Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

ixtegi

iz. g.er. Ukuilua.

ixtil iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, ixtil-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. istil].

izabar

1 adj. Izabakoa, Izabari dagokiona.

2 iz. Izabako herritarra.

izadi

1 iz. Izatasun fisikoa duten gauza guztien multzoa, osotasuntzat hartua, eta, bereziki, izaki biziduntzat hartua, gizadi-ren aurrez aurre. Ik. natura1 1. Izadiaren edertasunari begira. Izadia eta gizadia. Gizakiaren askatasuna izadi horren morroia besterik ez da. Gizartea izadiaren beraren lana da. Nondik etor dakioke izadiari bizidunak sortzeko indar hori? Izadian badagoela egokitasunera joera. Izadiak xede jakin bat izendatzen dio izaki bakoitzari. Izadiaren berezko indarren ezaguera. Izadiko ezkutuak. Izadiaren legeak.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. natural. Izadi arauetatik kanpoko gertakariak.

izaera

iz. Izaki bat tankeratzen duten nolakotasun eta ezaugarrien multzoa; izateko modua edo era. Kristoren jainkozko izaera. Hizkuntza bat sistema bat da, eta sistema horren osagaiek sistematik hartzen dute beren izatea eta beren izaera, ez sistemak osagaietatik. Euskararen izaera aski gogoan izan gabe. Gure izaera osoa biltzen eta barrentzen duen hizkuntza. Euskaldunaren izaera, gogo giroa eta bizimoduak adierazteko. Ez ote zaigu, ordea, arima euskaldunoi pixkaren bat mehartu, izaeraz ez, hazieraz baizik? Gure zinetako izatea, gure nortasuna, ez da gugan besteekin batera duguna, besteengandik bereizten gaituen izaera berezia baizik. Hezur, mami, odol, ohitura, joera, sinesmen, izaera, pentsabide, besteri zor dizkiot.

izai

iz. Izeia.

izain

iz. Zizare mota xurgatzailea, ur gezetan bizi dena eta gorputzetik odola ateratzeko erabiltzen zena (Hirudo medicinalis). Bere osabari izainak jartzen ari da. Beste inoiz aintziretan izainak atzematen ditugu; ez da behar sarerik ez beitarik; uretan sartzea aski, eta izaina zangoetan itsasten. Izaina, beterik dagoenean, erortzen da. Ez da zeruan sartzen munduko izainik, lagun hurkoaren odola xurgatzen duenik.

izakera iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, izakera-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. izaera].

izaki1

iz. Izatasuna duen zernahi gauza, banakotzat hartua. Izaki bizidunak eta bizigabeak. Alegiazko izakiak. Izadiak xede jakin bat izendatzen dio izaki bakoitzari. Urak inguratzen dituen lurralde ezkutuak izaki beldurgarriz josiak daude oraindik, haur ipuinetan bezalaxe. Arima eta gorputzaz osatutako izaki adimenduna da gizakia. Horra gizona, izaki harrigarri hori! Izakiak eta gizakiak.

izaki2

1 Esaldi hanpatuetan izan era burutuaren ordez erabil daitekeen forma, era burutuak balio puntukaria duenean. Indar guztiak eskuetan izaki, eta halere jendearen beldur. Eta azkenean, nork esan, inor baino berritsuago azaldu zaigu; zaharra hiztuna izaki nonbait. Amodioa zein den zoroa, mundu guztiak badaki; nik maiteño bat izaki eta, beste batek eramaki.

2 adb. Izanik. Eta hori guztia, hain badaezpadakoa izaki, zer egin? Unatuak izaki biak, laster lokartu ziren. Hor ibai bat izaki, arrunt hormaturik, txitxarra jauzi batez gaindi da pasatzen.

izakin

iz. pl. Enpresa edo kideko batek biltegiraturik duen salgai multzoa. Ik. stock. Izakinak pilatzen hasi ziren dendaren atzealdean.

izan1, izan, izaten

da ad. Izatasunaren jabe gertatu. Ik. existitu. Izan edo ez izan. Eta Jainkoak esan zuen: "izan bedi argia". Ezin izan daitekeen gauza. || Izatekoa ez dela oraino, ez izana ere.

izan2, izan, izaten

1 da ad. Aditz kopulatiboa, ezaugarri iraunkor bat adierazteko erabiltzen dena. Gizona hilkorra da. Bi eta bi lau dira. Gaztea zen. Liburu hori oso ederra da. Esker onekoak izan zaitezte. Hori nirea da. Andoni irakaslea da. Zoriontsu izan zara? Egin nahi duzun lana egiteko trebea da gizon hori.

2 da ad. Gertatu. Lapurreta kalean izan zen. Han izan zen izatekoa! Zer izango da nitaz?

3 da ad. Gertatu, aipatzen den ondorioa izan. Hil-berri hori mingarria izan da guretzat alde guztietarik. Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino.

4 da ad. Halako egoeran edo tokian egon. Gure amona ongi da. Apaiza elizan da. Erroman izan nintzen iaz. Lehengo batean Arantzazun izana naiz.

5 da ad. (Singularreko 3. pertsonan). Aipatzen dena badela adierazi. Ik. egon1 11. Gauza onik nigan bada, jauna, zurea da. Infernuan ez da elurrik. Gose onarentzat ez da ogi beltzik. Alabatxoak pianoa jo zuen eta sekulako dantzak izan ziren.

6 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ezin izan. Ik. egon1 12. Neke gabe ez da bizitzerik. Ez zen gibelera itzultzerik. Ez zen, inolaz ere, ihesi joaterik.

7 da ad. (Beldurra, lotsa, hotza, beroa eta kideko sentipenekin). Bero denak itzala ez du gaizto. Edaten ematea egarri denari. Ez dugu zeren ahalke izan gure hizkuntzaz. Fraideak ez ziren gose, baina bai egarri.

8 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, eguraldiaz eta kidekoez mintzatuz). Ik. elurra izan; euria izan. Jaitsiko dira meza entzutera elurra bada ere. Bero handia zen. Hego haizea da. Euria denean estali eta haize denean babestu. Zein ilun den kanpoan!

9 da ad. (3. pertsonan, orduez, garaiez edo kidekoez mintzatuz). Barau eguna da. Uda da. Eguerdia da. Ordu biak dira. Gaua zen. Goiz da oraindik.

10 (Era burutuan). Nire lagun eta adiskide izana. Ganboarren etxe izana dago mendiaren erpinean. Tolosako unibertsitateko irakasle izana. Seme bat Bilbon zinegotzi izana.

11 da/du ad. (3. pertsonan, denborazko testuinguruetan). Igaro, pasatu. Badira hogei urte hemen bizi naizela. Egun asko da elkar ikusi ez dugula. Hamasei bat urte dira liburua argitaratu nuela. Bi urte badu hemen dela. Sei hilabete zuen hor zela. Aspaldi du haren ezagutza dudala. Zenbat denbora du pena horietan zaudela? || (orain dela bi urte, (orain) duela bi egun eta kideko esapideetan). Duela berrogei urte gauza bera pasatu zen Japonian. Orain duela ehun urte. Aspaldi ez duela. Duela gutxi. Orain dela hogei urte. Gaur dela ez dakit zenbat urte. Oraindik egun asko ez dela. Denbora gutxi dela.

12 (Aditz iragangaitzen laguntzaile gisa). Gaur etorri da. Neskame joan zen. Agertu izan balitz. || Aholkulari izendatua izan zen.

13 (Aditz iragankorren laguntzaile gisa, ekintzaren subjekturik ez dagoenean). Urre asko ekartzen zen Ameriketatik garai hartan. Erdal liburu gutxi saldu da aurten Durangoko Azokan.

14 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Ipar. Iruditu. Zer zaizue gure solasez? Zer zaizu?, emazte hori edo arras gutaz trufatzen da edo xoro eder bat da.

15 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Axola izan. Salomoni horiengatik ezer ez zitzaion, urruti zeudelako. Hiri zer zaik, esnezalearen iloba ezkontzen delako? Zer litzaizuke mundu osoa irabaztea, zure arima galtzen baduzu? || dio ad. (nork osagarririk gabe). Zuri zer dizu lagunen jardunagatik?, zuk egizu zeurea.

16 du ad. Aipatzen denaren jabetasuna edo gozamena izan. Ik. eduki1. Etxe bat izan. Diru asko du. Osasuna duenak. Eguraldi ona izan dugu azken bolada honetan. || Hiru seme-alaba ditu.

17 du ad. (Adinaz mintzatuz). Urte eta erdi du. Hogei urte zituenean.

18 du ad. (Subjektua den pertsona indartzeko edo nabarmentzeko; genitiboa edo destinatiboa hartzen duten da motako zenbait esaldiren baliokide indartu bezala erabiltzen da). Eske zetorkidana adiskide dudalako. Sarasketa jauna aspaldiko ezaguna dut. Nor duzue David hura? Gaur Pazko dugu. Berandu dugu.

19 du ad. Norbaitek beregan izan. Begi politak ditu. Ile horailak zituen. Zintzo itxura zuelako.

20 du ad. (Gauzez mintzatuz). Zuhaitzek hostoak dituztenean. Berrehun mila biztanle dituen hiria. Estalki biribila duen ontzia. Pentsabide horrek etorki jakina du.

21 du ad. Norbaitek beregan sentitu. Buruko mina izan. Sukarra du. Ez du ezertarako gogorik.

22 du ad. (Aditz iragankorren laguntzaile gisa). Bi ogi ekarri zituen. Ibaiak eraman zuen. Behar bezala azaldu izan balu. Behin eta berriro irakurria dut.

23 du ad. (nor osagarria singularreko 3. pertsonan, batez ere ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ez dut hara joaterik izan. Ez zuen atzera egiterik.

izan ere lok. Esan dena biribiltzeko, edo esaten dena esan berri denarekin lotzeko esapidea. Hala da, izan ere. Zer da, izan ere, hitzen bizia? || (izan ez den beste aditz bat duen perpaus batean). Nork edukiko dio begiramenik, izan ere, bere buruari begiramenik ez dion herri bati? Joera berriak mugagabeak mugatzen lagunduko baligu, ez litzateke laguntza makala; izan ere, argi berritze baten premia bazegoen hizkuntzalaritzan, inon bazegoen.

izan ezik Aipatzen dena salbuetsiz. Ik. salbu. Denak joan ziren, ama izan ezik. Barruan ez zegoen ezer, lau hormak izan ezik. Guztiak, ni izan ezik. Igandeetan izan ezik. Edozein hizkuntzatan, euskaraz izan ezik. Hotzik ez, gauetan izan ezik. || Nor ausart zitekeen, horrenbeste arriskuren erdian, Ulises izan ezik?

izatekoa izan 1 (Batez ere hi haiz izatekoa eta kideko harridurazko esapideetan, norbaiten izaera berezia azpimarratzeko). Hi haiz izatekoa, hi! Sagar guztiak harrapatu dizkigu; hori da izatekoa, hori!

2 (3. pertsonako esapideetan, harridura adierazteko). Jesus, hori da izatekoa! Honen hutsa ezagutu zutenean, han ziren izatekoak!

izatekotan (ere) Lehen adierazi dena osatzen duen esapidea. Izatekotan ere bikote maitemindu berriaren trazak izango genituen. Izatekotan ere, beti egon den lekuan baino ez baitago bidea: abertzaleen batasunean.

izan3

iz. Izatea. (Batez ere izen-ekin hitz jokoa eginez erabiltzen da). Izena eta izana. Ea giristinoak, giristino izenarekin izana duzuenak, hurbil zakizkidate. Izenak utzi eta barrengo izanari begira dagoen egiazko jakitea. Denbora behar du lilurak bere izana erakusteko.

izanarazi, izanaraz, izanarazten

du ad. Izatera behartu. Ongia egitean, haiek atzarriago eta kartsuago izanarazteko. Izanarazi du Baionan arto erosten. Haren anaia ezkon bedi haren emaztearekin, eta izanaraziko dizkio haurrak bere anaiari. Izanaraz iezadazu apaltasun zinezko bat. Maita ezazu bertutea eta izanaraziko dizu zure araberako adiskide bat. Guri zeruko erresuma izanarazteko.

izandun

1 adj. Ondasunak dituena, aberatsa. Emazte bat, izandun, gazte, gisakoa. Nahiz izandunegiak ez izan, fraide-mojen ikastetxeetara bidali ohi zituzten haurrak. Handizki eta izandunek maite joko luze eta korapilatuen bidez bete nahi omen dute, ez dituzten eginkizunen hutsartea.

2 adj. Izateduna.

izangai

iz. Admin. Lanpostu edo egiteko jakin baterako bere burua aurkeztu duen pertsona. Ik. hautagai. Irakasleak hautatzeko erabili ziren izangaien zerrendak. Izangaien merezimenduak eta hurrenkera kontuan hartu.

izankizun

iz. Izateko den gauza. Ematen ditut orain ditudan guztiak eta gerora izankizun ditudanak.

izapide

iz. Admin. Zuzemena. Legeak ezartzen dituen epeak eta izapideak betetzea ezinbestekoa da. Iturbidek jakingo zuen nora jo izapideak bizkortzeko. Benito zenaren hezurrak Artaxoara eramateko egin behar nituen izapideak.

izapidetu, izapide/izapidetu, izapidetzen

du ad. Admin. Izapideak egin, zuzemenak egin. Arauz kanpoko egoeran daudenen baimen eskaerak ez dira izapidetzeko onartuko, ez dira aintzat hartu ere egingo. Erakundeak hamabi eskaera izapidetu ditu, eta gehiago ere etorriko dira.

izapidetze

iz. Admin. Izapideak egitea, zuzemenak egitea. Izapidetze prozesuak.

izar

1 iz. Zeruan distiratzen ikusten den zernahi argizagi, Eguzkia edo Ilargia izan ezik. Eguzkia, Ilargia eta izarrak. Zeruko izar argiena. Gau argi izarrez josia. Izarrei begira. Izar eder distiratsua. Izarrak dirdiraka ari ziren. Izarren keinua. Izar dardartiekin ametsetan. Izar geldiak eta kolokak. Izar adasdunak: kometak. Egunsentiko, goizeko izarra (Ik. artizar).

2 iz. Irud. Agur Maria, itsasoko izarra. Emazte maitagarria, gure etxeko izarra. Ene izarra zaren ama amultsua.

3 iz. Astron. Energia sortzen eta igortzen duen argizagia. Eguzkia ere izar bat da. Izarrak eta planetak. Izarren ibilbidea. Izar erraldoi gorriak. Izar bikoitzak. Izar aldakorra.

4 iz. Izar formakotzat jotzen den irudia. Izarrezko koroa. Sei puntako izarra. Estatu Batuen banderako izarrak. || Irudi hori, hierarkia edo mailakatze bateko maila adierazteko erabilia. Jeneralen mahuketako izarrak. Bost izarreko hotela.

5 iz. Zaldi baten kopetako zuriunea.

6 iz. Ileak ateratzen diren gunea. Ile izarra. Izarra hedatuagoa eta behia esnedun hobea.

7 iz. Lanbide batean, batez ere zineman eta kiroletan, nabarmentzen den edo jendeak miresten duen pertsona. Telebistako izar bat. Izar ospetsu guztiak bizi diren tokia. Bai, izar bat izango haiz, eta jende guztia esku-igurtzika ibiliko zaik.

izar belar, izar-belar Caryophyllaceae familiako landarea (Stellaria holostea).

izar egon Izarrez betea egon. Ik. izartsu. Zerua izar dago. Izar dagoen gauean.

izar iheskor Atmosferan sartzean lorratz argitsua uzten duen meteoritoa. Ik. izarloka; izar uxo. Atzo egin ez zutenek nekez izango dute gaur izar iheskorrak ikusteko aukera, eguzkiak ez baitu utziko.

izar ihintz, izar-ihintz Ipar. Ihintza.

izar laino, izar-laino Nebulosa.

izar multzo, izar-multzo Konstelazioa.

izarretik izarrera adb. Goizetik gauera, egun guztia. Izarretik izarrera egiten dute lan.

izar uxo Izar iheskorra. Pentsamendu batek zeharkatu zidan gogoa, udako gaua une batez argitzen duen izar uxoaren antzera.

izara

1 iz. Ohean, bata lastaira estaltzen eta bestea horren gainean eta estalkien azpian, jartzen diren oihalezko piezetako bakoitza. Ik. maindire; mihise. Azpiko izara eta gainekoa. Izara zuri garbiekin jantzitako ohea dut nire zain. || Iluntzeak bere izara beltzak zabaltzen ziharduen zeru eta lurrean.

2 iz. Hila biltzeko erabiltzen den izara. Izara Santua.

izarbeibartar

1 adj. Izarbeibarkoa, Izarbeibarri dagokiona.

2 iz. Izarbeibarko herritarra.

izarbel

iz. g.g.er. Planeta. Lurra, gure izarbel urdina.

izari

iz. Neurria, tamaina. Ik. kaizu. Bada izari bat orotan. Kabalek badakite gizonak baino hobeki beren indarren izaria, eta ez dute gainditzen. Izarian egina. Izari gabe handitua. Izaria hartu. Izariko zetabea emaguzu, Jainko maitea. || Izariz mintzatzea beti hobe duzu. Zuhurki eta izarian. || Esr. zah.: Nolako izari, halako sari. Eskerdunari mukuru izari.

izarigabe

adj. Neurrigabea. Ontasun izarigabea. Haur baten zorion izarigabea.

izarigabeko adj. Izarigabea.

izarloka

iz. Izar iheskorra. Kanpoan, izarloka baten isats iheskorra dirdaitu zen abuztuko izartegian.

izarniarazi, izarniaraz, izarniarazten

du ad. Ipar. Izarniatzera behartu. Ik. distirarazi. Dena dirdiraz izarniarazten du.

izarniatu, izarnia, izarniatzen

1 du ad. (nor osagarririk gabe). Ipar. Distiratu. Haren bisaiak izarniatzen zuen argizagi batek bezala. Zuhurtziak izarniatzen du gizonaren aurpegian.

2 du ad. Ipar. Distirarazi. Ardoak izarniatzen zizkion begiak.

3 (Era burutua izenondo gisa). Gaueko ilunpe izarniatuan.

izarño

iz. Izartxoa. Izarñoen negarra, ihinztatuz belarra.

izaro

iz. g.er. Uhartea.

izarrarte

iz. g.er. Izartegia, ortzia. Zein den eder arratsetan izarrarte garbia!

izarratu, izarra, izarratzen

da ad. Izartu, izarrez bete. (Batez ere izenondo gisa erabiltzen da). Zeru izarratua. Udazkeneko gau eder izarratu bat zen.

izartegi

1 iz. Zeru izartsua.

2 iz. Ortzia, izarren egoitzatzat hartua. Argizagiak astiro dabiltza izartegian.

izartsu

adj. Izarrez betea. Betor gau izartsua. Ez da zer fida, ez zeru izartsuan, ez emazte negartsuan (esr. zah.).

izartu1, izar/izartu, izartzen

1 du ad. Neurtu. Oihala izartu. Besteren fedea izartzen eta pisatzen. Hitzak ongi izartuz mintzatu.

2 du ad. Erkatu, alderatu. Buda Kristorekin izartu nahi dutenak.

izartu2, izar/izartu, izartzen

1 da ad. Izarrez bete. Zerua izartu zait bat-batean.

2 da ad. Irud. Lorez izarturik dagoen lur hezean barna.

3 (Era burutua izenondo gisa). Zeru izartuan. Gau izartua.

izartxo

1 iz. Izar txikia. Ik. izarño. Zeruan izartxo bat ere ez da agertzen.

2 iz. Izar formako ortografia-marka (*), hitz edo esaldi bat nolabait markatzeko erabiltzen dena. Izartxoarekin seinalatutako hitzak.

izatasun

1 iz. Izatearen muina, gauza batek, dena izateko, nahitaezko duen hura. Ik. zertasun. Gogamenaren beraren izatasun edo muin ezkutua. Adimenak badu zerikusirik materiarekin aurreko baldintzetan eta ondorioetan, baina ez bere izatasunean.

2 iz. Denaren, izatea duenaren nolakotasuna. Ik. existentzia.

izate

iz. izan aditzari dagokion ekintza. Jainkoari zor diogu izatea (Ik. izatasun). Euskal Herria, guztira, eskuindarra da; izate hori on den ala gaitz ez dut nik esango; horrela dela, bai, halere (Ik. izaera). Geure izatearen zatirik barrenena, geureena, zein ote dugu? Lurretik dugu izatea. Ez hasterik ez amairik ez duen izate bat. Bi izate, bata jainkozkoa, bestea gizonezkoa. Bere izate guztia.

izatedun

adj. Izatea duena. Ez ote dira ezer euskaldun guztiok menderik mende darabiltzagun fruitu, kolore eta triste?; izakiak dira, noski, izandunak edo izatedunak, eta izakiak ez ezik beste maila eta neurri bateko izakiak arnari, margo edo itun-en aldean.

izatekide

iz. Norbaitentzat edo zerbaitentzat, haren izate bera duen izakia. Aita, Semea eta Espiritu Santua izatekide dira.

izatekidetasun

iz. g.er. Izatekidea denaren nolakotasuna. Horra nola Jainko hiru lagunak ez diren hiru Jainko; izatekidetasun bera dute hirurek.

izatez

adb. Izaeraz; berez. Gizakia, bere izatez, gizartekoia da. Izatez eta gogoz europarrak gara. Ez bakarrik izenez, baina izatez. Ikazkinak ziren sortzez eta izatez.

izatezko

adj. Berezkoa. Bere baitan dituen izatezko joera gaiztoen aurka.

izeba

iz. Aitaren arreba edo amaren ahizpa; osabaren edo izebaren emaztea. (Pertsona jakin eta ezagun bat adierazten duenean, izen bereziek erabiltzen duten kasu marken sistema bera erabiltzen da gehienetan). Ik. izeko. Nire izeba Antonia zenari. Leonen izeba Isabel. Izebagana eraman ninduten.

izeba-iloba pl. Izeba eta iloba; izebak eta ilobak. Ordura arteko ama-alabak, orain, bat-batean, izeba-ilobak zirenak.

izeba zahar Aitonaren arreba edo amonaren ahizpa. Jon izeba zahar batzuekin bizi zen.

osaba-izeba pl. Osaba eta izeba; osabak eta izebak. Osaba-izebak agurtzera joan ginen.

izei

iz. Pinuaren familiako zuhaitz handia, zurtoina zuzena eta abarrak zeharretara dituena, berez, mendi goretan hazten dena (Abies sp., Pseudotsuga sp. eta Picea sp.). Izeia zuhaitz erretxinaduna da. Izeiaren zura zurgintzan eta eraikuntzan erabiltzen da. Izei oihana.

konkolor izei Izei mota, jatorriz Ipar Amerikako mendebaldekoa, 60 metro luze haz daitekeena (Abies concolor).

izeidi

iz. Izei basoa. Pagadi eta izeidi ederrak zeharkatuko ditugu gure ibilbidean.

izeki, izeki, izekitzen

1 da/du ad. Piztu. Ik. irazeki; isiotu. Inork ez du argi bat izeki eta ohe azpian estaltzen. Bidean zehar ezkutuko suteak izeki dituzte.

2 da/du ad. Irud. Halako laidoak Usoaren bihotzean gorrotoa izeki zuen.

3 (Era burutua izenondo gisa). Argi zuzi izekia. Maitasun izekia.

izeko

iz. Bizk. Izeba. (Pertsona jakin eta ezagun bat adierazten duenean, izen bereziek erabiltzen duten kasu marken sistema bera erabiltzen da gehienetan). Eladiren izeko Eustakik ikusi du. Ni joango naiz, izeko. Izekok ekarri du.

izeko-osaba pl. Bizk. Osaba-izebak.

izen

1 iz. Gauza bat aipatzen edo adierazten duen hitza; banako bat aipatzeko eta kidekoetatik bereizteko erabiltzen den hitza edo hitz multzoa. Ik. grazia 4. Gauza guztiek izena dute. Hori ez da leku baten izena. Izen entzutetsua. Jainkoaren izen santua. Alonso López da nire izena. Mister Stephenson du izena. Arnald Steiger-en izena aspaldi entzuna nuen. Izenez deitu (Ik. izenez). Izkribu baten azpian izena ezarri (Ik. izenpetu). Nazaret izena duen Galileako hirira. Nafarroako hiriburuaren izena. Izen bereko baserrian. Kale-izenak. Pertsona-izenak eta leku-izenak. Euskal izenak. Alferrandi, izenaren jabe zelarik, zen ere tabernazaletxoa.

2 iz. Pertsona bat izendatzen duen hitza, abizenari lotua doana eta familia bereko beste kideetatik bereizteko balio duena. Ik. ponte izen. Segundo izena hartu zuen. Izena eta izengoitia. Egunen batean alabaren bat badut, izen hori jarriko diot. Jack izen xarmagarria da nire iritziz.

3 iz. Izenburua. Argitaratu berri duen liburuaren izena. Euskaldunak zuen izena artikuluak.

4 iz. Omena, entzutea. Ik. izen handiko; izen on; izen txar. Bere izena, hil orduko, desegiten hasia da. Ikerlan horri noraezekoa deritzat Euskaltzaindiak izena eta itzala gordeko eta gehituko baldin baditu. Izen handirik ez dute, baina kirolari talde sendoa osatzen dute.

5 iz. Kategoria edo mota bateko izakiak edo gauzak adierazteko erabiltzen den hitza. Landare askoren izena daki. Eritasun horren izena guztiok dakigu. Ideia horiekin sortutako izenak bazter guztietara zabaldu dira, ideiak zabaldu ahala. Nondik datorkizu kristauaren izen hori? Egiazko lirika, izen horren duin dena alegia, da giza mintzoak menderatu duen gailurrik garaiena. Nekez izango da gaur filosofiarik, filosofiaren izena merezi duenik, jakintza oinarri sendorik gabe. || Gauza eta gauzaren izena.

6 (izan-ekin hitz jokoa eginez). Ik. izan3. Izena eta izana. Giristino izenarekin izana duzuenak. Kristaua izenez eta izatez.

7 iz. Hizkl. Izaki bati edo izaki mota bati, edo gauza edo ideia bati dagokion hitza. Izena eta aditza. Izen bizidunak eta bizigabeak. Erabilera bat du izenak mugatzailearekin doanean eta bestea mugatzailerik gabe doanean. Izenak, izenondoak eta izenlagunak. Izen sintagma. Aditz izena.

-en izenean Aipatzen denaren ordezkari gisa. Euskaltzaindiaren izenean hitz egin. Guztien izenean hitza hartuta. Haren izenean eskatzen dizut. Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Jainkoaren izenean.

izen-abizen pl. Pertsona baten izena eta lehen abizena edo izena eta lehen bi abizenak. Ik. izen-deitura. Hauek dira ezinbestean bidali beharreko datuak: egilearen izen-abizenak, helbidea eta herria, eta telefono zenbakia. Handik, izen-abizen berriekin, Rottleberodeko kontzentrazio esparrura deportatu zuten.

izena eman 1 dio ad. Izendatu, deitu. Gauza guztiak aurrean ipini zizkion, nori bere izena emateko. Bernabe izena eman zioten. Ardoaren izena ematen dioten pozoikeria batzuetarik edan eta edan. Fenomeno honi "herri etimologia" izena eman zaio.

2 Egiteko jakin baterako, zerrenda batean norberaren izena idatzi edo idatzarazi. Armadan izena eman beharko du. Taxi erregistroan izena emanda zaude. Antolatzaileek ez diote Vilariñori izena ematen utzi. Izena ematen dutenei ekainaren 10a aurretik jakinaraziko zaie onartuak izan diren ala ez.

izena izan Ik. deitu 2. Nola du haur honek izena?, Xabier du izena. Senarrak Iñaki du izena. Sebastian du izena, ez dakit abizena. Hemendik aurrera Joan izango duzu izena.

izen arrunt Mota bereko izaki edo gauza guztiak, edo horietako bakoitza, izendatzeko erabiltzen den izena. Izen arruntak eta bereziak. Gutxi dira artikulua duten herri izenak, baina badutelarik, izen arruntak bezala deklinatzen dira.

izen berezi Izaki edo gauza jakin bat izendatzeko erabiltzen den izena, letra larriz idazten dena eta gehienetan mugatzailerik onartzen ez duena. Elkarte, enpresa eta abarren izen bereziak. Izen berezi batek gizabanako bat adierazten duen bezala. Izen berezietatik sortutako aditzak ditu hizpide alemaniar filologoak.

izen-deitura pl. Pertsona baten izena eta lehen abizena edo izena eta lehen bi abizenak. Ik. izen-abizen. Baserriaren sarrerako atearen gainean, marmol grisezko harrian, jabearen izen-deiturak, eraikitze urtea eta, zenbaitetan, otoitz baten zatiak.

izeneko 1 (Artikulurik edo kasu markarik gabeko izen arrunt baten eskuinean). Ustekoa; adierazten den izena ematen zaiona. Adiskide izeneko haren eskutitza. Hemengo negu izeneko honetan. Historialari izeneko engainatzaile haiek.

2 (Izen berezi baten eskuinean). Izena duena. Torralba izeneko artzain batek. Oihenart izeneko familiak bat baino gehiago ziren. Ana Mari izeneko neskato bat. Murumendi izeneko itsasontzia.

3 (Liburu eta kidekoen izen baten eskuinean). Izenburua duena. Gure txoriak izeneko liburua. Idatzi horiek Inkisizioa izeneko liburuan bildu dituzte.

izen emate, izen-emate Egiteko jakin baterako, zerrenda batean norberaren izena idaztea edo idatzaraztea. Lasterketa egunean egun horretako probarako izen-emateak bakarrik onartuko dira. Izen emate orria. Bihar amaituko da izen-emate epea.

izenez 1 adb. Ez dira izenez baizen giristino. Lucy-ren erosleetako askok izenez ezagutzen dute.

2 adb. (Izen sintagma baten aposizioan doan izen berezi baten eskuinean edo ezkerrean). Zelatari edo espioi bat, izenez Erbia. Kubatar hau, Sergio izenez, Siberian duten zientifikoen hirira etorri zen ikastera.

izen handiko adj. Omen handikoa, ospetsua. Izen handiko sendagilea. Izen handiko jatetxea. Izen handiko familia bateko kidea.

izen on Ospe ona. Haren izen ona zikindu. Hain maite dugun izen ona. Nahiago izan dut gutxiago izanik izen onari eustea, izen ona galduz aberastasunak izatea baino.

izen propio Izen berezia; ponte izena. Izen propio batekin osatutako izenak (adibidez, Errezil sagarra).

izen txar Ospe txarra. Ekologistek, lehen sugegorriek bezala, oso izen txarra izan ohi dute zenbait lekutan. Mandatuz idatzitako lanek izen txarra izaten dute literaturazaleen artean. Beldurrik gabe igarotzen ziren izen txarreko kaleetatik.

izenburu

iz. Liburu, idazlan edo kideko bati hasieran edo buruan ezartzen zaion izena, gehienetan, nolabait, haren gaiaren berri ematen duena. Olerkiak izenburuaz argitaratu zuen liburutxo bat. Artikuluari izenburua aldatzeko.

izendaezin

adj. Ezin izendatuzkoa. Testu klasikoetan legena bezala, horrelakoxeak dira gaitzak iritzi publikoarentzat: izendaezinak, ezkutatu beharrekoak.

izendapen

iz. Izendatzea. Herrien borondateak egin ohi du bere buruzagien izendapena. Euskaltzaindiaren mandatua eta izendapena du horretarako. Izendapen zerrenda.

izendatu, izenda, izendatzen

1 du ad. Norbait kargu edo egiteko baterako, horretarako eskua duenak hautatu. Euskaltzaindiak horretarako izendatu nauelako. Euskaltzainburu izendatu zutenean. Batzorde bat izendatu: batzordeko kideak izendatu.

2 du ad. Izenez aipatu edo adierazi. Ez dugu izendatuko nor den. Erruduna izendatu gabe. Idazle horien artean bat bakarrik izendatuko dut, Mrs. P. Pollard. Izendatzea ere merezi ez duten koplari apalak. Hitza usatu beharrean, aipatu edo izendatu besterik egiten ez dugunean. Biltzarraren buruak izendatuko du goraki hautatua izan dena.

3 du ad. Gauza bat edo garai bat erabilera jakin baterako edo pertsona jakin batentzat bereizi. Ik. gorde 6; bereizi 4. Apirilaren hogeita batgarrena izendatu zuten Erromatik irteteko. Egunero denbora jakin bat izendatuz, otoitz egiteko. Sari bat izendatu zen, ipuin gehien ekartzen zituenarentzat.

4 du ad. Halako izena eman. Ik. deitu 2. Euskaldunok "euli" izendatzen dugun intsektua. Frantsesez "ensemble" deitzen dutena izendatzeko "multzo" erabiliko dut.

5 du ad. Norbaiti edo zerbaiti zer dagokion adierazi; zerbait norbaiti dagokiola adierazi. Ik. esleitu 2. Langileen soldataren neurria izendatzeko. Jainkoak izendatu zion mendirantz abiatu zen. Izendatu zaizun bizimodurako behar duzuna. Leku berezi bat zeukan izendaturik. Gure erlijioak gizonari eta gizarteari izendatzen dizkion zeregin eta helburuak. Izadiak xede jakin bat izendatzen dio izaki bakoitzari.

6 du ad. Zerbait, aipatzen dena dela, jendaurrean adierazi. Gasteizko Mendiak natur parke izendatzeko egitasmoa prest du Udalak. Debako Udalak herria hondamen eremu izendatzeko eskatuko du. San Frantzisko komentua egon zen orubea Ondare Kultural izendatzeko eskaera.

7 (Era burutua izenondo gisa). Egun izendatua.

izendatuki

adb. Berariaz izendatuz edo aipatuz. Ik. esanbidez. Eusko Ikaskuntza, herri elkarte izan zen hura, ez zuen inork debekatu, izendatuki bederen.

izendatzaile

1 adj./iz. Izendatzen duena. Eliza dugu soilki, zuzen den bezala, apezpikuen izendatzaile.

2 iz. Mat. Zatikietan marraren azpian idazten den zenbakia. Izendatzaile komuna kalkulatu.

izendatze

iz. izendatu aditzari dagokion ekintza. Izendatze berriak egiteko.

izendegi

1 iz. Pertsona-izenak edo toki izenak biltzen dituen zerrenda. Euskal izendegia: euskal pertsona-izenak biltzen dituena. Euskal Herriko udalen izendegia. Arabako herri eta hirien izendegia. XX. mendeko euskal idazleen izendegia.

2 iz. Alor jakin batean erabiltzen diren izen edo hitzen zerrenda sailkatua. Merkataritza izendegia.

izendun

adj. Izena duena. Hitzaurrea izenduna dugu, San Martin eibartar idazlearena.

izengabe

1 adj. Izenik ez duena. Behor zahar otzan eta izengabea geldi-geldi egon zen.

2 adj. Anonimoa.

3 adj. Erabat gaitzesgarria. Isiltasunean irentsi ditu egungo egunean erlijioari buruz egiten dituzten jazarpen izengabeak.

izengabeko adj. Izengabea. Entzute handiko eta izengabeko gudariak. || Izengabeko ankerkeria egin zion.

izengoiti

iz. Norbait izendatzeko ponte- eta familia-izenen ordez erabiltzen den izena. Ik. ezizen; gaitzizen; goitizen. Goienetxeko Beñat du izena, izengoitia Matalas. Juda Kanaandarra, izengoitiz Zelote. Bere buruari ezarri dion izengoitia. Lewis Carroll izengoitiaren azpian. Ongi merezi baitzuen izengoititzat "buru-ebakitzailea". || Napoleonen eskutik etorri bide zen Europak ezagutu duen Unibertsitate klasikoa: haren deitura darama bederen izengoitiz.

izenki

iz. Hizkl. Hitzez mintzatuz, izenaren ezaugarriak dituena edo izenak har ditzakeen atzizki eta osagarriak har ditzakeena. Zenbatzaile zehaztugabeak bakar-bakarrik nahiz izen edo izenki baten ezker edo eskuinean ager daitezke. Izenkia ez denez, adberbioak ez ditu hari dagozkion determinatzaileak onartzen.

izenkide

adj./iz. Izen bera duena. Ik. homonimo. Nire izenkidea: nire izen bera duena. Izenkideak dira. Ene santu izenkideari. Hiri izenkideak.

izenkidetasun

iz. Izenkidea denaren nolakotasuna.

izenlagun

iz. Hizkl. Euskal gramatikan, berez, izenaren ezkerrean ezartzen den adjektiboa, -ko edo -en kasu marken, edo -tar eratortze atzizkiaren bidez sortzen dena. "Berebiziko" izenlaguna da. "Frantses", "paristar" eta kidekoak izenlagun dira euskaraz. Izenlagunak izenaren eskuinean ere joan daitezke; baina izenondoa ezin ezar daiteke izenaren ezkerrean.

izenondo

iz. Hizkl. Euskal gramatikan, izenaren eskuinean ezartzen den adjektiboa. "Handi", "alfer" izenondoak dira. Izenlagunak izenaren atzean ere joan daitezke; baina izenondoa ezin ezar daiteke izenaren aurrean.

izenordain

iz. Hizkl. Gauza bat bere izena esan gabe aipatzeko erabiltzen den hitza, mugatzailerik onartzen ez duena. Pertsona izenordainak. "Gu" lehen pertsona pluraleko izenordaina da. Galdetzaileak izenordain zehaztugabeak dira. Izenordain funtzioan ari den erakuslea.

izenorde

1 iz. Norbaitek, idazlanak izenpetzean, bere egiazko izena ezkutatzeko erabiltzen duen izena. Voltairek izenordearekin argitaratu zuen Candide. Idazlanak izenorde bat erabiliaz bidali behar dira sariketa hartara.

2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, izenorde-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori 'izenordaina' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. izenordain].

izenpe

iz. Sinadura. Ezin irakurrizko izenpea. Idazkiak lehendakariaren beraren eskuzko izenpea darama. Izenpe gabeko eskutitz bat.

izenpearazi, izenpearaz, izenpearazten

du ad. Izenpetzera behartu. Mehatxuz izenpearazi ziotela eskutitza.

izenpetu, izenpe/izenpetu, izenpetzen

du ad. Sinatu. Eskutitz bat, hitzarmen bat izenpetu. Guk ere izenpetuko genuke haien agiria.

izenpetzaile

iz. Izenpetzen duen pertsona. Agiriaren izenpetzaileak.

izenpetze

1 iz. Sinatzea. Herriko Etxe guztietan izenpetze eguna antolatuko dute ekainean.

2 iz. Izenpea, sinadura. Alderdi honek 46.000 izenpetze bildu nahi ditu herri galdeketa egiteko. 10.000 izenpetze aurkeztu zituen Legebiltzarrean diputatu komunistak.

izerbera

adj. Izerdikorra.

izerdi

1 iz. Gorputzak jariatzen duen isurkari gazi eta usaintsua, beroaren, lanaren edo sukarraren eraginez larruazalean tantak eratuz agertzen dena. Izerdi tantak. Izerdi larria eta gorputz dardara. Izerdiz beterik. Izerdia eskuaz xukatuz. Izerdi usaina. Bekokia herio izerdi izoztuz bustia. || Odolezko izerdia.

2 iz. Lana, nekea, ahalegin handia. Neke, lan eta izerdiak. Izerdiz irabazia. Uste genuen hura guztia herriaren izerdiarekin eraikia zela.

3 iz. Landareek sustraien bidez lurretik ateratzen duten isurkaria, gatz mineralak eta gai organikoak dauzkana, zurtoinean eta adar-abarretan zehar gorantz eta beherantz dabilena. Udaberrian eguzkiak eta euriak jotzen dutenean, zuhaitz barruan izerdi berri bat sortzen da.

4 iz. Hormetan eta kidekoetan, bereziki kondentsatzearen ondorioz, agertzen diren tantak. Paretako izerdia.

izerdi bitsetan, izerdi-bitsetan adb. Bizk. Izerdi patsetan.

izerdi guruin, izerdi-guruin Larruazal azpiko guruina, izerdia jariatzen duena.

izerdi hotz Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Odolezko izerdi hotza.

izerdi lapetan, izerdi-lapetan adb. Lap. eta Naf. Izerdi patsetan.

izerdi lika, izerdi-lika Izerdi likatsua. Han dira zinak eta minak, han kexak eta izerdi likak. Izerdi likak eta odola darizkio.

izerdi patsetan, izerdi-patsetan adb. Izerdi asko dariola. Arnasestuka eta izerdi patsetan.

izerditan adb. Izerdia dariola, larruazalean izerdia duela. Izerditan da, dago. Izerditan esnatu nintzen. Izerditan blai. || Sabaia hezetasunez izerditan zegoen.

izerdi uharretan, izerdi-uharretan adb. Ipar. Izerdi patsetan.

izerdi zapi, izerdi-zapi 1 Hilotzen aurpegian jartzen den zapia. Ik. izerkari; krobitxet. Aurpegia izerdi-zapi batekin estali zioten hilotzari.

2 Hil oihala. Ik. izerkari.

izerdialdi

iz. Izerditzea; izerditan ematen den denbora. Han hartzen dituen neke eta izerdialdi handiak.

izerdiarazi, izerdiaraz, izerdiarazten

du ad. Izerditzera behartu. Marranta sendatzeko on da gorputza izerdiaraztea. Oi, zer urriki minak ez nau erdiratu behar ni, nire Jainkoa odolez izerdiarazi dudana!

izerdikor

adj. Izerditzeko joera duena, erraz izerditzen dena. Ik. izerbera.

izerditsu

1 adj. Izerditan blai dagoena. Lo dagoenaren bular izerditsura. || Landare izerditsua: izerdi asko duena.

2 (Adizlagun gisa). Han egoten dira baserritarrak karobi aurrean, gorri-gorri, izerditsu, lukainkari bezala koipea dariela.

izerditu, izerdi/izerditu, izerditzen

1 da ad. Izerdia isuri, izerditan egon. Izerditu nintzen aldapa hartan. Izerditu ondoren, ez da jarri behar honelako haizeetan. Izerditzea ona da osasunerako. Aberea izerditzen denean estali behar da. || Odolez izerditurik.

2 da ad. Landareez mintzatuz, izerdiz bete. Mahats aihena laster izerdituko da.

3 da ad. (Paretak eta kidekoak) kondentsatzearen ondorioz busti. Hego haizearekin harriak eta paretak izerditzen dira.

izerkari

iz. Izerdi zapia. Aurpegia izerkari batez estalita ehortzi zuten. Izara eta izerkaria.

izi

iz./adj. Ipar. eta Naf. Izua.

izialdura

iz. Ipar. Izua.

izigarriko

adj. Ipar. Izugarrizkoa. Borroka izigarrikoan.

izipera

adj. Ipar. Izutia. Erbi izipera.

izkilu iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, izkilu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iskilu].

izkina

1 iz. Bazterra. Lurraren lau izkinetan.

2 iz. Kantoia. Karrika-izkina batean.

izkira

iz. Itsas oskoldun txikia, itxuraz otarrainxkaren antzekoa eta jateko ona dena (Subord. Natantia). Izkirak harrapatzera joan. Izkira-sarea.

izkiriatu, izkiria, izkiriatzen

du ad. Ipar. Idatzi. Eskuz izkiriatu.

izkiriatzaile

iz. Ipar. Idazlea; idatzi baten egilea. Elizako izkiriatzaile jakintsuen arabera.

izkirimiri

iz. Denbora-pasa kontatzen diren ipuintxo edo gertaerak, batez ere barre eragitekoak. Ipuin eta izkirimiri barregarriak.

izkirio

iz. Ipar. g.er. Izkribua.

izkribu

iz. Idazkia, idazlana. Ik. eskuizkribu. Liburuxka honetan agertzen dira, adiskideren eskuz bilduak, urteen buruan argitaratu ditudan zenbait izkribu. Antzinako izkribuetan. Izkribu Santuak (Ik. Biblia).

izkribuz adb. Idatziz. Hitzez nahiz izkribuz. Horko idazleek ez lukete baztertu behar izkribuz, ahoz egiten ez duten bereizkuntza.

izkribuzko adj. Hizkuntza guztiak aldatzen dira eta ez dira berez aldatzen; hiztunek (eta izkribuzkoaz ari bagara, idazleek) aldatzen dituzte.

izkutu adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, izkutu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ezkutu1].

izokin

iz. Itsas arrain teleosteoa, mamia edo haragia arrosa duena eta arrautzak erruteko ibaietan gora igotzen dena, sukaldaritzan oso aintzat hartua (Salmo sp.). Urumeako izokinak. Libra bat izokin.

izorra

1 adj. Zah. Haurdun dagoena. Emazte izorra.

2 (Adizlagun gisa). Zah. Haurdun. Izorra gelditu, gertatu. Maria, haren ama, ezkondua zela Josefekin, aurkitu zen izorra.

3 (Izen gisa). Zah. Haurdunaldia. Bere izorraren seigarren hilabetean da.

izorra egon Zah. Haurdun izan. Bereziki ikaratuko zuen ni izorra nengoela jakiteak.

izorra handi pred. Zah. Haurdunaldian aurreratua. Izorra handi da.

izorra izan Zah. Haurdun izan. Ik. izorratu. Izorra omen zara, ene arreba Joana. Elisabet izorra zen Joan bataiatzaileaz. Birjina bat izorra izango da, eta seme batez erdiko da.

izorratu, izorra/izorratu, izorratzen

1 da ad. Zah. Haurdun gertatu. Birjina izorratuko da eta erdiko seme batez. Haizez izorra zedina putzez erdi zedin (esr. zah.).

2 da/du ad. Arrunk. Gogaitarazi; kalte egin, hondatu. Bi aldetara behiak saltoka joan dira, bapo izorratu du horrexek jendea. Andreak ez nau erruki, izorratu nau ederki. Oraingoan, ondo izorratu naiz. Urdailetik zeharo izorratua nabil. Droga eta abar, izorratu dute gizajoa. Izozkailua izorraturik dago.

izorratzaile

iz. Arrunk. Gogaitarazten duen pertsona; kalte egiten, zerbait hondatzen duen pertsona. Hauta itzazu lagunak izorratzaile handienen artetik, haiek lagun dituzula ez baita izango izorratuko zaituen amaren umerik.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper