apur. Aski dut izpi bat. Denboraren izpi bat galtzen badut ere. Ikuspegia izpi bat zabaldu zenean. Emadazu zure indarretik izpi bat. Itxaropen izpi bat sortu zitzaion bere barnean.

4 iz. Argi lerro zuzena, adibidez, gela ilun batean, zulo txiki batetik sartzen dena. Leihotik argi izpi bat sartzen da. Ilargi izpi bat. Eguzkiaren izpi dirdaitsuak.

5 iz. pl. Erradiazioak. X izpiak: argiarena baino uhin luzera askozaz txikiagoko erradiazio elektromagnetikoa.

izpirik (Baiezko ez diren esaldietan). Ezer ere ez. Ik. fitsik. Ez dut izpirik ulertzen. Ez du lotsaren izpirik. Kezka izpirik gabe.

izpika1

adb. Izpiz izpi; zatika. Ilea izpika bereizi.

izpika2

iz. Izpia, zati txikia. Golgotako gurutzearen izpika bat.

izpil

iz. Orbana, kolore desberdineko gune edo zati txikia. Ik. tanto; tita. Gorrixka, izpil zuriekin.

izpildun

adj. Izpilak dituena. Ardi izpildunak eta nabarrak.

izpiliku

iz. Landare ezpainduna, zurtoin-gogorra, buruxketan biltzen diren lore more-urdin urrintsuak ematen dituena; landare horren lorea (Lavandula angustifolia). Izpilikua udan loratzen da. Haren ileari izpiliku uraren lurrina zerion. Izpiliku koloreko zapia.

izpiliku fin iz. Izpilikua.

izpiltsu

adj. Izpilduna.

izpiño

iz. (izpiño bat esapidean, pixka bat-en baliokidea). Barka, zure masailak izpiño bat gorriarazi baditut. Txomini esperantza izpiño bat pizten zaio.

izpiritu

iz. Ipar. edo Jas. Espiritua (adiera guztietan).

izpiritual

adj. Ipar. edo Jas. Espirituala.

izpitsu

adj. Izpiz osatua, izpi asko duena. Gai izpitsua.

izpitxo

iz. Izpi txikia. Ik. izpiño. Lasto izpitxo bat hartuta. Soineko bat zatituta, izpitxo bat bakoitzari emateko.

izpurar

1 adj. Izpurakoa, Izpurari dagokiona.

2 iz. Izpurako herritarra.

iztai

iz. Izterra eta sabela elkartzen diren tolestura. Infekzioaren ondorioz gongoil horiek handitu egiten dira batzuetan lepoan, iztaietan edo besapeetan. Umeen iztai erreak osatzeko. Jokalariak eskuin iztaian hartu zuen min.

iztarte

iz. Hankartea. Gure andrea irrikor, iztartean kilikor (esr. zah.).

izter

iz. Zangoaren edo hankaren zatia, belaunaren eta enborraren artekoa. Ik. azpi1 4. Ezkerreko izterrean zauri bat zuela. Arkume izter bat jan. Izterrak zabalik. Emakume izter-lodi bat. Eskua izter artean. Izterreko hezurra. Izterreko zaina ihartu zitzaiolako herrenka zihoan.

izter lehengusu, izter-lehengusu 1 iz. Heg. g.er. Lehengusu txikia.

2 iz. Heg. g.er. Lehengusu propioa.

izterbegi

iz. Batez ere Zub. Etsai pertsonala, arerioa. Laudorio eta ohore handiak dagozkizu, zeren garaitu dituzun hiru izterbegiak.

izterrezur

iz. Izterreko hezurra. Ik. femur. Sortu zitzaion belaun batean gaitza, izterrezurrean gora joan zitzaiona. Izterrezurra hautsi.

iztuku

1 iz. Karea edo igeltsua marmol hautsarekin eta kolarekin nahasiz egiten den orea, marmola imitatzeko erabiltzen dena. Arotz lan finez edo iztukuz egindako erlaitzak.

2 iz. Igeltsua eta kola-ura nahasiz egiten den orea, ondoren urrez edo margoz estaliko diren objektuak egiteko erabiltzen dena.

iztupa

iz. Lihoa edo kalamua jotzen direnean bereizten den zati larria, sokak eta ehun latzak egiteko erabiltzen dena. Ik. amelu; kirru; muilo2 2. Haren aldean liho eta zetak iztupa dira. Gizona eta emaztea sua eta iztupa bezala dira, ez dira elkarrekiko on. Iztupa-sua. Iztupazko hari batetik dilindan. Ez iztupa itxindien aldean, ez neskatoa mutil gazteen artean (esr. zah.).

izturiztar

1 adj. Izturitzekoa, Izturitzeri dagokiona.

2 iz. Izturitzeko herritarra.

izu

1 iz. Beldur larria eta bizia, bereziki zerbait egitea eragozten duena. Ik. izialdura; izutasun; laztura; terrore. Hura gogoratzean izua sartzen zait. Izuak dardarka jartzen nau. Izuak hartu zuen eta ez zen aurrera egiteko gauza. Izu ipuin bat.

2 adj. Abereez mintzatuz, hezigaitza. Kepak bere artaldean ardi bat oso izua zuen. Basurde izua. Galdetzen dizu erosleak: idi horiek izuak ote dira, edo jotzeko grinarik badute? (Ik. betizu)

izuaren izuz adb. Izu handiaren eraginez. Izuaren izuz hila zirudien.

izu-ikara iz. Beldur handia. Ik. izu-laborri. Iheslari horiek alde guztietara izu-ikara zabaldu zuten. Guztiak izu-ikara handiak hartu zituen. Haien bihotzetan izu-ikara gogorra sartu zuen.

izu-laborri iz. Beldur handia. Ik. laborri; izu-ikara. Izu-laborriak harturik zeuden. Ez nintzen ausartzen pentsatzera nigandik ihesi joan zitezkeela, erdeinuz eta izu-laborriz.

izuz adb. Beldur handiz. Mutila astiro-astiro jiratu zen eta izuz begiratu zigun.

izualdi

iz. Ikara, beldurra; izutasunezko unea edo denbora. Lehenengo izualdia igaro zitzaionean.

izuarazi, izuaraz, izuarazten

du ad. Larriki beldurrarazi. Nola beldurtuko dira, edo nork izuaraziko ditu?

izugarri

1 adj. Izua sartzen duena; guztiz handia. Ik. lazgarri; ikaragarri; beldurgarri. Erraldoi itsusi izugarri bat. Uholde handi izugarria. Legenarra gaitz izugarria da. Etsai izugarria. Zigorrik izugarrienak. Hilketa izugarria egin zuten. Hondamen izugarri hau ikusi zutenean. Orduan beldur izugarri batek asaldatzen gaitu. Iluntasun izugarri hartan. Zuhaitz izugarriak ikusi genituen. Bekatu guztiz izugarria.

2 (Adizlagun gisa). Ik. oso 8. Izugarri ona iruditu zait. Izugarri itsusia zen. Poztu nintzen izugarri. Handia zen izugarri.

3 pl. (Izen gisa). Izugarriak egin dituzu zure herriaren alde. Izugarriak bota zizkion.

4 iz. Txoriak eta hegaztiak uxatzeko alorretan ipintzen den giza irudia. Ik. txorimalo; txori-izugarri. Izugarri bat jarri behar izan du baratzean.

izugarriko adj. Izugarrizkoa. Larzabalen antzerkiak izugarriko indarra du.

izugarrizko adj. Izugarria. Izugarrizko errietak egin zizkion. Izugarrizko kolpea.

izugarrikeria

iz. Gauza edo egite izugarri eta gaitzesgarria. Santa Kruzen kontra paperetan zabaldu zituen izugarrikeriak. Zentzugabeko izugarrikeriak egiten dituzten giza itxurako hankabikoak.

izugarritasun

iz. Izugarria denaren nolakotasuna; egite izugarria. Ik. izugarrikeria. Heriotzako orduan igaro behar dugun epaiketaren izugarritasuna ezagutzeko. Ez da desmasiarik edo izugarritasunik etsai gaiztoak eragin ez dezakeenik.

izukaitz

adj. Nekez izutzen dena. Itsasgizon izukaitzak. Almanzor, mairuen buruzagi izukaitza.

izukari

iz. Gertaera harrigarria. Goseteak izango dira bazterretan, izukariak eta ezaupide gaitzak zeruan.

izukor

adj. Izutia. Piarres gizon izukorra zen.

izun

adj. Aizuna, faltsua.

izur

1 iz. Oihal bateko toles paraleloetako bakoitza. Lau izur hartu dizkio gonari aurreko aldean, apaingarri bezala. Arrateko neskatilak, izurrezko gona erromeriarako.

2 iz. Uraren gainean, harri bat botatzen denean edo haizearen eraginez, gertatzen diren uhin txikietako bakoitza; ileko uhin modukoa.

3 iz. Zimurra.

4 iz. Azpildura.

5 adj. Ileaz mintzatuz, izurrak dituena. Ile izurra: ile kizkurra.

izuratar

1 adj. Izurakoa, Izurari dagokiona.

2 iz. Izurako herritarra.

izurde

iz. Itsaso epel eta beroetako ugaztun haragijalea, handia, ahoa moko itxurakoa eta horzduna, gaina beltza eta azpia zuria dituena, taldeetan bizi dena (Delphinus delphis). Izurdeak bezala jauzi eginik. Antxoa izurdearen ihesi.

izurdura

1 iz. Izurra, tolesa.

2 iz. Izurra, ileko kizkurra.

izurri

iz. Lurralde eta denbora berean biztanleen zati handi bati erasotzen dion eritasun kutsakorra, bereziki, Yersin-en baziloak eraginikoa; onddo edo animalia-oldeek nekazaritza-lurretan eraginiko kalte larria. Ik. izurrite; helde1. Izurria eta beste kalteak. Izurriaren gisa zabaldua. Kolera deritzan izurria. Egiptoko hamar izurriak. Izurriak joa (Ik. izurritu). Ez da izurririk, alferkeriak bezainbat kalte egiten duenik. || Irud. Bekaizkeria, gizarteko izurria.

izurrite

iz. Izurria; izurri denbora. Izango dira izurrite eta gosete eta lurrikarak. Izurrite gorria baitzen abereetan.

Oharra: azken eguneraketa 2022-01-12

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper